Gaur goizean hamaika aldiz entzun dut politikari eta iritzi-emaileen ahotan, Altsasuko gazteen kontrako azken epaia dela-eta, errespetu berba. Zorionez, inuzentea naizelako, agian, ulertzen dut berba hutsa dela, letania, lelo edo mantra moduko bat; hura erabiltzera derrigortuta sentitzen direla pertsona horiek. Epaiak bete bai, bete behar izaten dira, estatuak daukalako biolentziaren monopolioa, eta hari aurre egiteko indarrik sentitzen ez dugulako, baina errespetua beste zerbait da, begirunea, eta holakorik ez dute merezi ez epaileek, ez epaiak ez estatuak berak (ez kasu honetan, ez inoiz, liburu batean luze eta zabal azaldu nuenez, baina kasu honetan bereziki). Agian zerbait irabazten dugu gure errespetu falta ozenki adierazten diegun bakoitzean. Eta seguruenik gutxiegitan adierazten diegu gure errespetu falta hori. Horregatik nekez izango dugu inoiz errespetu ezetik benetako desobedientziara igarotzeko indarrik, are gutxiago geure mundua sortzekoa (saiatzen diren bakanek inperioaren laguntza jasotzen dute lehenago edo geroago, galdetu Rojavan bestela). Burua makurtu eta jarraituko dugu “errespetatzen dut” errepikatzen, esapidea gure ezintasunaren mozorroa baino ez bada ere.