Pasaportedun ipuinak

(Artikulu hau irakurri aurretik oso gomendagarria da beste hau osorik eta pazientziaz irakurtzea).

Iritsi da, badago gure artean pasaporte berria, hau poza! Ez dut esango gauza berria denik. Gutako guztiok jaio gara pasaporte‑garaietan; normalizatuta, barneratuta daukagu munduko marra imajinarioak gurutzatzean pribilegioen jabe egiten gaituen liburuxka, gure joan etorrien berri gordetzen dituen agiri salatzailea. Nire europar pribilegioak apur bat mugatuta daude, nire pasaportea susmagarri bihurtu zenetik, nazioarteko giza-trafikoaren zaindariek nire zenbakitxoari asterisko bat jarrita: animalia arriskutsua. Beste askok, milioika lagunek, jaio direnetik izan dute asterisko motaren bat munduaren banaketa erabakitzen dutenen zerrendetan: pobrea. Eta pobreen pasaporteen hegalak laburrak dira oso; haien ordez hankak, arraunak, besoak eta poltsiko bete esperantza faltsu dituzte munduko alanbradetan zehar mugitzeko. Ezarri berri digutena, beraz, ez da berria, eta holako zerbait osasunari lotuta erabiltzen den lehen aldia ere ez dugu hau, baina uste dut ez dudala hemen sareetatik dezente zabaldu dena gogora ekarri behar. Arrazoia, beti-beti, segurtasuna. Pasaporteek gure ongizateari arriskua ekar diezaioketenengandik babesten ei gaituzte. Kasu honetan, hori dioskute egunero ETBn, behintzat, gure osasuna arriskuan jartzeak axola ez dien kriminal berekoiengandik. Egin dezagun atzera apur bat, erabil dezagun behin eta berriz birformateatzen diguten oroimena, hona zelan iritsi garen gogoratzeko.

2020ko negu-udaberria, birus hilgarri bat iritsi da planetara giza espeziea arriskuan jartzera. Tximinoek, txerriek, laborategiek, martzianoek…, baten batek ekarri du birusa kontrabandoan, eta Txinatik mundura zabaldu hango eskulanak ohi duen bizkortasunaz eta gure poltsikoentzako prezio merkean. Denok etxera, eta irteten duena gaizkilea. Gure segurtasuna bermatuta dago etxetik mugitzen ez bagara, harreman oro saihesten badugu, musuak, besarkadak, ukituak ahazten baditugu, hor kanpoan etsai ikusezina baitago zelatan -orain ospatzen ari diren urteurrena dakarkit honek burura, hau kasualitatea-. Zure auzokoa, zure izekoa, zure semea, zure maitalea, ospitaleko langilea… izan daiteke suntsipen masiboko arma ezkutatzen duena. Merezi du gure askatasun murritzei artaziak apur bat gehiago sartzea, ez bazara Trump edo Bolsonaro bezalako faxista bat.

Zientzia hasi da hizketan berehala. Birus berriaren txerto seguru bat izateko urte bi behar dira gutxienez, ohiko denbora, epe luzerako ondorioak ezagutzeko batez ere, zuhurtziazko esperimentazio fasea luzeagoa izan ohi bada ere. Urte bi, gutxieneko denbora zuhurra. Hala diote atzo, gaur eta bihar telebistatik zientzia eskolak ematen dizkigutenek. Era berean, eztabaida zabaldu da nazioartean, gobernu batzuek berezko immunizazioaren aldeko heresia egin dutelako. Zenbat behar da (ar)talde‑immunizaziora iristeko? % 60 immunizatuta egotea, dioskute ahotsik zuhurrenek. % 60ek gainerako % 40 babestuko lituzkete eta transmisioa etengo.

