Puta jainkotiarrak

Egilea: Asel Luzarraga

Argitaletxea: Txalaparta

Urtea: 2.026

Orrialde kopurua: 308

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Agus hil da eta Lore lehengusinak jaso ditu haren ondasun apurrak: Lorek eta osaba Jacintok trukatzen zituzten gutunak, Agusen bidaia-egunerokoa eta Feo izeneko txakur bat. 

Gutunek iraganeko mamuak harrotuko dituzte Lorerengan. Egunerokoekin, berriz, Agusek Askayalara egindako bidaiaren kronika bilduko du, eta haren begietatik ezagutu behinola jaioterri izan zuen herriaren forma berria: ohiturak, tribuak, herrixkak eta hiriak, antolamendu eta pentsamendu berriak…

Esan gabe doa lanarekin hasi, eta Zortzigarren hiria liburuarekin segida izan zuen trilogiaren azken alea dugu hau. Puta jainkotiarrak liburuan, lehenengo lanaren protagonisten berri izango dugu, bertako gertakizunetatik urte batzuk iragan direnean, kasualitatez, edo kausalitatez, batzuekin berriz topo egingo baitu.


Ia hamazazpi geroago, amaitu da nire abentura literariorik garrantzitsuena. Bai burua luzeen bete didana, behintzat, azkenean nire liburu guztiek istorio oso luzea osatu arren, oraindik amaitu ez dena, nire buru barruan baino.

2009an hasi zen bide hau, Temukon, lehenago Esan gabe doa eleberriaren fitxan kontatu dudanez. Orduan zirriborratu nituen hiru aleko ideia hartan, hirugarren hau, azkena, geratu zen zabalen. Orduan, asmo nagusia iraultza bati lotutako istorio bat hiru ataletan kontatzea zen, atzera-aurrera, Asier Serranok hasita zuen trilogiak bultzatuta. Oso lausoa zen dena garai hartan: eleberri haietako baten hasiera lehen unetik izan nuen idatzita, pasarte hura nora joango zen oso ondo jakin barik, eta pertsonaiaren bat edo beste etorri zitzaidan burura hariak denboran lotzeko. Askoz gehiago ez. Beste lan bat neukan une hartan esku artean, luzaroan etenda geratuko zen Bioklik, eta gero, bilatu ez nuen mataza nire inguruan korapilatu zenean, beste bat liburu etorri zen ate joka, derrigorrez, Gezurra odoletan. Baina ideia hark erro sakonak bota eta, hurrengo urteetan ez zidan bakerik emango, hazi eta hazi, pasarte solteak, ideiak elkarrekin talkan… Estatua eta merkatua, gobernua, hierarkia, dirua… atzean utzi dituen lurralde bat jarri behar nuen mugimenduan, bizi. Doktrina barik, eskulibururik gabe, sena. irudimena eta esperimentazio gogoa iparrorratz bakarrak. Hala, arazo praktikoak agertzen zitzaidan edozein egoeratan, Buenos Airesen emandako urteetan batez ere. Zelan moldatuko lirateke egoera honi aterabidea aurkitzeko komunitate aske batean? Zelan egingo liokete aurre arazo honi, beste horri, beharrizan hari…? Zer erakunde sortuko lirateke bide horretan? Zer erakunde betiko desagertu? Esperimentazio etengabean oinarritutako lurralde zabal batean, zerk emango lieke gutxieneko koherentzia bat federazioa osatzen duten komunitateen erabaki autonomoei? Eta, bidean, pasarteak, txinpartak, inspirazioa esaten dioten hori; adreiluak, zer etxe eraiki behar zuten oso argi izan barik. Obsesio txiki bat.

Bitartean, bestelako istorioak etortzen ziren: Bahiketa, Inoren munduan, Malthusen ezinegona, Iraultza eta Zigorren abenturak… Eta, bilbe gero eta potoloago hartan, iritsi zen Esan gabe doa eta Zortzigarren hiria nobelen ordua ere. Ordurako, gauza gutxi neuzkan argi hirugarren aleari begira: lehen nobelako Agus izango zuela protagonista nagusietako bat eta haren egunkariak gidatuko zuela istorioa, Lore eta Jacintoren arteko eskutitzak agertuko zirela, eta Agus, lehen istorioan kontatzen zenez Filosofiako ikaslea izanda (hamabi urte geroago irakaslea), haren sasi-saiakera filosofiko bat ere agertuko zela. Eskutitz batzuk idatzita neuzkan Esan gabe doa amaitu nuenerako, lehen liburuko bazterretik lehen planora igaroko zen Agusen izaera oso argi, eta sasi-saiakera filosofikoa ere eginda, azken zertzeladen zain. Filosofiaren zerumuga beti urruntzen baita hurbildu ahala. Agusen egunkaria falta nuen, eta pertsonaiari utziko nion nire urratsak gidatzen. Bitartean, audioak eta audioak pilatzen zitzaizkidan Bermeo eta Mundakaren arteko osteratxoetan, Askayalarako ideiak gehien bat.

