Erretzea kapitalismoaren banakoikeriaren ikur

Orain tabakoaren aurkako lege berria indarrean sartu dela, hainbat kexu eta demagogia entzuten dira, negargarriak gehienak, baina kasu batzuetan normaltzat jo daitezkeenak. Normaltzat jo daiteke, esaterako, tabernaria kexu izatea. Azken finean, taberna, bere xumean, enpresa kapitalista da eta kapitalismoak lege bakarra dauka: etekina lortzea, zein ere den hirugarrenei eragindako kaltea. Izan ere, erretzeak ezin hobeto laburbiltzen du kontsumismo kapitalistak bultzatutako filosofia. Ideologia kapitalistak “askatasun”, “eskubide” mota bakarra aldarrikatzen du: “neure” askatasuna, “neure” eskubidea. Baina besteak aintzat hartzen ez dituen askatasuna ez da askatasun eta horregatik kapitalismoak, askatasuna aldarrikatzen duenean ere, morrontza mozorrotua baino ez du aldarrikatzen. Zer da, berez, erretzea? Neure buruari plazera eragiten dion banakako ekintza ikasia (irakatsia), urte luzez irudi erabat matxistan oinarritua, gainera, emakumeak, gauzarik makurrenetan ere gizonen pare jartzeko lasterketa zoroan (ulertu gabe bideak kontrakoa behar zuela gauza askotan: gizonok emakumeen pare jarri beste gizarte eredu batean), egun gizonezkoak baino erretzaileago bihurtu dituena, imitazioaren poderioz (gaur, demokrazia femizidaren lorpenik handienetakoa emakume soldadu, emakume polizia, emakume epaile, emakume agintari, hots, eredu patriarkala bere egiten eta betikotzen duten emakume gizonduak ugaltzea izan da). Baina batez ere, neure buruari plazera sortzearekin batera neure burua eta nire jardueran parte hartzera derrigortzen ditudanak kaltetzen dituen ekintza da erretzea. Kapitalismoaren erabateko laburpena: ustezko etekin baten bila kapitalista bera (erretzailea kasu honetan) eta haren ekintzaren ondorioak pairatzen dituzten beste guztiak amildegira eramatea.

Esan legez, normaltzat jo daiteke batzuen haserrealdia, eta normaltzat jo daiteke kapitalismoaren beraren demagogia eredu bera erabiltzea: legeak nire banakako eskubideak murrizten ditu, nire askatasuna ukatzen du (baina hori egin ez duen bitartean legearen alde egin dut). Arraroagoa dena, ordea, urte luzeetan anarkista erretzaile askok logika berari jarraitu izana eta oraindik jarraitzea da. Edozein anarkistak (anarko-kapitalistak alde batera utzita, halakoak ere egon badaudelako) erraz ulertzen du, esaterako, norberaren askatasuna besteen askatasunaren luzapena dela, norberaren askatasuna besteen askatasunean hedatzen dela, ni ez naizela aske besteak aske ez diren bitartean. Besteak ez direla aske nik aske aitortzen ez ditudan bitartean. Horregatik, etorkizuneko gizarte anarkista batean besteak esplotatzea, besteei kalte egitea… ez da eskubide edo askatasuntzat joko, eskubide eta askatasun ukaziotzat baizik. Baina erretzeari buruz hitz egiten dugunean… Halakoetan anarkista erretzaile gehienek (edo nik ezagutu ditudanek, behintzat) anarkismoaren oinarriak ahaztu eta kapitalismoarenei heltzen diete, euren berekoikerian gotortuz eta ustezko askatasunaren demagogia berean babestuz. Zoritxarrez, ez dute euren kabuz hausnarketa sinplea egin, alegia: 1. erretzea kontsumismo eroenaren ikurra da, onurarik ez dakarren, enpresa (mafia) kapitalistarik makurrenak eta Estatua bera lodiarazten, norberaren auto-suntsiketa eta besteena baino ez dakartzan ekintza zentzugabea, publizitate estilorik ustelenaren iruzurra; 2. leku itxi eta publikoetan erretzeak erre nahi ez dutenen hautua ezinezko bihurtzen du, ekintza libertizida, askatasun hiltzailea da, nire ustezko askatasunaren mende jartzen ditu nire inguruko guztien askatasuna, askatasun ukatzailea da; 3. erretzeak berak erretzailearen askatasuna murrizten du, mendekotasuna sortzen duen heinean ez baita bera erretzea hautatzen duena, haren mendekotasuna baizik; 4. erretzeak harreman eredu guztiz bertikala ezartzen du, erretzen duenaren erabakian ez delako besteen adostasunik bilatzen ondorioak besteei ere eragin arren, erretzailea ez erretzaileen gainetik jartzen da harreman hierarkiko batean. Azken finean, erretzaileak berak “askatasunez” (gizartearen, publizitatearen, badaezpadako balioen presioari askatasun esan badakioke…) hautatu duen bizioaren, mendekotasunaren, ahuleziaren mende jartzen du gure inguruneak uzten digun neurrian kerik gabe bizitzea erabaki dugunon nahia, besteen bizioaren, mendekotasunaren, ahuleziaren morroi bihurtzen gaitu. Leku publiko eta itxietan erretzeko askatasuna aldarrikatzea besteak zapaltzeko askatasuna aldarrikatzea baino ez da. Zoritxarrez, begirunerik oinarrizkoena ez da orain arte nahikoa izan. Erretzen ez duenari “erre dezaket?” galdetzea bera hertsadura, txantaje mota bat baino ez baita. Demagun pistola bat daukagula eskuan. Gure lagunari, gure kideari tiro egin diezazuket galdetuko genioke? Eta kasu horretan errazago leukake berak ezetz erantzutea. Baina erretzeko, bestea izorratzeko baimena eskatzeak erantzuna bera baldintzatzen du, bestearen borondatearen zapaltze mota bat da, terminoak aldrebesten dituelako: nik, errez gero, bera zapaltzetik, berak, niri erretzea ukatuz gero, ni zapaltzera pasatzen da, kontzientzian behintzat. Txortan egin nahi ez duela dakigun gizon edo emakume bati txortan egin nahi duen galdetzea bezalakoa da, ukatuz gero estu hutsa, zakil berotzailea-edo dela leporatzeko. Jakina, aukeran hobe hori galdetu gabe bortxatzea baino, hots, galdetu gabe gure kea irenstera derrigortzea baino. Hor ere esan genezake gurekin txortan egin nahi ez dutenek gure sexurako askatasuna ukatzen dutela. Baina txo, bakarka kanpaia jotzea daukazun bezala, bakarka erretzea ere badaukazu!

Beraz, ondo letorkiguke, kapitalismoa, botere harremanak, ezarpenak apurtzeaz hitz egiten dugunean gogoratzea erretzerakoan zer jarrera darabilgun. Esan legez, erretzea, gaur egun, kapitalismoak bultzatutako banakoikeriaren ikurrik handienetakoa da.

(2011-1-6)

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.