Interes santuak

Badirudi mundu guztiaren ahotan dagoela azken boladan gizarte kapitalista globalizatuaren agendak kritikotzat duen gai bat: gure planetaren berotze globala. Argi dago kapitalaren jabeek ez dutela nahi euren jostailua behar baino arinago hondatzea eta gizartea premiatu behar dutela negozioa beste modu batean egiten jarraitzeko noranzkoan. Beharrizan horien logikan kokatzen da Greta Thunberg ikur hartu duen mugimendua, kapitalismoaren “ongizatera” ohitutako gazteak kalera atera dituena, agintariei, arazo global horren sortzaile, onuradun eta gidariei, berehalako neurriak hartu eske. Horretaz entzun diet hitz egiten hainbat iritzi-emaileri, baita ezkerrean kokatzen diren horiei ere, eta behin eta berriz entzuten ditut hauen moduko esapideak, gai honetaz ez ezik, oro har ekonomiaz hitz egiten den bakoitzean: merkatuaren beharrizanak, halako edo holako industriaren interesak, sektore horren edo bestearen premiak…

Alde batera utziko dut gazte mugimendu hain egoki horri buruzko kritika, nik baino hobeto egin baitute beste batzuek. Ohar labur bat baino ez: holako mugimenduei buruzko ideia argi eta sinesgarri bat egitea ez da erraza izaten. Izan ere, gai horretan, beste askotan legez, jokoan daude eskuineko eta ezkerreko agenda(k) eta txiringitoak, eta maiz, gertakari batzuen kritika datuetan oinarritzeko, tamalez, alde batera edo bestera lerratutako hedabideak baino ez dauzkagu eskura. Gerta daiteke, beraz, informazio batzuk eskuineko komunikabideetan agertzea, eta ezkerrekoetan isilduta egotea, eta alderantziz eta, noski, zelan joko duzu informazio bila eskuineko hedabide batera! Gezurra eta manipulazioa alde bakar baten ondare balira legez. Zenbatetan tokatzen zaigun anarkistoi zerbait kritikatu edo jarrera bat hartu eta “horrela eskuinari egiten diozu jokoa” entzutea, ezkerrari jokoa egitea hobea balitz legez. Baina tira, anarkistok ez daukagu agendarik eta, beraz, askatasun osoz erabil ditzakegu datuak, egiaztagarritzat edo gutxi gorabehera fidagarritzat jotzen ditugunak, horrekin eskuin edo ezker negozioari kalterik egingo diogun oso kontuan hartu gabe.

Berotze globalaren inguruan hitz egiterakoan entzuten diren interes ekonomikoetara itzulita, badirudi reifikazioa zer den ahaztu dugula. Horrela baino ezin dira ulertu aipatutako esapideak. Ahaztu dugu, alegia, merkatua, industria hau edo bestea, sektore hau edo bestea, gizakiek (gizaki jakin batzuek, interes jakin batzuk aurrera eramateko) sortutako tresnak direla, berez, pentsatu behar da, giza beharrizanak asetzeko. Hortaz, merkatuaren beharrizanak zein diren baino garrantzitsuagoa da, lehenik, merkatuaren beharrik dugun jakitea, esaterako. Zer premia asetzeko sortu zen merkatua? Zer arazo sortu ditu merkatuak? Badago beharrizan horiek asetzeko beste modurik, merkatutik harago? Kasu honetan, merkatua norberak (komunitate batek) sortu ezin dituen eta behar dituen produktuak, gauzak, objektuak, jakiak… eskuratzeko tresna bat da (edo izan behar luke). Beraz, hasieratik helduta, eta jendeari hainbeste gustatzen zaion ekologia hitza hartuta, pentsatu beharko dugu benetan zer produktu, gauza, objektu, jaki BEHAR dugun; ondoren, hori gure inguru hurbilean lor dezakegun eta, ezin bada, zelan eskura dezakegun hura dagoen tokitik, toki hura suntsitu eta hango jendeari baliabide hori eskuratzea galarazi gabe (bere Suedia historikoki sozialdemokrata eta oparo hori zelan den posible, eta berak halako baliabide ekonomiko eta mediatikoak zelan eskura ditzakeen galdetu behar lioke orduan Greta Thunbergek bere buruari, baina…). Beharbada, ez da merkatua beharrizan horiek asetzeko modurik eraginkorrena, ez baitio mundu guztiari bermatzen benetan behar duena eskuratu ahal izatea. Hartu beharko ditugu kontuan merkatua deritzon ustezko ente baten beharrizanak, haiek asetzeko gizaki gehienek euren premiarik oinarrizkoenei amore eman behar badiete? Haren (merkatuaren) ustezko beharrizan horiek asetzeko planeta osoa hankaz gora jarri behar bada? Nire inguru hurbilean piperrak edukita, nire etxe ondoko supermerkatuan munduko beste puntatik (merkeago!) ekarritako piperrak egotea behar duen sistema zentzugabe baten interesak lehenetsi behar ote ditugu?