2020ko udaren hasiera iritsi da, eta badirudi lar direla urte bi, eta luze joko duela talde‑immunizaziora iristeko. Txertoa laster izateko zantzurik ez badago ere, mintzatu dira euskal agintariak: egoera honetatik ez dugu irtengo mundu guztia txertatuta egon arte. Oraindik txertorik ez dagoela? Lasai, guk badakigu egon egongo dela, laster, esaterako…, birusa ezagutzen hasi eta urte bat ere bete ez denean. Lehengo aurpegi berberek berehala lasaituko gaituzte: atzo bertan kontrakoa uste izan badugu ere, gaur egungo teknologia, orain arte inoiz probatu ez dena, ez da lehengo txertoena bezalakoa (egia da, ez dator bat egun arte zientziak erabiltzen zuen txertoaren definizioarekin, baina definizioa aldatuko dugu egunen batean, ez estutu), segurua da, eta epe luzerako ondorio txarrik egongo ez dela jakiteko aski da zenbait hilabetez esperimentatzea eta plazebo‑taldeak berehala desegin eta txertatzea. Martxoan esan genuena zaharkitua da ekainean, egia bezala. Ez dakigu haien eraginkortasunak zenbat iraungo duen, ematen duten babes‑maila benetan zenbatekoa den, ezta zenbat dosi hartu beharko dugun, ez zein den dosi berri bakoitzak ekarriko duen arrisku gehigarria, baina ez du axola, seguruak dira.

Hasi da txertatze kanpaina zenbait herrialdetan. Europan behin-behineko baimena eman diete txerto batzuei, oraindik esperimentazio fasean egon arren, premia handiegia ei delako. Esperimentazio fasean, beraz (edo, bestela esanda, faseak premiagatik laburtuta, ofizialki 3. fasea gainditu dela saldu ahal izateko), hasiko dira milioika lagun txertatzen. Baina beste herrialde batzuk ari dira EB baino azkarrago, eta hala, hasiko dira txertaketa‑kanpaina azkarren daroaten herrialdeen zerrenda eta haien egoera zabaltzen, gaur bai, bihar ere bai. Eta gaur bai, bihar ere bai, egunero ahaztuko dute zerrenda horretan 2021eko martxorako biztanleko txerto gehien jarri dituen herrialdea aipatzea: Txile. Zergatik? Egin etxeko‑lanak eta bilatu zein izan zen bilakaera Txilen txertaketa‑kanpainak aurrera egin ahala. Eta, bide batez, zelan eskaini zuen Txilek bere biztanleria farmazia-enpresei txertoen herrialde esperimentala bihurtzeko. Eta, bide batez, ez galdu Uruguain iaztik hona gertatutakoa, argigarria izan daiteke‑eta. Baina, Txilen txertaketak aurrera egin ahala neurri murriztaileak zorroztu behar dituzten bitartean, Israelen, Erresuma Batuan, are AEBn, txertoaren onuren pean bizitzeko prestatu dira, hasi dira esperimentuak egiten diskoteketan, txertatuentzat bakarrik zabalduta, murrizketak arintzen… Txertatuta, gaixotasuna gaindituta, PCR edo antigeno proba negatiboa? Gakoa txertoa da, noski. Zelako inbidia, biztanleen % 50 inguru txertatuta zabaldu zaizkie zeruko ateak, eta gu hemen, burumakur ez gaudelako txertatuta… Baina bidean gaude eta laster izango dugu munduko txertaketa mailarik altuena, horretarako dugu eusko label. Esan eta egin, inon ikusi ez den esprinta joz.

Uda iritsi da, hasi dira ateak zabaltzen, kateak arintzen, hasi gara aire apur bat hartzen, kanpoaldean -duela gutxi manifestazio erraldoi batean frogatu duten bezala- inoiz beharrezkoak izan ez diren musukoak poltsikoan gordeta gutako asko. Ondo doa txertaketa‑kanpaina, laster nagusien % 80 txertatuta -alegia, urtebete lehenago esaten ziguten talde‑immunizazioaren gainetik, nabarmen-, baina zerbait gertatzen da gaixoen kopuruarekin… Noski, gazteak! Inoizko belaunaldirik txikiena osatzen duten gazteak gai dira talde‑immunizazioa hankaz gora jartzeko, inguruko guztiak txertatuta egon arren; nire txertoak zu babesten zaituelako, badakizu. Gobernuen xedea argi dago, eta diskurtsoa ere bai: gazte guztiak txertatuta egon arte, normaltasunik ez. Gaztea, gure garaiotako -garai guztietako- deabrua, arduragabea, apetatsua, hedonista, berekoia… Gazteak otzandu behar, gazteak txertatu behar. Lantzean behin aipatuko dugu gaixo larrien artean badagoela gazteren bat ere, haiei ere eragiten diela, haiek ere badaudela arriskuan, horrela baino ez baitugu lortuko gazteak txertatzea, beldur eraginkorraren bidez. Bitxia da, ordea, ospitaleak bete ahala ospitaleratutako gehienak ez izatea 20 urtez azpikoa, are gutxiago 12 urtez azpikoak, dioskutenez, kutsatu eta kutsatzaile gehienak haiek izan arren.

