Egileak: John Andueza eta Asel Luzarraga
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2.024
Orrialde kopurua: 177
*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.
Aia Azken Portun bizi izan da beti. Mon ihesi joan zen aspaldi, baina orain, hamar urte pasatu eta gero, herrira bueltatu da. Asko dute elkarri kontatzeko eta, oraingoz aurrez aurre ikusi ez arren, gutunak trukatzeari ekin diote. Iraultza, irakurketak, anarkia, adiskidetasuna, teknokrazia, maitasuna, borroka, artea, gizon-emakumeak, ametsak, bizitza Era askotako gaiak agertuko dira joan-etorriko gutunotan, eta horrekin batera beren historia berreraikitzen saiatuko dira: urrundu zituen gertakaria, haren inguruko misterioa, baita ezkutuan mantendu dituzten beste hainbat kontu ere.
Bakarka literatura ibilbide sendoko idazle bi elkartu dira lau eskutara ondutako nobela bat idazteko: eskutitz bidezko eleberri bat, arin eta atseginez irakurtzen dena, baina gai sakonak planteatu eta zer pentsatua ematen duena. On degizula!
Eleberri hau ez zen nire planetan sartzen. John Andueza ezagutzea ere ez. Baina gazte literaturaren etiketa daroan bilduma batek elkartu gintuen 2019an Durangoko Azokan, Elkarren standean eta, harrezkero, nork esango zigun bide paralelo haiek elkargune literarioa aurkituko zutela handik urte batzuetara. Lehenago, argi geratu zitzaigun bioi puntu batzuetan ez ginela elkarrengandik oso urrun. Hasteko, berehala ikusi genuen nahiko pirata garela biok.
Azken urteotan, ohikoak bihurtu dira bion artean bizitzari, futbolari eta literaturaren inguruko kontuei buruzko solasaldiak. Batez ere, audio trukeak. Baita telefonoan emandako solasaldi luzeeeeeak ere bai tarteka. Eta ardotxo bat edo beste ere hartu dugu elkarrekin. Halakoetan Marian ere izan dugu ezinbesteko lagun. Baina, 2023ko apiril aldera, Johnen proposamena jaso nuenean, aitortu behar dut guztiz ezustean harrapatu ninduela. Nire baiezkoa, ordea, automatikoa izan zen ia. Ideia bat zeukan berak nobela baterako, eta otu zitzaion, esku bitan barik, lau eskutan idazteak arnas luzeagoa emango ziola, egiazkoagoa izango zela emaitza. Aitortu zidanez, besteak beste, bion editore izandako Antxiñe Mendizabalen hitzek ere xaxatu zuten noranzko horretan. Izan ere, behinola Antxiñek holako zerbait esana ei zion: ezin imajina dezaket Asel eta zu baino idazle desberdinagorik. Geuk ere argi izan genuen gure solasaldietan hasieratik: literatura bizitzeko modu bana, estilo bana, xede oso desberdinak… Eta, hala ere, elkarrenganako estimu eta errespetu handia beti. Jolasteko gogoz zegoen John, beraz; oso berea duen ezaugarria. Eta horretan ere ez gara hain desberdinak. Erronka, esan legez, atoan onartu nion. Pizgarria zen, jostagarria, abentura txiki bat nire ohiko bide-orritik apur bat ateratzeko.
Ideia Johnena zen, eta bera aritu zen gai-jartzaile ere. Abiapuntu bat zeukan, hezurdura bat, nolabait esateko. Pertsonaia nagusi bi, Aia eta Mon, eta, hamar urte elkar ikusi barik eman ostean, eskutitzez berreraikiko zen harreman bat. Herri baten izena ere bazeukan: Azken Portu. Hortik aurrera, askatasuna biontzat, bakoitzak bere estilotik, bere arnas literariotik eraiki genezan zegokiguna. Filosofia zuretzat!, ireki zidan kantxa eskuzabal.
Hortik aurrera, denbora errealean hasieran, Aiak eta Monek elkarri eskutitzak idazteari ekin zioten. Truke horretan erritual jatorra ere sortu zen bion artean. Pertsonaiek (eta idazleok) hari ezkutuak gordetzen zizkioten elkarri. Misterioak, egia erdiak, oroitzapenen itzalak, beldurrak, txarto ulertuak… Pixkanaka miraria gertatu zen: uda tarteko eta pertsonaiak geure bizi erritmoetan sartuta, hil bakan batzuen buruan nobela bat geneukan amaitzeko zorian.
Azken lanak, istorioa amaitu eta borobildu aurretik, ordura arte egindakoari batasuna emateko izan ziren. Aberastu, kontraesanak saihestu…
Bidean, iritziak ere eskatu genituen, eta funtsezkoa izan zen hor Garazi Albizuaren begirakune zorrotza. Potrodun bik idatzitako istorioari ez zioten kalterik egin obariodun baten iruzkinek, ez horixe. Idazleoi geuri ere ez.