Behin hasita, esan behar dut, Simun Palsuren ahotsak gidatuta, betiko moduan, berez eta erraz aurkitu zuela bere lekua Lorek, baita eskutitzek ere, eta Agusek lautu zidala bidea, berak dakien estiloan, gauza handirik egingo ez balu legez. Edo zekien estiloan, istorioaren hasieratik jakingo baitugu Agus hilda dagoela eta nobelak eskaintzen diguna haren motxilan agertutako paperetan aurkitutakoa dela. Agusek berak mailegatu zidan bere ahotsa, eta harrezkero ez nuen askatu. Berak gidatu ninduen Zortzigarren hiria eleberriarekin ezusteko lotura emango zidan herrira. Berak sartu zuen bere abenturan nire iraganeko pertsona maitaturen bat edo beste. Berak ezagutarazi zidan lurralde bizi zabal bat. Askayalak asmatu zuen bere burua, eta Agus izan zen nire begiak, belarriak eta eskuak.

Eta azala. Oso garrantzitsua baita azala Askayalan, irakurleak berehala egiaztatuko duenez.

Iban, Maite eta Ainhoari ere dezente sor diet. Idazteko orduan, zein bizitzan. Garrantzitsuak zer diren laztanak. Batez ere, iparrorratza behar den noranzkoan begira jartzen asmatuz gero.

Eta nire eguneroko Askayala diren pertsonei buruz zer esan. Lurralde askeak norberarengan hasten dira eraikitzen, baina inoiz ez bakarka.

Utopiak idazteko garaia dela diote batzuek. Inork hori esan aurretik hasi ginen batzuk bide hori jorratzen, inori baimenik ez iritzirik eskatu barik. Baina, beharbada, benetako utopiak kontrako eztarritik joango zaizkio baten bati. Zuri ez, hala espero dut!


Irakurtzeko zatia

Bai modu bitxia bidaiari ekiteko. Benetan iritsi zara Askayalara Costa Alegretik irten barik? Hala esan dizute, bost hilabete direla Villa Loros federazioari batu zitzaiola. Beste hiru kilometro egin ditu (A) herrialdeak mendebaldera. Baina bitxiena zuri begira daukazu. Horrela jarraitzen badu, izena ere jarri beharko diozu. Momentuz, lehen eguna izateko, aski duzu izen batekin. Leonie. Alemana bera. Egia da entzun duzuna, anarko-turistak ere badira munduan, eta Askayala da haien Meka. Lehen Chiapas eta Rojava izan ziren legez. Hau, ordea, zure Meka da.

Has gaitezen hasi behar den unetik.

Atzo Cayo Blancoko terminalean jakin zenuen autobus-linea Villa Lorosen amaitzen dela orain. Esan dizutenez, herri hori ez da oraindik muga argia, hanka bat du kapitalaren lurraldean, bestea askatasunaren erresuman. Sei ordu izan dira, eta bidean utzi ditu autobusak bidaiari gehienak, ogi apurren moduan, Hansel eta Greteli itzulerako bidea markatzeko, abentura damutuko balitzaie ere. Hansel ei zara zu, Gretel azken ordu erdian batu zaizun aleman neska irribarretsua. Bera ohartu da zu baino lehenago ibilbidearen bururaino iritsiko zareten bidaiari bakarrak zaretela. Txoferra, noski, ez baita bidaiaria. Agurtzerakoan esan dizunez, hutsik itzuliko da Rio Secoraino, orain zibilizazioaren hasiera markatzen duen herrixkaraino. Oso gutxitan eroaten dut bueltan honaino iritsi den inor. Sinetsi egin diozu, zergatik ez. Egunen batean neu ere ez naiz bueltatuko. Hori ere sinetsi diozu. Zergatik ez gaur? Ez diozu galdera egin, ordea. Zuk ez duzu inor inora bultzatu gura. Aski duzu zure gorputza bultzatzearekin.

