Biointsumisioa antolatzeko garaia

2007-2008 aldera Biokliken lehen apunteak egin nituenean 2044an kokatu nuen erabateko kontrolaren gizartea, biodemokrazioa bataiatu nuena. Biometria eta batez ere haren ondorioak ez ziren artean oso ezagunak, baina hasieratik suma zitekeen Estatuen tresna kutuna bihurtuko zela laster. Hamarkada bat igaro da ordutik liburua azkenean argitaratu arte eta, konturatzen ari naizenez, jendeak, oro har, ez dauka kontzientzia argirik horrek ekarriko digunaz, oraindik. Berba arrotza da pertsona askorentzat eta, zer den azaltzen denean, jende askok ez du ezer larririk ikusten hor. Duela egun gutxi ohiko esaldia entzun nion lagun bati: “ezer egiten ez duenak ez du ezeren beldur izan behar”. Normala. Azken hamarkadetan segurtasunaren aldarean edozein sakrifizio txikia dela sentitzera ohitu gaituzte, alde batetik eta, bestetik, intimitateari uko egitearen alde ludikoa jarri digu begien aurrean egunero telebistak eta, batez ere, Facebook bezalako sare sozialek gure exhibizionismorik muturrekoena bultzatu dute. Facebooken bertan bizi izan dugu, bestalde, biometriaren lilura, berba ezagutu zein ez. Hara, argazki batean kurtsorea norbaiten aurpegiaren gainean jartzen dudanean automatikoki asmatzen du pertsona hori nor den eta bera etiketatzeko aukera eskaintzen dit! Ze guai! Eskura jarri dizkigute erabateko kontrolerako tresnak, “demokratizatu” egin dituzte, eta buru-belarri sartu gara “norbaiti” (Zuckerberg deitu, Google deitu, CIA deitu…, Estatuaren eta Kapitalaren hariak dantzan beti haien atzetik) gure egunerokotasunaren gaineko ezaguera eta, ezaguerarekin batera, kontrola oparitzera.

Pelikulak, ordea, aurrera jarraitzen du, ez da geratzen gure erantzunaren zain eta duela egun gutxi jakin dugu Eusko Jaurlaritzak lizitaziora atera duela herritarren zaintza biometrikorako zerbitzua. Hots, milaka euro jarriko ditu mahai gainean (edo azpian) enpresa batek gure datu biometrikoak bildu eta Estatuaren eta Kapitalaren zerbitzura jar ditzan. Azken finean, Eusko Jaurlaritza Estatua da, nazioarteko Kapitalaren euskal sukurtsala, nazioarteko egitasmoak gure parke tematiko txiki honetan bideratzeko ardura duena eta, beraz, txoko honetara biodemokrazia ekartzeko urrats “adiskidetsuak” eman behar dituena.

Liburua idazteko lehen ideia izan nuenean, eta orain argitaratzean, ordea, elkarrizketa batean kide bati esan nionez, nire asmoa ez da izan etorkizuna iragartzera jolastea, ea 2044a iristen denean zertan asmatu dudan eta zertan ez. Asmoa, hasieratik, sistemak erabiltzen duen bide bera, ludikoa, erabiliz, gure pribatutasunari amore emateak, gauden tokian gaudela gure aurpegia guri buruzko informazio guztia edozein erakunderi (izan Estatu-Kapitalaren erakunde “publikoa”, izan enpresa “pribatua”) automatikoki emateko aski izateak, dakartzan ondorioetako batzuk begi bistan jarri eta, batez ere, horren aurkako erantzuna piztea izan da.

Gauzak azkar doaz, ordea, gu baino askoz azkarrago. Galdetu bestela Txinan, Indian edo Australian. Jendeak erabateko kontrolaren aurrean otzan jokatzeko estrategiak ez dira berriak: segurtasuna eta herritarren “erosotasuna”. Eta estrategia horietan aspalditik daukate gure laguntza sutsua. Horretan ere ez da kasualitatea azken hamarkadetan emakumeak etengabeko mehatxuaren sentipenean bizitzeko egindako kanpaina luzea, batzuk gerra batekin (gizonen eta emakumeen arteko gerra, noski, bitartekari eta salbatzaile Estatua eta Kapitala -segurtasunaren bermatzailea eta soldata “askatzaileen” emailea-, nor bestela) identifikatzen tematuta daudelarik. Laster, gure kasuan, euskal administrazioarekin edozein harreman izateko (Osakidetzan, Ogasunean, hezkuntza sisteman, gidatzeko baimena izateko…) datu biometrikoak erabiltzea izango da emango diguten aukera bakarra, administrazio publikoak berarekin harremanak izateko Kapitalaren erakunde pribatuetan (banku eta aurrezki kutxetan) kontua edukiarazi digun bezalaxe. Luza gabe, sinadura digitalak, B@kQ, etab. zaharkituta geratuko dira, baina erraza da asmatzea, gure osasunari, ekonomiari, balizko delitu eta urraketei buruzko informazioarekin batera, gure biofitxetan ez direla faltako gure ideologiari eta bestelako joerei buruzko datuak, batez ere agintzen dutenek gu zaindu beharreko pertsonatzat jo bagaituzte. Azken urteetan aduanaren batetik igaro dena jabetuko zen, hatz markak ez ezik, kamera baten aurrean jarri dutela, aurpegi markak (irisa, besteak beste) ere biltzeko.

Beharbada, berandu gabiltza munstroaren sabelean digerituta amaitzea ekiditeko, baina borrokatu barik ez dugu jakingo. Garaia da erresistentzia antolatzeko, biointsumisio kanpaina bat abiarazteko, Eusko Jaurlaritzaren asmoen aurka ez ezik, ahal dela, kanpaina globala, internazionalismoa hoberen ulertu dutenak, gaur egun, gu kontrolatzeko egitasmoen atzean daudenak baitira. Kanpaina eraginkorra izatea nahi badugu, bestalde, ezin dugu gure ohiko ghettoetara mugatu. Argi dago jende askok pozik eta bihotzez egingo duela bat kontrol biometrikorako urrats bakoitzarekin, sinbologia kristaua erabiliz, unean uneko itxurazko abantaila bat eskuratzearren deabruari arima saltzen dion edozein Faustok legez, baina zailago jarriko diogu lana sistemari ahalik eta jende gehieni biometriaren arrisku guztien berri eman eta hari planto egiteko estrategiak bilatzen ditugu. Horretarako, ezinbestekoa da desobedientzia zibilean eskarmentua duten pertsonen eta taldeen irudimena. Gaur bihar baino hobeto.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.