Elefantea hilerriaren bila

Elefante bat zara
bere hilerriaren bila.
Goazen astiro,
egin dezagun bidea atzera, urratsez urrats,
buruan birjokatzen den xake partida baten antzera.
Non dago hilerria?
Mugimenduak banan-banan errepikatu baina
ez duzu lortzen xake matera iristea.
Elefante bat zara eta ez dakizu zein den
hiltzeko bidea.
Zelan mugitzen da elefantea
xake-taulan?
Galdu zara zure itzalaren atzetik
eta ezin duzu gorpua edonon utzi.
Toki bat dago pieza bakoitzarentzat,
baita hildakoentzat ere.
Egin dezagun bidea atzera,
pentsa dezagun une batez.
Hil hurren galdu den elefantea
bizirik jarraitzera kondenatzen da
bere elefante oroimenetik
hilerrirako bidea ezabatu bada?
Isunik al dago tokiz eta garaiz kanpo
hiltzen denarentzat?
Hiltzeko bidea atzera egitea
ez baita berriz jaiotzea.
Eta zu elefante bat zara
bere hilerriaren bila.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.