Víctimas del Tourrorismo

(Artikulu hau Independentean argitaratu zen lehenago).

Hemen dugu. Ate joka ez, kitcheneraino sartuta. Gure kolarrean, Bermeoko alde zaharrean, zortzi ateetatik bik jarri dute izurritearen marka: VT. Hasi dira mamuak eskaileretan gora eta behera agertzen. Gure kalean bertan, apur bat beherago, gehiago zabaldu da madarikazioa: zortzi ate, bost VT. Bai, V eta T. Letra txikira jo beharko duzu “Erabilera turistikoko etxebizitza” zure hizkuntzan irakurtzeko. Thanks God. ET jarriz gero, nabarmenegia izango litzateke inbasio estralurtarra, beharbada. Eta, halako batean, konturatu gara azken hamarkadotako biktimariook biktima bihurtu garela. Hau ezustekoa!

Barregarria zen garai batean: zuri-beltzezko gure pantailetan Pirinioetatik gorako oilasko erreak agertzen ziren Mediterraneoko hondartzetan Estesok eta Pajaresek emakume ilehori pneumatikoak limurtu eta haien gizonak luma zitzaten. Hori zen turismoa: eguzki zoragarriak eta fauna iberikoak larrututako alemanak. Gugandik urrun. Pantailan.

Halako batean, Benidorm bermeotarrez bete eta apur bat geroago, konturatu ginen gure poltsiko proletarioek aukera ematen zigutela urrutiko kulturak gure txintxin-hotsaren dantzan jartzeko. Alemanak ginen geu ere, antzina espainolak izan ginen legez. Kolonialismoaren mirariak orduan. Kapitalismoarenak orain. (Bien arteko alderen bat ikusten dutenentzako oharra). Mundu oso bat gure turismorako eskubidearen aurrean belauniko.

Eta sare sozialak sutan, argazkiz argazki gure irribarrerik politenek CO2 jan dezaten gosarian, bazkarian eta afarian. Planeta zatien buffet librea. Zer da ba Instagram.

Gure kasuan motxileroak ginen. Guai. Ez gintzatela nahas turista gogaikarriekin. Turismo iraultzailea ere sortu zen. Galdetu kontzientzia iraultzailez larru beltzaranak kontsumitzen dituzten gizon-emakumeei; Kuban, esaterako. Gora Fidel. Are turismo anarkista. Txiapas izan zitekeen herenegun, Rojava atzo, Kanaria Handiko auzo autoantolatuak gaur (azken horiek ez bilatu zure bidaia-agentzia hurbilenean). Askayala biharko utziko dugu.

Baina, halako batean, gure etxeraino iritsi da kultura folklore bihurtzen duen olatua. Ez dakigu ezker edo eskuin olatua den, gustu guztietarako baitago. Orain denok gara Basque. Globalizazioak aspaldi finkatu zuen filial bat Ajuria Enean. Sukurtsal bat behar zuen ondoan Francok erraustu ez zuen arbolak ere.

Beste batzuei utziko diet legezkoa zer den eta zer ez eztabaidatzeko plazera. Edo Guggenheim baten ordez beste museo motaren bat…, beste kokapenen batean… jasangarriagoa izango ote den eztabaidatzea.

0 km modan dago -zer erremedio!-. Urrun, ordea, 0 km turismoa aldarrikatuko duen kontzientzia kolektiboa.

Denaren errua neoliberalismoari egozten zaionetik, kapitalismoak lasai egin dezake digestioa, Keynes gogoan. Ezker-eskuin, jagole onak izan ditu beti, eta denok irentsiko gaituen hiltamua luzatzeko mediku onak dauzka. Ondo ordainduak bai, behintzat.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.