Bere izena esan dizu alemanak. Leonie nauzu. Badirudi abentura berean goazela. Egon zara inoiz beste aldean? Zalantza egin duzu, eskua hartu, musu eman, irribarre egin… eta, azkenean, nahastuta, muin egin dio eskuan zure irribarre aztoratuak. Bai keinu zaharkitua, pentsatuko zuen. Zer dakizu zuk zer darabilen Leoniek buruan. Gustatu zaizu haren konpainia. Zure adina kalkulatu diozu. Ilea txirikorda luze batean daroa, El Cerritoko astearteetako azoketan saltzen dituzten saskien kolorekoa. Ondo egiten du berba gazteleraz; alemana izateko. Ez zara inoiz Alemanian egon, baina imajinatzen duzu Berlinen ez direla horrela mintzatzen. Penintsulako gaztelera, esango zenuke, han ere inoiz egon ez arren. Ez dakizu berez duen aurpegia hain borobila, ala irribarreak luzatzen dion alde bietara forma hori emateraino. Balirudike lotsatuta dagoela beti, baina, seguruenik, berezkoa du masailetako gorri hori. Zugana zelan hurbildu den ikusita, ez du lotsatzekoa ematen. Hitz eta pitz hasi da berehala. Abentura bilduma ederra izan du azken hamar urteetan. Zureak esaldi batean laburbildu dizkiozu: Filosofiako irakasle jardun dut katedra eskaini didaten arte. Beharbada, horrela esanda, ez da mezua argi ulertzen, baina zeuk ere ez dakizu mezua zein den. Askayalara alde egin duzula katedrari ihesi? Ez da hori, noski, baina hori ere bada. Uler dezala nahi duen moduan, ez dago zure esku. Ez duzu Askayalan geratzeko asmorik? Kostatu zaizu galdera ulertzea, haren begiradaren atzetik zure motxilarekin topo egin duzun arte. Ez da motxila handia, ez. Leoniren bizkar-zorroa neska bera baino handiagoa da, ordea. Baina Alemaniatik dator bera, azken finean. Ez dut inolako asmorik beste inora joateko. Behin egin nuen alde Sakau zenetik, baina orduan ez nuen erabakitzeko aukerarik izan. Orain Sakaurik ez, eta haren ordez zer topatuko ote dudan noa. Eta lehengusina ere ikusi gura dut.

Rio Seco ez da bidean idor ikusi duzun bakarra. Luze doa aurten lehortea. Susmoa duzu, euri falta zenbat eta gehiago luzatu, handiagoak direla halako batean urakan bihurtuko den ekaitz tropikal baten bisita jasotzeko aukerak. Itsasoak, behintzat, gero eta barrurago duzue. Ez dakizu zer lotura daukan horrek, baina tira. Zurea ez da zientzia, are gutxiago klimatologia. Zientzia ote da klimatologia? Gaur egun, kliman adituak diren pertsonez beteta dago mundua, baina zu ez zaituzte klub horretan onartuko. Sen urria zurea iragarpenetarako. Eta eguraldia eta klima ez ei dira gauza bera. Kontua da, leihotik agertu zaizkizun larre askok ere Leonieren ilearen kolorea dutela. Leonie ere ez litzateke izen txarra urakan batentzat. Emakume izenak izaten dituzte, ezta?

Sakaun jaio zinen, beraz, eta iraultzak zure familia zatitu zuen! Bai interesgarria! Ez duzu ulertu Leonieren begietan agertu den distira hori. Ez dator bat zure aitorpenak eragin dizun ahalkearekin. Bai, neuk ere utzi nuen iraultzaren itsasontzia arratoi baten moduan, baina aitzakia dut, hamabi urte baino ez nituen, eta hartu ez ditudan erabaki askoren emaitza naiz. Hartu ditudan batzuen emaitza ere bai, agidanez. Ez diozu hori esan, hain zen ederra haren begien distira hori. Berak, ordea, iraultza txiki askotan parte hartu du, Alemanian bertan, Frantzian, Italian… Basoak salbatzeko kanpamenduak, auzo okupatuak, zirku klandestinoak… Zelan ez zen halako batean lehen herrialde anarkistara abiatuko? Kutsakorra da haren karra. Musu emango zenioke. Baina ez duzu uste politikoki zuzena denik aleman neska bati berarekin emandako lehen ordu erdian musu ematea. Ez alemaniarra izateagatik. Edozein neskari, esan nahi duzu. Alta, ez duzu gogorik izaten edozein neskari ezagutu eta ordubetegarrenean musu emateko. Edozein alemani ere ez. Leoniri bai. Baina ez duzu egin. Askatasunaren eta lasaikeriaren arteko muga urratuko zukeen horrek.

