(Kontakizun hau EIEren webgunean argitaratu da lehenik, atal bitan)
Gaur kontatuko dudan hau ere Buenos Airesen (BA) gertatu zitzaidan. Behar bada, nire esperientziarik bitxienetako bat errealismo magikoaren kontinentean. Holakorik, noski, ez litzateke sekula gure Euskal Herrian gertatuko; hemen, errealitatearen zentzu arrazional zorrotza izateaz gain, mikrokosmos literario aratza eta interes ezkuturik gabea, eta berezko izaera leiala eta zintzoa baitauzkagu. Euskaldun hitza. Gertakariak urrun kokatu, itsasoaz gaindi, eta zerikusia duten pertsonek euskaraz jakin ez arren, izen guztiak asmatuak izango dira. Hori hemengo fikzio bakarra, gainerakoan nire idatziek benetan gertatutakoak jasotzen baitituzte, salbuespenik gabe.
Otsaila zen, hego-hemisferioko uda betean, beraz, eta BAn urtu egiten ziren, asfaltoarekin batera, farolak, botilak eta ideiak, pizzetako mozzarella eta izozkiak legez, hain italiarra den hirian. FLIA bat antolatu zen auzo langile batean, eta han nengoen ni, erdaratutako bi nobelen hogei bat ale andetar estiloko tapiz koloretsu batean zabalduta, garagardoak askoz azkarrago desagertzen zirela liburuak baino. Hor hurbildu zitzaidan morroi luze bat, axolagabea nahi zuen estilo dotore eta arinean jantzita, kristal berdeko betaurrekoen eta bizar sarriaren atzean babestuta inguratzen zuenaz zeukan iritzia. Deigarria egin zitzaion nire postu ziztrina, ordea, eta nire azentuari igarri eta euskalduna nintzena jakin zuenean, begiak aterperik gabe erakusteraino piztu zitzaion interesa. Garagardoa onartzeaz gain, liburu bien ale bana eroan zuen poltsikoan, eta azken unean baino ez zidan esan Malapasada argitaletxe handiko editorea zela. Berdin geratu nintzaion begira eta, ezer esateko ez neukala ulertuta, agur esan eta beste postuetarantz jarraitu zuen.
Martxoa zen haren deia jaso nuenean. Telefonoa ez dakit zelan lortu zuen, baina gutxi axola. Une batez, nire liburuei buruz zerbait esango zidala otu zitzaidan, baina, niretzat eskaintza bat zeukala aurreratu arren, zerikusirik ez nik idatzitakoarekin: argitaletxeak urtero antolatzen laguntzen zuen lehiaketa potolo bateko epaimahaikide izan nendila nahi zuen. Aho bete hortz ni. Ez dut inoiz horretarako inolako gogorik izan, baina Bartolini jaunak -demagun hori zela haren abizena- lortu zuen nire baiezkoa. Esperientzia berriak bizitzeko ez nengoen BAn, ala? Gero jakin nuen lehiaketa horretan ematen zen saria Argentinako itzalik handienetakoa zela. Zergatik aukeratu ninduten epaimahairako? Ondorioztatu nuenez, Bartolinik gustuko zeukan bere iragan ezkertiar alternatiboari hautsa kentzea, lantzean behin, eta euskal idazle anarkista bat epaimahaian izateak exotismo puntua erantsi, eta luzatu egingo zion itzala. Ez nuen ondo kalkulatu non sartzen nintzen, baina, hango inflazio itogarria kontuan hartuta, diru-iturri gehigarri hori tentagarria zen oso; dolarretan, gainera, ordain ziezadatenerako baliorik galduko ez zuen monetan.
Gainerako epaimahaikideak ez nituen ezagutu lehenengo deliberoak egiteko elkartu gintuzten arte. Ordurako, zintzo demonio, irakurrita neuzkan bidali zizkidaten ehun eta hogeita zortzi eskuizkribuetatik berrogeita hamasei, eta haien artean eginda neukan nire sailkapena. Egia esan, nire fitxa guztiak jarri nituen liburu baten alde. Txundigarria zen, bai estiloan, bai egituran. Pertsonaiek orrietatik kanpora egiten zuten salto, eta zaila zen irakurri ondoren urdailean eta garunean utzitako korapiloak askatzea. Bazeuden beste batzuk ere, oso onak, baina ez haren parekorik. La masa de las empanadas zuen izena. Egilea, esan gabe doa, sariduna erabaki eta notario batek plika zabaldu arte ez nuen jakingo. Berak irabaziz gero, jakina, bestela suntsitua izango baitzen, ahaztea komeni diren dokumentu galgarri guztiak legez.
Lehenengo bilera hartan ezagutu nituen nire kideak: Yrigaray andrea, Puch jauna eta Benitez andrea. Laugarrena, noski, Bartolini bera, balizko berdinketak hausteko ahotsa, pentsatu nuen. Bertan azaldu zidatenez, ordea, aho batez erabaki beharko genukeen irabazlea eta, beraz, erabateko adostasunak erdietsi beharko genituen. Hor hasi ziren denak irakurritakoen zerrenda egiten eta, zalantzarik gabe, irakurrita ez bagenituen denbora galtzerik merezi ez zutenen izenburuak errezitatu zituzten. Ez nuen protokoloa ezagutzen, bistan da, eta nik izen bakarreko zerrenda bat neukan: nire ordura arteko hautagaia, hiru zerrendatan, hain zuzen ere, birziklatzeko ontzira bidali zuten eskuizkribua, alegia.