Har ditzagun egunotan aipatuta entzun ditudan sektore bi: automobilgintza eta arrantza. Berehala entzungo diegu kazetariei, iritzi-emaileei, enpresaburuen bozeramaileei, politikari honi edo hari, automobilgintzaren beharrizanei buruz mintzatzen. Zer behar du automobilgintzak aurrera egiteko? Egon, ez genuke galdetu behar automobilgintzarik behar ote dugun, gu, aurrera egin ez dakit, baina bizitzeko? Eta automobilak behar ditugula erabakiz gero (erabaki kolektiboa, informatua, askea), erabaki beharko dugu zelakoak, zenbat eta zertarako. Baina errotik gabiltza nahastuta. Lanpostuei eusteko behar dugu automobilgintza! oihukatuko du sindikalista batek, Ekonomia sailburuarekin batera. Baina, zertarako behar dira lanpostuak? Gizartea antolatzeko modu jakin bat da, etxera jatekoa eraman ahal izateko, “lanpostua” behar izate hori, horrela, modu abstraktuan. Gizakiok jarduerak behar ditugu, bai, barrutik ateratzen zaigulako ekimena, zerbait egin beharra. Eta egin behar hori dauzkagun premiak asetzera bideratzen dugu. Beraz, ez ditugu lanpostuak behar, gure benetako beharrizanak asetzen lagunduko diguten jarduerak baizik. Eta gure beharrizanak asetzeko geure burua antolatzean autoak onuragarriak direla eta gure (planeta osoaren) etorkizuna arriskuan jarri gabe erabil daitezkeela erabakitzen badugu, pentsatuko dugu nortzuek egingo dituzten, zelan, non, norentzat eta zenbat.

Arrantzan ere, kuotak aipatzen dira behin eta berriz. Arrantzaren sektorearen premiak dira. Arrantzaleek bizi behar dutelako. Egon apurtxo batean. Arrantzaren sektoreak ez dauka gogorik, ez dauka premiarik; gizakiok senti dezakegu arraina jateko gogoa. Beraz, antolatu behar duguna gizaki guztion jateko premia da. Kontua ez da industria bati eusteko arrantza egin behar izatea. Itsasoa basamortu bustia bihurtu nahi ez badugu, gizaki guztion elikadura antolatu beharko dugu, eta hor ikusi nekazaritza noraino irits daitekeen, baso eta habitat guztiak suntsitu gabe, eta hura osatzeko abeltzaintzarik eta arrantzarik behar den, nork jardungo duen, non, zelakoa eta zenbatekoa izango den (alde batera utziko dut eztabaida antiespezista).

Baina, noski, arrisku bat dauka gure hedabideetan holako terminoetan pentsatzen eta hitz egiten hastea; bestela, ondorio bat aterako dugu berehala: kapitalismoa ez da bateragarria gure beharrizanekin; aukera bakartzat aurkeztu diguten sistema ez da eta ezin da inolaz ere jasangarria izan. Are gehiago: ez du betetzen ustez daukan eginkizuna: gizaki guztien premiak asetzea. Bateraezina da arrazoizko bizimodu batekin. Hori onartu baino lehen, ordea, hobe da langileek, arrantzaleek, nekazariek… hilaren bukaeran kobratuko dutena izatea kezka bakarra, soldata bera ere zerutik jaitsitako halabehar ekidinezina balitz legez.

Gauzak horrela ikusita, berehala ulertuko dugu zein garrantzi txikia daukan Greta Thunbergek Ameriketara hegazkinez, katamaranez, globoz edo ur-bizikletaz joateak. Zein alferrekoa den grebak eta elkarretaratzeak egitea sistema zentzugabe honetatik bizi direnei, hura sortu dutenei, hark ematen dizkien abantailak inolaz ere galdu nahi ez dutenei, kapitalismo berdearen alde egiteko, garapen jasangarriagoa bultzatzeko eskatzeko. Eskatu gabe ere hori baino ez dute buruan. Negozioari eusteko berdez margotu behar dugula kapitalismoa? Berdez margotuko dugu. Morez margotu behar dugula Estatua? Morez margotuko dugu. Gorriz margotu behar dugula diskurtsoa? Gorriz margotuko dugu. Eta bozgorailu aparta jarriko diegu plazetan artalde koloretsua osatzen duten gazteei. Hobeto daude hor, euren buruari galdera arriskutsuagoak egiten eta euren benetako beharrizanak asetzeko bestelako bideak asmatzen baino.

Ekonomia eta gizartea gure aurka zuzentzen dituztenen interesak geure egin ditugu eta amorruz defendatzen ditugu. Ahaztu dugu tresna baino ez direla horiek denak, eta santu bihurtu ditugu “haien” interesak. Belaunika gaitezen isilik haien aldarearen aurrean.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.