Eskaera asimetrikoak indarkeria asimetrikoei

Ez neukan batere asmorik ETAren amaiera dela-eta ezer idazteko, baina azken egunotan komunikabideetan halabeharrez behin eta berriz entzundako gauza batzuek eragin didaten hausnarketa txikitxo baten zirriborroa uztera deliberatu naiz.

Erakunde armatuak behin betiko desagerpena iragarri eta azken mezuak ezagutarazi direnetik, eztabaidagai nagusia bihurtu da barkamen eskatu beharra, esandakoa nahikoa den, inoiz ETA agertzeak zentzua izan zuen… Ez nau batere berotzen eztabaida horrek, jaio gabea nintzen ETA sortu zenean, eta nire bidea beste bat izan da beti, baina gauza bat geratu zait argi: indarkeria guztiz asimetriko biri egiten zaizkien eskaerak erabat asimetrikoak. Izan ere, XIX. mendetik, esparru geografiko jakin batean bertan zeuden herri eta herritar guztiei liberalismo burges, kapitalista, zentralista eta konstituzionalista armaz ezarri zitzaienetik, Espainiaren batasun santuaren eta kapitalaren izenean jardun dutenek eta dihardutenek beste hildakorik ez du inork utzi; inork ez du haren tamainako indarkeriarik erabili haren printzipioak ezbaian jarri dituztenen kontra. Izan espainiar monarkia borboitarrak, izan Primo de Riveraren diktadura, lehenengoen oinordekoa, izan ondorengo errepublika bien indarkeria politikoa, hildakoak batez ere langileen eta nekazarien artean utzi zituena, izan aurrekoen eraginkortasunik ezaren aurrean helburu berari eusteko bestelako eredua zekarren diktadura frankista, izan hark oinordeko utzitako erregetzak antolatutako monarkia parlamentarioa, izan Batallón Vasco-Español, izan Triple A, izan, Guerrilleros de Cristo Rey, izan PSOEren Gal, izan Guardia Zibila, izan Kataluniarako bidean “a por ellos” oihuek adoretuta bidalitako talde armatuak, ideia bakar eta beraren izenean, Espainia delako estatu baten batasunaren eta haren kapitalarenean, erabili dute denek indarkeriarik basatiena aurka egin dien ororen kontra. Aldeak badaude, ordea: indarkeria horiek oso gutxitan hartu dira ofizialki terrorismotzat, mendeetan izurik handiena eurek zabaldu arren; indarkeria horiek zuritzeko helburu politikoak izan dira kate luze horretan garaile beti; inork ez die barkamen eskerik ez konponketarik, ez biktimei (ez iraganekoei, ez egun sortzen jarraitzen dutenei) eragindako mina aitortzeko eskatzen; inork ez ditu Espainiaren batasunaren eta kapitalaren izenean hil dutenak epaitu ez kartzelaratu, eta inork ez die eskatzen armagabetzeko, helburu politikoak indarkeriaz defendatzeari amore emateko, damutzeko; hasieratik, Espainia bat eta bakarraren eta ordena burgesaren alde egiteko borroka egiten hastea erabaki zutenetik, oker ibili zirela aitortzeko. Eta bidesari politikoa ordaintzen diegu oraindik egunero. Eta ekonomikoa, euren ordena politiko, sozial eta ekonomikoari eusteko zergak bortxaz ordainarazten baitizkigute, besteak beste. Horrela, betiko ezarri nahi digute zentzu komun bakar bat: sistema politiko, sozial eta ekonomiko bidegabe bati eusteko, indarkeria oro da zilegi. Historia idazten dutenen indarkeria zilegi da beti, gertatutakoaz kontakizun bateratu bat idazteaz hitz egiten diguten honetan. Beste irakurketa bat egin dezakegu, ordea: ados ez gaudenona zilegi izateko modu bakarra garaipena lortzea eta, horrela, historia eta zilegitasuna geuk berridaztea da.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.