Olatuen inkontzientziaz ekiten diogu buruz
haitz gotorren kontra,
mugak zizelkatzeko denbora mugagabearen jabe
denaren setakeriaz,
denbora izan arren,
harea atzamarren artean zelan,
gure odolaren aparretan,
denbora bera baino zaharragoak diren pitzaduren artean
ihes egiten diguna.
Olatuen inkontzientziaz uzten dugu odola
haitz gotorren kontra,
geuk ere, olatuek aparrak zelan,
odola mugarik gabe
berritu ahal bagenu bezala.
Gure denbora mugagabea ez bada,
izan dadila gure setakeria.
Iritsiko dira haitz gotorrak
harea bihurtuta laztanduko dituzten
olatu apartsuak.
Izan gaitezen, setati,
denbora mugagabeko olatu inkontzienteak.
Ederra poema Asel! Eskerrik asko eta besarkada estua!
Eskerrik asko, Mikel! Goizeko olatuak harrapatu nau ezustean 😉 Besarkada estua!