Kontuz Azken Portura hurbiltzen bazara, beharbada, korronteek eta olatuek ez zaituzte eroango espero duzun hondartzara.
Irakurtzeko zatia
Zurrumurruek egiatik zerbait izan ohi dute
Egiak, ordea, txataletan banatzeko ohitura kabroia du
2023-4-17
Aupa, Aia.
Hau agur baldarra.
Zelan hasi inoiz amaitu ez zena? Nondik eta nola ekin zer lur zapaltzen dudan oraindik ez dakidanean?
Itsasokoak gara, baina lehorra izan dut luzaroan oinen azpian, asfalto zantarra, eta nire oinatzetara moldatzen den hondarrera ohitu beharrean nabil berriro. Nire metaforak, ikusten dut zure bekozkoa, igarkizunekin hasi ote naizen. Kontua da ez dakidala erroak berriro egiteko behar bezain gertu nagoen, eta momentuz amamak irakatsi zidan apurrari heldu diot. Patatek eta tomateek egingo dituzte sustraiak nik baino arinago, eta bidea erakutsiko didate, beharbada. Hala baita, berak utzitako Ondarrene baserriak hartu nau, behar ditudan patxadak eta isiltasunak nire itzulerako lehen urratsetan lagundu nazaten. Zorionez, inor gutxi jaisten da honaino, eta gera dadila bazter bakarti hau ibilbide jendetsuetatik kanpo betiko!
Zelan jarri berba sinesgarritan kolkoan daroadana? Hamar urte ez ziren alferrik joango zuretzat herrian. Ezustekoa izan da oraindik hemen bizi zarena jakitea. Hiri handiago batean imajinatzen zintudan, gure hiribururen batean, uste bainuen txikiegia izango zela gure herri bitxi hau zugan nabaritzen nuen munduarentzat.
Zure berbetan sentitzen dut barkamena eskatu behar dizudala, nolabait. Horrela behar du, baina horrek ez luke berehala eraitsiko urteok bion munduen artean eraiki duten harresia. Ez dakit harresi hori eraisteko prest nagoen ere. Ez dakit komeni den. Ez dakit zuri on egingo dizun. Ez dakit zeu ere prest ote zauden, zinez.
Ahaleginak ahalegin, munduak guri itxaron gabe jarraitu du aurrera, argi ikusi dut gure kaleetan, uste baino gutxiago aldatu badira ere; baina konturatu naiz, elkarren berri izateko, diktadura digitalari ziria sartzeko bezain zuhurra izan zarela. Seguruenik neu aldatu naiz Azken Portu baino gehiago. Dena dela, itzal baten moduan ibili naiz herrira ausartu naizen bakanetan, zaborrak biltzen dituzten kamioiek ere ametsetan diharduten orduetan.
Mon, aspaldi ez zidaten horrela esaten. Gustatu zait, Ramon baino gehiago. Beharbada, Mon da hona itzuli dena eta Ramon lur urrunetan betiko geratu dena. Baina beldur naiz Mon honek zerikusi gutxi ote duen agur esan barik alde egin zuen hamazortzi urteko gazte izutu harekin. Izu denak ezabatu ez badira ere.
Gardenegia nintzela leporatu ohi zidaten gure lagunek. Zuk ondo jakin zenuen ez dudala nitaz horrenbeste erakusten. Ez dakit denok ez ote ginen uste baino opakuagoak elkarrentzat. Mamu bihurtuta banabil, ordea, ez da lehen baino gardenagoa naizelako.
Ez naiz herrira sarri joaten, eta azkar ibiltzen naiz agertzen naizenetan. Ez nago gertu jendearen galdera guztiei erantzuteko. Ez nago mentalizatuta zer kontatu behar dizudan erabakitzeko. Bueltatu izana damutuko ote zaidan, horra nire azken portuko azken beldurra. Zu ikusteko beldurra. Zuk ikus nazazun…
Ez dut ahaztu zure jolas proposamena, baina, izan zaitezke orain nire orduko kalakak irribarrez entzuten zenituen hura?
Ba ote naiz ni nire ideiekin besteak liluratzea espero zuen hura?
Besteak liluratzea berehala damutzen zitzaion nerabea?
Beti izan zara gutako eskuzabalena, eta hala ere…
Besarkada, edo nahiago baduzu musua, eskutitza zelan amaitu ez dakien ezjakin honen partez.
Mon
Postdata:
Erantzuna dakarzunean, kanpoan arrautzak eta tipulak dituen poltsa bat ikusten baduzu, hartu zuretzat. Hori da momentuz naturari atera diodana –meritu gutxirekin, bestalde, Kerman anaiak zaindu baitu soroa apur bat amama hil zenetik–, eta korrokoi aluren bat edo beste.