Harrituta entzun diozu adina halako batean: 39. Zuk baino bost urte gehiago, alegia. Gero otu zaizu ez duzula harritzeko ziorik. Edo bai, harritu behar zinateke 39 barik 49 ez izateagatik, 29 dituela eman arren. Kontatu dizunaren arabera, berak bizi izandako urte bakoitzean zure bizitzako lau sartzen dira. Denboraren erlatibotasuna. Zer egin beharko zenuke hurrengo bost urteetan hainbeste esperientzia pilatzeko? Beharbada, horrenbeste gauza bizitzeak dauka hain gazte. Bost urte zaharragoa dela jakiteak ez dizu ale bat ere urritu musu emateko gogoa. Areagotu ere ez. Zintzo iraun duzu zure jesarlekuan, halere, autobusa Villa Loroseko geralekuan gelditu, eta txoferrak agindutako lurrera iritsi zaretela iragarri arte. Inbidia igarri diozu begietan gizonkote beltzaranari agurtu zaituztenean. Baina zerbait jateko irrikan baino ez zegoen, agian. Izan ere, gau itxian iritsi zarete Villa Lorosa. Badago zuen modura iristen direnentzako bulego moduko bat, hango palmondoaren atzean ikusten den kartel argitsu hori. Lagunduko zintuzketet, baina txoferrok badaukagu non jan eta lo egin, tentazio iraultzaileetatik salbu, eta leher eginda nago. Eskertu egin diozue keinua. Izan ere, herri txikia zer da Villa Loros, eta arimarik ere ez zen ikusten oihanerantz luzatzen zen kalean. Tira, arima bat bai; zuri begira; itxaropentsu. Eta buztana mugitzen zuen alai. Ez dakizu zer itxaropen mota duten txakurrek, baina ideia bat asma dezakezu. Poltsikoak hutsik zuk, ordea. Leonie makurtu da txakurrari buruan laztan egitera, baina zuri begira jarraitu du mutur luze alaiak, setati. Oinez hasi zara zu, nekatuegi txakur baten itxaropenez arduratzeko baina, batere lotsarik gabe, zuen atzetik abiatu da palmondo eta kartel argitsurantz.

Bidean, arraza zehatzezineko txakurra zuen urratsei atxikita doakizuela, buztanari eragiteari utzi barik, Alemaniatik alde egiteko beste arrazoi bat eman dizu Leoniek: 2038an amaituko da epea Europako biztanle guztiek euren bioidentitatea sortzeko. Nahitaezko urratsa biodemokrazia guztiz errotu dadin. Leonik, bistan da, ez du sistema horretan harrapatuta egon gura. Urteak dira sare sozial guztietatik desagertu zela, eta horrek berak susmagarri bihurtu ei zuen gobernuaren begietara. Hasiak dira mugikorrik ez daukaten herritarrei kargu hartzen, eta gobernua bera hasi da gailu adimendunak oparitzen. Adimendunak… Beste irribarre mota bat marraztu zaio Leoniri hori esatean. Ironikoa? Gaur egun ez dago ezer ordaintzerik mugikorrez ez bada. Baina hemen nago, eta Askayalan dirurik ez eta gailu adimendunik ere ez. Eraldatu zaio berriro irribarrea, zinezkoagoa berriro, eta hala ere herriminarekin identifika daitekeen zerbait irakurri diozu begietan. Begi garden ederretan. Gailu adimendunak, oximoronen lehiaketan oso goian behar dutenak. Adimen naturalik gabeko gizateriaren ataria? Atzeratuago dabiltza gauzak Costa Alegren, baina bertan ere, Askayalaren metastasia bizkortzen ez bada, hurrengo hamarkada iritsi orduko prest egongo da teknologia herritar guztiak bioherritar bihurtzeko. Beste kontu bat da herritarrak teknologia horretarantz bultzatzeko beharko duen indarra izango ote duen gobernuak. Propaganda kanpaina aspaldi dago hasita, behintzat. Orain arte ez duzu hori balantzan jarri, baina poztu egin zara zeuk ere garaiz egin duzulako bionortasunik gabeko munduranzko mugimendua. Koronabirus garaiak etorri zaizkizu gogora lipar batez. Eginahalak eta bi egin zituen gobernuak hainbat neurri ezartzeko, baina zelan irits zitezkeen covid-pasaporteak wifia inoiz entzundako berba exotikoa baino ez zen herrietara? Zelan eskatu milaka laguni tele-lana egin, eta etxean geratzeko, haien bizibidea bera kalean jokatzen bazen egunero? Auzoko herrialdean, noski, garai haietan ez pasaporterik, ez inolako debekurik. Hori entzun zenuen, eta ez dirudi Askayalako biztanleria urte batetik bestera desagertu zenik, birus hark eroanda. Poztu zara bidean aduanarik topatuko ez zenutela jakinda. Aspaldi iraungi zitzaizun bizitzan izan duzun pasaporte bakarra, aitak jaioterritik irteteko atera zizuna, 12 urte zenituela. Izan pazientzia, oraindik ez ei zara iritsi benetako Askayalara.