Amaitu da uda, zenbakiak onak dira, lortu dugu txertaketa‑kanpainaren eraginkortasunari esker! Amaitu da larrialdi‑egoera, ospa dezagun!

Bitartean, iraganeko eredu guztiak banan-banan jausi dira -Portugal eta Grezia txapeldunak ziren garai urrun haiek; edo Txekia, Polonia…-, eta badirudi erresistentzia dagoela herrialde askotan txertoa jartzeko. Frantzian covid‑pasaportea ezarri dute, txertatu nahi ez zuen kolektiborik handiena, osasun‑langileak, txertatzera derrigortu ostean. Nire txertoak zu babesten zaitu, dio Osakidetzaren propagandak oraindik. Eta hegoaldean ere hasiko bagina pasaporte hori eskatzen, beharbada egunen batean derrigorrezko txertaketara iristeko? Bidea prestatu beharko, konbentzi ditzagun herritarrak hori dela haiek desiratzen duten neurria.

Neguaren atarian gaude, Euskal Herri osoak egin du bat azkenean: lurralde guztietan dugu derrigorrezko covid‑pasaportea. Urritik dute iparraldean, azaro-abendutik hegoaldean. Izango zen, agian, haren eraginkortasunari buruz galdetzeko garaia, baina hobe ez, beharbada, urritik hona ez da denbora nahikoa igaro covid‑pasaporteak eragina izateko, eta Frantzian datuek okerrera egiten jarraitzen badute, ez begiratu derrigorrezko pasaporte berriak ea zer ekarri duen

Gurean, dioskutenez, txertatu gaitezkeen biztanleon artean 100.000 inguruk hautatu dugu txertorik ez hartzea, ia 2.200.000 biztanleko lurralde batean (EAEz ari naiz, baina egoera ez da oso bestelakoa Nafarroan) eta, dirudienez, 100.000 lagun horiek gai gara ospitaleak kolapsatzeko eta osasun‑larrialdi bat eragiteko, antza, txertorik ez zegoenean baino egoera larriagoan baikaude ia; bestela, zergatik jaitsi dute herriak gune gorrian sartzeko langa 100.000 biztanleko 500 positibotik 400era iazko Gabonetan -inor txertatuta egon aurretik-, eta 150era orain? Badirudi egora ez dela lar hobetu, biztanleen % 92 inguru immunizatuta egon arren (ahaztu ditzagun azken urte erdian -egia ofizialari kasu egiteko- kutsatu eta berez immunizatu direnak). 3. dosiaren txanda da, eta, EBren asmoak ikusita, bederatzi hilabete barru etorriko da laugarrena, hamazortzi barru bosgarrena, eta horrela sekula sekulotan -7 eta 14 hilabete barru Frantzian-. Hala egiten dugula eta inork ihes egiten ez duela ziurtatzeko, pasaporte berri dotore eta modernoa. Pasaporte barik, paria bat izango zara, gizarteak baztertua, arriskua, berekoia, inozoa, zoroa, legenduna… Marilurlaua!!

