Bentzina eta pospoloa

Nire berba hauek bentzinazkoak izatea gura nuke,
ahotsa jartzen dien zure hatsa pospoloa,
baina errealitatea ipotx hori bat da,
koloretako arrainen ezkataz jantzia,
eta errekak askatzen ditu gure oinen azpian,
estoldetatik,
mailuak, gabiak, promesak, zapiak
belztuko dituen gorria
irribarre imintzio txiki bat izatearekin
amets egiten duten musuak
gure betazaletan pausatu baino bizitza oso bat
lehenago.
Nire berba hauek zuhaitzen hilotzetan
hildako mamu zuri-beltzak baino ez dira,
ordea,
zure hatsa hitz hotzetan itotako ahots hutsala.
Baina jolastuko gara,
atzo legez bihar ere,
bentzina ni, pospoloa zu,
amatatzen ez den amets bat
piztuko duten piromanoak izaten,
izterretan gora datorren ura
sentituko ez bagenu legez.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.