Txundituta, harribitxi hori zakarrontzitik berreskuratzen saiatu nintzen, nire argudio literariorik onenak ematen tematu, pixkanaka, zoro bat banintz legez begiratzen zidatela ohartu nintzenean, nire ahotsa hari entzunezin batean ito zen arte. Orduan, beste gela batera eroan ninduen Bartolini jaunak, adeitasunez, besteei kafea edo matea hartzeko atsedena eskainita.
-Ez zara inoiz epaimahaikiderik izan, ezta, Luzarraga? -galdetu, eta ezetz erantzun zion nire buruaren mugimendu durduzatuak. Arnasa hartu zuen orduan, sakon-. Begira, ulertzen ditut zure argudioak. Denak. Ados nago guztietan, eta seguruenik gure kideak ere bai. Berettik idatzi duen nobelarik onena da, zalantza barik…
-Beretti? -eten nuen, nahastuta.
-Ez dago zalantzarik, irakurri dut neuk ere eta Berettiren lana da hori. Hemen denok ezagutzen dugu elkar. Baina, badakizu zer irabazi duen Berettik azken hogeita hamar urteotan? -galdera erretorikoa egin, eta aurrera jarraitu zuen, nire isiltasuna besterik espero ez zuela argi utzirik-. Zero -esan, eta atzamarrek egindako borobilarekin azpimarratu zuen erantzuna-. Ez txarra delako. Promesa handia zen hogeita zazpi urterekin, sari garrantzitsu bat jaso zuen orduan baina…, harrezkero ezer ez. Badakizu zenbat kritika jaso duten haren azken lau nobelek prentsa espezializatuan? Bat, eta ez oso ona. Kritikariak ez zuen ezer ulertu, hori beste badakit, baina hori da errealitatea.
-Baina… -ekin nion, xalo-xalo-, sari hau ematen badiogu alda daiteke hori guztia, ezta? Ez dakit zertarako diren sariak, idazle batzuek salmentekin baino diru gehiago irabazteko, agian, baina sarituei itzala emateko ere ez dute balio?
Ez dut inoiz irribarre zinikoagorik ikusi, aitor dut. Matea zurrupatu eta niri eskaintzearekin batera, zalantzarik uzten ez zuen erantzun borobila eman zidan:
-Kontua ez da sariek irabazleei itzala ematea; edo bai, hori ere bai, baina funtsezkoena irabazleek guri itzala ematea da, saria ematen dugunoi: epaimahaikideoi, antolatzaileei, sariari berari… Eta Berettik ez digu inoiz itzal hori emango. Labur azalduko dizut -jarraitu zuen-. Seguruenik hasi aurretik azaldu behar nizun, baina pentsatu nuen, mundu honetan ibilia izanda, jakitun izango zinela. Bestela da zure herrian, agian. Eskuizkribuen artean multzo nagusi bi daude: irakurtzen hasi orduko denok ezagutzen ditugun idazleak, eta ezezagunak gertatzen zaizkigunak. Hor hasten da galbahea: ezagunak direnen artean azkar aukeratu behar dira bolo-bolo dabiltzanak, ospea ematen duten izenak, eta baztertu gainerakoak. Ezezagunen artean topa daiteke zerbait ere, epaimahaikideon aurkikuntza jenialtzat jo daitekeen ahots berriren bat, baina lantzean behin baino ez hori. Sari honetan, behintzat. Hirugarren multzo bat ere badago: luzaroan ahaztuak ematen dutenen artean, batzuk irakurleen maitasuna pizteko gai izan daitezke. Onartu behar da inoiz bidegabea izan dela baten bat zokoratuta izatea. Eta gure meritua litzateke hura ahanzturatik erreskatatzea. Haren ibilbideak ez du amaieran egon behar, baina urrun ere ez. Eta, noski, idatzi duenaren dohainak saltzeko gai sentitu behar gara.
-Eta Beretti ez da…
-Ez, Beretti ez da. Gaiak ere garrantzitsuak dira. Berritzailea dela esateko aukera eman behar digu, erabili duen gaia modakoa dela apur bat apainduta. Azken urteotan zer tokatzen da? Kooperatibetako langileen mitoa, pizzerietako langileek faloparekin duten arazoa eta, bereziki, sexu erreprimitu kontrolaezina -bai, sumatua nuen hori literatura undergroundean ere-. Askatasun berrien gorazarrea, alegia -hori ez nuen ulertu, argentinar koderen bat bide zen-. Ez galdetu zergatik, baina horiek elikatzea tokatzen da. Egin du hori Berettik? Bai, esango didazu gai horietako batzuk hor dabiltzala, lerro artean… Baina independenteegia da Beretti, ikuspegi heterodoxoegia ematen du, deseroso jartzen ditu gure etorkizun politikoa erabakitzen dutenak. Hegemonia berria eraikitzen ari gara, ulertzen? Hegemonia kontra-hegemoniko bat. Literatura baino gehiago da hau baina, batez ere, sartu hau buruan ondo: kritikak kritikariari itzala eman behar dion bezala, sarituak itzala eman behar digu sariari, gobernuari, Malapasadari, beste gelan dauden kideei, zuri eta niri.
Ulertu nuen, zelan ez ulertu. Zintzo bete behar nuen eskatu zidatena, edo epaimahaikide izateari uko egin. Agindutako diruaren erdia jasoa nuen, ordea, eta gastatua, Bartolinik ondo imajinatzen zuenez. Harrezkero, nire bizitzako lehen eta azken saria eman eta gero, nire urratsen atzetik ez dut itzalik sentitzen.