Bitartean, zein aproposa, gazteei bake apur bat eman, eta haurrak bihurtu dira arazo. 12 azpikoen artean ei da transmisiorik zabalena, egunero gogoratzen zaigu gelaren bat itxi behar izan dutela… Izan ere, birusa oso azkarra da eta, aldaera arriskutsuak beti geografia exotikoetan sortzen badira ere, gure artean, antza, hasi da hasieratik zientzia ofizialak birusaz zituen ziurtasun bakanetako bat birrintzen. Oroimena guztiz zikiratuta ez badugu dagoeneko, batere arraroa ez litzatekeena, gogoratuko dugu zientzia medikoak pelikula honen hasieratik argi izan dituen gauza argi bakanetako bat haurrekin zuen portaera izan dela: haurrek eta gazteek ez dute ia birusa pairatzen, salbuespen oso urrietan izan ezik, ez dira gaixotzen, birus‑karga oso txikia izaten dute eta, beraz, besteak kutsatzeko oso ahalmen urria dute. Baina, antza, 12 urtez azpikoak txertatzeko baimena emango den data hurbildu ahala, holako ezaugarriak dituen mutazio batez inon hitz egin ez badute ere, gure eusko label lurraldeetan beste inon baino azkarrago mugitzen dela erakutsi nahi digu birusak, eta, egun batetik bestera, kasuak esku bateko atzamarrekin zenbatu badaitezke ere, haurrak gehiago kutsatzea eta haiengan larriagoa izatea erabaki du. Badakigu haragi xamurra gustatzen zaiela askori eta, zergatik ez, baita euskal covid‑19ari ere. Laster, beraz, hasiko dira 12 urtez azpikoak ere txertatzen eta, bistan denez, derrigorrez txertatzen ere.

(* Ikus behean)

Covid‑pasaporteaz berba egiteko alde batera utziko dut Nurenbergeko kodeak dioen eta ez dioenaren gaineko eztabaida. Medikuntzan, txerto bat -edo edozein botika edo tratamendu- aplikatzea komenigarria dela ebazteko, printzipio nagusietako bat da kalkulatzen diren onurak kalteak baino nabarmen handiagoak izatea. Horren arabera, diskurtso ofizialaren logikatik irten gabe, txertoa masiboki aplikatzeko eta covid‑pasaportea ezarri eta txertatu gabeei eskubideak murrizteko, ondorio onuragarriek sortutako kalteen gainetik behar lukete. Funtsezko eskubideak egun batetik bestera ezabatzeko, pisuzko arrazoiak behar dira; zalantzarik gabeko onura orokor bat. Hala da derrigorrezko txertaketaren eta covid‑pasaportearen kasuan. Has gaitezen txertoarekin. Argi geratu da gehien zabaldu diren botika genetiko txertagarri horiekin dosi bi ez direla nahikoa eta, entzuten denagatik, hirugarrena ere beharrezkoa izango dela, ondoren laugarrena, ondoren bosgarrena -esperimentazio‑faseak gainditu dituztelako eta seguruak direlako dakigu hori guztia hain argi-… Ni ez naiz mediku, baina interesez entzun nuen AEBko Elikagaien eta Drogen Agentziak (FDA) irailean egin zuen saio irekiaren zati bat.

Egia da zortzi orduko saio batean 40 minutu lagin txikia dela, baina 40 minutu horietan entzundakotik ondorio nahiko argiak atera nituen. Nahi duenak osorik entzun dezake, agian guztiz kontrakoa dioten txostenak galdu ditut; nik, gutxi gorabehera, 4:00:00tik 4:40:00ra bitartekoak entzun ditut. Lehenik 4:20:00 minutura jo nuen zuzenean, minutu horretan zerbait interesgarria zegoela irakurrita nonbait. Saioa Pfizerren hirugarren dosiari buruzko ikerketen berri emateko zen. Bertan, hainbat ospitale, unibertsitate eta ikerketa‑zentrotako ikerlariek 3 minutu inguruko txostenen berri ematen dute eta, beharbada, minutu horretan mintzatzen den txostengileak dakarren informazioa da gupidagabeena. Zientzialari horren abiapuntua AEBko ospitaleetan ikusitako errealitatea da: osasun‑langile gehienek nahiago dute gaixotzeko arriskuari aurpegi eman, txertoaren ondorioei baino. Zergatik? Txostengileak kalkuluak egin ditu: pertsona heldu batek zenbat probabilitate dituen bere eguneroko bizitzan -are ospitale batean gaixoekin egunero egonda- koronabirusa harrapatzeko; zenbat, harrapatuz gero eta pertsona gazte eta osasuntsua izanda, gaixotzeko; zenbat, gaixotuz gero, larria izan eta ospitaleratua izateko eta, azkenik, zenbat, larria izanda, birusaren ondorioz hiltzeko. Bestalde, kalkulatu du zenbat probabilitate dagoen txertoagatik hiltzeko. Emaitza argia da: aukera gehiago dago txertoaren ondorioz hiltzeko, koronabirusak jota baino, pertsona heldu gazte eta osasuntsu baten kasuan. Holako pertsona bati, beraz, txertatzeko eskatzen zaionean honako eginahala eskatzen zaio, ustezko elkartasunaren izenean: jarri zure bizia arriskuan, ni seguruago senti nadin (ez seguruago egon nadin). Txostena harago doa. Pfizer teknologia genetiko txertagarriak, txertoek bezala, toxikotasun maila bat du, albo‑ondorioak ekar ditzakeena, larriak kasu batzuetan, heriotza kasurik larrienetan. Toxikotasun hori metagarria da eta, ikertu dutenaren arabera, zenbat eta dosi gehiago, txertoaren eraginkortasuna murriztu, eta areagotzen dira ondorio larriak jasateko eta txertoaren ondorioz hiltzeko arriskuak. 3. dositik aurrera nabarmen handitzen dira arrisku horiek, eta nabarmen murriztu eraginkortasuna. Horrenbeste, ezen txostengileak ondorioztatzen baitzuen Pfizerren 3. dosiak salbatzen duen pertsona bakoitzeko bi hilko dituela gutxienez. Adin‑tarte batzuetan gehiago, bost ere bai, azalpenak eta datuak ondo ulertu baditut (nire ingelesak bere mugak dauzka). Zientzialari hori urrutiago doa: Pfizerrek ziria sartu digu, dio. Haren esperimentazio‑faseak manipulatuta daude eta datu batzuk faltsututa. Ez genion sinetsi behar. Akusazio nahiko larria, FDAren horrelako saio handi batean mihiko zimurrik gabe esateko.

