Inoren munduan, zortzigarrena kaleratzeko prest

Udazken honetan nire zortzigarren eleberria izango dena argitaratuko du Elkarrek, Inoren munduan izenekoa. Proiektu zaharra da berez, euskaraz zirriborratu nuen bigarrena, laurogeita hamarretan, Euskal Filologia ikasi eta Hamaika ispilu ganbil idazten nuen bitartean. Luze jo zuen lehenengo lan hark, ordea, eta, amaitu nuenerako, beste proiektu bat neukan buruan eta beste ildo literario batzuk aurrean, eta karpeta batean geratu zen gordeta (zorionez). Hor geratu zen, ahaztuta, duela urte bi gogora ekarri eta berreskuratzea erabaki nuen arte. Tankera apur bat aldatzea otu zitzaidan, helduentzako eleberria izateko pentsatuta zegoena gazte literatura bihurtzeko, gainerakoan hasierako asmoari eutsiz. Izan ere, ordutik hona istorioak jorratzen duen gaiak gizartean toki zabalagoa hartu badu ere, arazoak, oro har, bere horretan dirau: gizarte hierarkiko batean jarraitzen dugu eta, makillajeak makillaje, gizonak jarraitzen du(gu) hierarkia horren gailurrean.

Garai haietan Tolkienen irakurle amorratua nintzen baina, jakin gabe, burura etorri zitzaidan istorioa gehiago hurbiltzen zen artean ezagutzen ez nuen Ursula K Le Guinen ildora. Horretan baitzetzan orduko ideia: neuk asmatutako mundu fantastiko batean hiru emakume kokatzea, Aize, Hodei eta Leixuri, nor bere gizartetik egotzita, mundu horretan bizirauteko bide baten bila. Ibiltarien leinu gerlarikoa da Aize, sorgina Hodei eta Jaunaren gorteko neskatila lañoa Leixuri eta, arrazoi bat dela, bestea dela, haietako inork ez dauka tokirik sortu den gizartean. Deserri horretan, halabeharrak elkartuko ditu hiru neskak, eta elkarrekin bizi izandako abenturetan, inoren munduan sentitzen direla, ikasiko dute gauzak ez direla beti horrela izan eta eurek ez dutela zertan onartu eurak onartzen ez dituen mundua.

Iaz Eusko Jaurlaritzak antolatzen dituen sorkuntza beketara bidali nuen proiektua eta, beka hori irabazita, kalera ateratzeko ordua iritsi zaio orain, Elkarren eskutik. Bere ironia dauka beka hori irabazi izanak, baina beste baterako utziko dut kontu hori.

Ondo etorri bizien mundura, beraz, ahanzturaren hautsetatik libratutako lana!

2 Comments

  1. Alberto

    Egun on Asel,

    Lehendabizi Zorionak zure lan berriagaitik. Zorte handia opa dizut. Galdera parea daukat; Batetik, Noiz ikusiko du argia zure lan berriak edo noiz egongo da eskuragai liburutegi edo liburudendetan eta bestetik ze urteko idazleentzat izango den egokia .

    Ondo izan, Alberto.

    Reply
    1. Asel (Post author)

      Egon on, Alberto, eta eskerrik asko! Zure galderei erantzunez, argitaletxeak oraindik ez dit data zehatzik eman, udazkenean izango dela, Durangoko Azoka baino lehenago, noski. Oraindik alde grafikoa falta da, beraz, nago azarorako egongo dela. Adinari dagokionez, nik uste 14 urtetik gorakoentzako eleberri egokia dela -baita edozein heldurentzat ere-. 245 orrialde izango ditu, beraz, luzeegia ez baina laburra ere ez. Uste dut irakurlea erraz eramaten duen istorioa dela, eta hausnartzeko asko ematen duena.
      Eskerrik asko berriz ere, ondo izan!

      Reply

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.