Aurrean duzue txoferrak esandako kartela eta, hari itsatsita, estilo kolonialeko etxea agertu zaizue, zurezkoa, hiru solairukoa. Tarta sofistikatua ematen du, ezteietan ateratzen diren horien mailara iritsi barik. Ez zara inoiz ezkontza batera joan, baina nork ez du eztei-tarta baten argazkiren bat ikusi. Zuri-zuria da, eta karrerapeko zutoinak eta leihoetako eta balkoi luzeko markoak eta eskudela berde argikoak. Beharbada, beste tonu bat izango dute goizean, kaleko argia ez baita oso fidagarria eta ilargia nagi baitabil gorako bidean. Hostal Unico. Ez ziren lar nekatu izena emateko garaian. Kartela ez da eraikinaren adinkidea, baina seguruenik duela berrogeita hamar urte berdin iragarriko zion bidaiari galduari hura zela aukera bakarra herrian. Kilometrotan, beharbada. Leoniek airez bete ditu birikak, irribarrea are gehiago zabalduta. Zeuk ere igarri diozu patakoi usainari, baina zalantza egin duzu hain gauza arruntak horrela bete dezakeen gogoa. Alemana da, tira, ez dira platano frijituak izango maizen eskaintzen dieten gutizia Berlingo kaleetan, eta, azkenean, zuri ere jarri dizu martxan sabeleko harra usain gozoak.

Aurrera egin duzue biok lauza gorri zabal irregularrez markatutako bidean, zuhaixka loretsuek inguratuta. Haien lurrinak patakoiekin lehiatu nahi izan du, baina zuen gosearen neurriak markatu die lehentasuna zuen sudurrei. Atera iritsitakoan, zaunka labur bat entzun duzue. Hor dirau txakurrak, jesarrita orain, burua alde batera okertuta, zuen asmoei igarri nahian. Bera ote da herriak iritsi berrientzat prestatu duen ongietorri batzordea? Ez dut uste gurekin sar zaitezkeenik, azaldu dio pazientziaz eta pena apur batekin Leoniek, harengana makurtuta, heldu batzuek haurrei mintzatzeko egiten duten legez.