Hori aski ez eta, badaezpada, aurreko eta ondorengo txostenak ere entzutea erabaki nuen. Esan legez, 20 minutu egin nuen atzera eta beste 20 gero aurrera. 13 txosten inguru guztira. Eta zenbat eta gehiago entzun, larriago ni. Txosten ia guztietan errepikatzen zen ondorio bera: txerto baten balizko onurek balizko arriskuak gainditu behar dituzte, eta 3. dosiaren kasuan kontrakoa gertatzen da, are gehiago 4., 5., 6. dosiak ere jarri beharko badira. Beste arrisku batzuk ere aipatzen ziren, eta Israel jartzen zuten egin behar ez denaren eredu -4. dosia jartzen hasiak dira han dagoeneko-. Arriskuetako bat, ETBn agertzen diren adituek esan ohi digutenaren kontra, aldaera arriskutsuak azkarrago eragitea da. Izan ere, presioa sortzen dio txertoak birusari, edozein birusekin gertatu legez eta, hain mutagarria dirudien birus horren kasuan, zenbat eta txerto gehiago, handiagoak mutazioak maiz eta azkarrago gertatzeko aukera. Alegia, birusa txertoei aurre egiteko bilakatuko da. Interesgarriak eta kezkagarriak dira 12 urtez azpiko haurren txertaketaz esaten dituztenak ere. Gehien aipatzen den arriskua txertoak haurrengan miokarditisa eragitea da. FDAko txostengileei entzunda gero, egia esan, ez da gogo handirik geratzen txertoen gurpil zoro amaigabean sartzeko, are gutxiago ia arriskurik ez duten gure haurrak esperimentazio horren biktima bihurtzeko.

Azken hamaika urteotan txerto mota guztiek batera eragindako gaitz larrien eta hildakoen bilakaera. 2021eko aldagai berri bakarra… covid txertoak.

Lehenengo ondorioa: Pfizer txertoaren kasuan -eta badirudi besteekin alde handirik ez dagoela- 3. dosia ez dago justifikatuta, are gutxiago biztanlerik zaurgarrienen kasuan, koronabirusaz esan diguten legez, teknologia txertagarri horrekin aurretik dauden gaitzak gaiztotzeko aukerak gero eta handiagoak baitira. Alegia, gero eta probabilitate handiagoak txertoak berak pertsona zaurgarri horiek hiltzeko. Ez da betetzen medikuntzan funtsezkoa den araua: ustezko onurek ustezko kalteak nabarmen gainditzea.

