Kalera atera naiz gaur zure bila
eta espaloi bustiak oinen puntetan dabilen jendez gainezka ikusi ditut,
aurpegi urdinak guardasol grisen azpian
zugandik aterpetu nahian.
Euritatik aterpetu naiz ni, lehen tabernan
eta albiste etsiak ikusi ditut barratik bere buruaz beste egiten
pintxo lerro ordenatuek arbuiatuta,
eta haien artean ere ez zara egon.
Gizon idor bati erreparatu diot,
tabernako azken zuloan, argiaren eta begiraden etsai,
haren eskuan txurro bat,
txurroaren muturrean soldata eskegita
tanta lodi ilunetan,
norena ote soldata,
gizonarena,
txurroarena,
zerbitzariarena,
kalean geratzear dagoen langilearena,
ez zurea,
ez lansari tantetara makurtu ez den ideia iheskorrarena,
ez kikara bat txokolatean igerian dakienarena.
Poltsikoko hiru euroetan kaiolatuta atera naiz,
atera naute, doako euripera.
Higatuta dauzkat zolak nire zapatarik berrienetan
eta espaloiaren mihi hezea sentitzen dut
galtzerdiak miazkatzen;
behatz lodia ezkerrean,
juanikotea eskuinean,
bereizkeriarik gabe.