Barruan zaudete. Zuen iritsiera salatu du argiak, zuek ikusteagatik poztu balitz legez bizituta. Biziagoa egin da patakoi usaina ere. Ezkerretara ate kristaldun bikoitza duzue, itxita, aurrean harrera-mahaia, haren ondotik abiatzen dira eskailerak, eta eskumatara beste ate bat, txikiagoa, itxita hura ere. Dena da zurezkoa, garagardo txigortuaren kolorekoa, abegitsua, eta barruan ere nonahi daude landareak. Loreontzitik behera zintzilikatzen diren horietakoak, batez ere. Ez zara aditua botanikan. Ez zara aditua ezertan. Banoa! Ez dakizue nondik iritsi den ahotsa ezta zelan sumatu zaituzteten. Harrera-gelako argi nagusia ez da izan zuen etorreraren iragarle bakarra, bistan da. Ahots lodia izan da, eta, inbidiaz, patakoiz beteta imajinatu duzu silaba parea jaurti duen ahoa. Kutsatu egin dizu plazer xumearen poza Leoniek, antza. Harrera-mahiaren barruan bao bat dago, aterik gabe, eta bertatik agertu da ahotsaren jabea. Ostatuaren jabea ere bai, agian, baldin eta Villa Lorosen jabetzari eusten badiote oraindik. Lucrecia nauzue, baina herrian Lulu esan didate txikitatik. Lur honetako produktu peto-petoa. Halakoa da, seguru! Baoaren ondoan dagoen argazki handi bati begira harrapatu zaitu emakume txikiak. Laster vintagea izango da kartel hori. Herrian izan dugun turismo-agentzia bakarraren txango nagusia: ur-jauzia, jaitsiera gurpil-flotagailuetan, tirolina… Txango bakarra, egia esan. Nahi duenak hori dena egin dezake oraindik, noski, baina ez du aurkituko gidatuko duenik. Profesionalik, esan nahi dut. Lagundu agian bai, herrian beti egoten da baten bat haraino osteratxo bat egiteko prest. Mapak badauzkagu, nahi baduzue bat, baina uste dut beste turismo mota bat egitera zatoztela zuek. Turismoa, berba egiteko modu bat da. Esaten dena egia den ikustera etorri zarete, ezta? Miraria, gobernurik eta dirurik gabeko herrialde askea! Tira, dirua onartzen dugu guk oraindik, trantsizioan gaude. Gela bikoitza 930 peso. Dolarrak ere onartzen ditugu, 5 dolar, eta euroak ere bai, 6,50 euro. Bitcoinik ez. Baina inguruan geratuko bazarete, lan komunitarioetan parte hartuz gero, behar duzuen guztia izango duzue eskura. Berria da hau dena guretzat. Ona izango zen bere herriko balioak turistei saltzen, gutxi falta izan du haren begi handiei darien distirak zure barruan bertan bizitzen geratzeko gogoa errotzeko. Ez dute txarto hautatu Hostal Unico herriko informazio-bulego. Gosaria barne? Beste liga batekoa da Leonie, berak badaki zelan ibili mundutik. 1116 peso, 6 dolar, 7,80 euro, abestu dizue, baditugu patakoi egin berriak, ahuakatea, tomatea, gazta eta ogia, etxearen kontura horiek, herriko ondarea eta gure ongietorria, logelara eroango dizkizuet oraintxe, eta, haren irribarrean ezkutatuta, paradisuko atearen giltza eskaini berri dizuela sentitu duzue biok. Zuk bai, behintzat.

Bidaiaren nekea izango zen, baina ez Leonie ez zuri ez zaizue otu esatea bidea, berez, bananduta egiten ari zaretela, duela ordu batzuk baino ez duzuela topo egin, eta gela bereiziak egokiagoak izan litezkeela. Emakumeak zuentzat aukeratutakoa ireki dizuenean, behintzat, ohe bi agertu zaizkizue. Ohe bikoitza gurago baduzue, badaukat beste logela bat libre. Egia esan, ia ostatu osoa dago libre. Jendea ez da hona iristen hemen geratzeko. Denek ezagutu gura dute benetako Askayala. Eta, esan dizuedanez, gure herri xumea horren atarikoa baino ez da. Ikasten ari gara, batzarrak egiten, diru barik bizitzen, inguruko herrietako batzar eta nodoekin koordinatzen… Egunen batean Cayo Blancoraino iritsiko da Askayala, eta mendebalderago ere bai, ikusiko duzue, eta ordurako geu ere bete-betean izango gara federazio askeko eskubide osoko kide. Harro dago emakumea, bistan da. Lulu. Berak ere, ostatuak legez, bere izena baitu, eta esan baitizue. Eta bere izana, mugimendu bakoitzari dariona. Alaia, bizia, nekaezina. Mila esker, Lulu. Leonie heziketa ona erakusteko prest beti. Logelan patakoiak jaten geratu zaretenerako, bakarka, irudi eta berba koktel batean dantzan duzu burua. Balkoira irten duzue jatera. Garagardo bana ere ekarri dizkizue Luluk. Askayalako lehen garagardoa. Kostatik dator, Xixendik hurbileko herri batetik, Manantialesetik. Hango urak garagardoari ematen ei dion zapore bereziaz ere mintzatu zaizue Luisa, labur bezain kartsu. Saltzaile bikaina izango zen, bai, Villa Lorosen merkatuko ekonomiak iraun zuen bitartean.