Goazen orain pasaportera. Horretarako beste egia mediko bati heldu behar diogu. Zein da txertatuta eta txertatu gabe egotearen artean predikatzen dizkiguten alde nagusiak? Zein dira covid‑pasaportea kutsatzeak gelditzeko neurri eraginkor bihurtuko luketen onurak? Bi dira nabarmendu ohi dituztenak: txertatuta egonez gero, gaixotzen bazara sintomak arinagoan izango dira -hau da, maila kontu bat, eta neurtu behar litzateke alde horrek txertorik nahi ez duenari arriskua ekar diezaiokeen txerto bat jarraraztea justifikatzen duen; alegia, zu apur bat babestuago sentitzeko ni nire gorputzean nahi ez dudan eta arriskuan jar nazakeen zerbait sartzera behartzea proportzionala den- eta, bestetik, txertatuta egon eta gaixotuz gero, arinago kutsatuko dituzu besteak, zure birus‑karga txikiagoa izango baita. Zertarako balioko luke holako pasaporteak, bera lortzen duten txertatuek txertatu gabeek beste kutsatuko balute? Puntu honetan nire hurbileko eskarmentura joko dut, lehen eskutik ez bada, oso zaila baita holako datuen berri izatea. Ez da izango ETB holako kasuez informatuko gaituena, egon seguru.

Joan den astean lehen eskuko informazio interesgarria jaso nuen iturri bitatik, orain arte aztertutakoa oso ondo laburbiltzen duena. Alde batetik, Bilboko nagusien egoitza batean lan egiten duen lagun batek kontatu zigun aste horretan bertan gertatutakoa: 3. dosia jaso eta gutxira, egoiliar bi ospitaleratu behar izan zituzten larri, eta hirugarren bat hil zen giltzurrunek huts eginda. Txertoak hil zuen, alegia. Gertatutakoa bat dator FDAko txostengileei entzundakoarekin: 3. dosiarekin nabarmen areagotzen dira txertoak lehenagotik dauzkagun gaitzak larriagotu eta horren ondorioz hiltzeko probabilitateak, koronabirusak egiten ei duen bezala. PCR positibo batekin horrela hilez gero, ez dut zalantzarik egiten koronabirusak jotakoen zerrenda gizentzera joango zela kasu hori; txertoaren 3. dosiaren ostean hilda, aldiz, seguru nago heriotzaren zio ofiziala giltzurrunek huts egin izana izango dela estatistiketan, eta ez txertoak hilda.

Bigarrenak zerikusi handiagoa dauka pasaporte zoragarriarekin. Labur kontatuko dut, garrantzitsuena biltzeko. Duela gutxi, nire lagun batek bisita bat hartu zuen etxean. Lan‑mundu bereko lagunak dira. Bisitariak pauta osoa du jarrita, bidaiatzeko pasaportea dauka, eta Europako hainbat herrialdetatik ibili ondoren iritsi zen gurera. Nire laguna ez dago txertatuta. Aireportuak zeharkatu, hegazkinak hartu, kasu batzuetan txertatuta zegoela frogatzeaz gain PCR negatiboak ere erakutsi… eta, egia ofizialaren arabera, babestuta zegoen eta bere ingurukoak babestuko zituen. Hotzeria sintomekin iritsi zen, egunetik egunera handiagoak, azkenean testa egitea erabaki zuen arte, pot eginda baitzegoen. Positibo eman zuen eta, handik gutxira, bidaian jarraitu behar zuenez, gaixorik eta sintoma nabarmenekin artean, behar izan zituen aireportu eta aduana guztiak zeharkatu, eta hegazkinak hartu zituen, azken finean pasaporteak txertatuta zegoela baitzioen eta, beraz, besterik eskatu ez baitzioten bidaiatzeko. Handik egun batzuetara hasi zitzaizkion sintomak nire lagunari, eta laster larri ospitaleratu behar izan zuten, albo biko pneumoniak jota. Laster nire lagunarekin bizi direnetako bat ere ospitaleratu zuten, larrialdietara. Harekin joan ziren ospitalera haiekin bizi diren beste pertsona bi, sintomekin, eta probak egiteko eskatu zuten. Osakidetzak etxera bidali zituen, azken finean, “txertatuta zeuden” eta ez zegoen arriskurik, beraz. Bizitza normala egin zezaketen gaixorik zeudena jakin arren. Kontuak kontu, txertatutako pertsona batek larri kutsatu zituen lagun bi, arin beste bi, eta tarte horretan nire lagunarekin egondako gehienak ere kutsatu ziren, gehienak sintoma arinagoekin bada ere. Txertatuta zeuden nire lagunaren inguruan egon eta gaixotu ziren ia denak. Zertarako balio izan dio pasaporteak haren lagunari? Lasai oso ibili eta bere ingurukoak birus‑karga handiz kutsatzeko, nahikoa haietako baten bizia arriskuan jartzeko. Txertoen garaien aurretik ohikoa zen egoera esango nuke, baina zer dakit nik…

Laburbilduz: nire txertoak zu babesten zaitu…, ni gaixotzen ez naizen bitartean. Zein da, beraz, covid‑pasaportea derrigortzeko arrazoia? Zer dago horren atzetik, txertatutakoek txertatu gabeek beste barreiatzen badute birusa? Agian, txarto pentsatzen hasi, eta begitanduko zaigu xantaia egiteko modu bat baino ez dela, eta biztanleon % 100 txertatzeko temaren atzean ez dagoela osasun‑arrazoirik, enpresa batzuek aurkitu duten urrezko arrautzen oiloa baizik. Ideia ilunagoei toki ez egitearren, noski.

Niri dagokionez, txertatuta egon zein ez, boikota egingo diot neurri baztertzaile hiltzaile horri. Bizi daiteke, momentuz, pasaporterik eskatuko ez diguten jardueretan parte hartuz. Ezinbestekoa ez dudan bitartean beste pasaporte baztertzailea erabiltzeari uko egiten diodan bezalaxe. Normalizatu dugu pasaporte hori, ez ahal dugu hau ere laster normalizatuko, kontrola areagotzeko arauek nekez egin ohi baitute atzera behin onartu ditugunean. Laster, beharbada, gure osasun-informazio pribatua ez ezik, beharbada beste datu pertsonal batzuk ere erakutsi beharko dizkiogu edozein ezezaguni, denborari denbora. Hau onartzen badugu, koskaz koska jango dizkigute oraindik dauzkagun eskubide eta askatasun apurrak. Zeren izenean izango da hurrengo pasaportea? Ekofaxismoaren izenean, agian? Gure onerako beti, hori bai.

(*Robert Malone mediku eta ikerlariaren bideo bat partekatu nahi izan dut -RNAm teknikaren asmatzaileetako bat da bera-, eta hona Youtube-ko pentsamenduaren poliziak berehala bidali didan mezu adeitsua:)

Kaixo, Asel Luzarraga!
Gure taldeak zure edukia berrikusi du eta gure okerreko informazio medikoari buruzko gidalerroak urratzen dituela uste dugu. Kendu egin dugu eduki hau YouTube-tik:
Bideoa: COMUNICADO DEL DR. ROBERT MALONE
Warning
Kale egin dizugula sentituko duzu akaso, baina YouTube guztiontzat segurua dela ziurtatzea da gure lehentasuna. Horregatik, edukiren batek arauak urratzen baditu, kendu egiten dugu. Akats bat egin dugula uste baduzu, ihardespen bat bidal diezagukezu, eta beste begiratu bat emango diogu. Informazio gehiago lortzeko, jarraitu irakurtzen.

Nola urratu ditu edukiak gure gidalerroak?

YouTube-k ez ditu onartzen COVID-19aren txertoari buruzko adierazpenak, ez badatoz bat adituek diotenarekin, nola tokiko osasun-agintaritzetakoak izan edo Osasunaren Mundu Erakundekoak (OME). Lortu informazio gehiago hemen.
LORTU INFORMAZIO GEHIAGO

Zer eragin du horrek zure kanalean?

Lehenengo aldia denez, jakinarazpen bat baino ez da hau. Berriro gertatzen bada, abisu bat jasoko duzu kanalean, eta ezingo duzu bideorik kargatu, edukirik argitaratu edo zuzeneko igorpenik egin astebetez.

Zer egin behar duzu orain?

YouTube-n gera zaitezen nahi dugu; beraz:
Agur bero bat,
YouTube-ren taldea

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.