Abstentzio aktibotik harago

Atzo Lucio Urtubia handiak utzi gintuen. Amatatu zen haren gorputza, ez, ordea, haren ideiak. Datorren urtean hamar urte beteko dira, nafar anarkistak xaxatuta, EHKL (Euskal Herrietako Koordinakunde Libertarioa) sortu genuenetik. Abentura laburra izan zen, baina bide aberasgarria ere bai. Okerrik ez egiteko bide bakarra baitago: ezer ez egitea. Ezer irakasten ez duen bidea. Eta egitearen balioaren eredu izan zen Lucio, gauza guztien gainetik.

Duela astebete, bestalde, anarkistok hotz uzten gaituen data bat bete zen: demokraziaren hamaikagarren antzezpen tristea. Haren aurretik zein ondoren, hutsune handi bat sentitu dut hilotan. Gure inguruan ez da, berez, oso bizirik sentitzen den mugimendua gurea, baina, beste gertakari askoren aurrean legez, nago jokoz kanpo sentitu garela anarkistok, COVID-19a aitzaki hartuta, gure inguruan eraiki duten normaltasun berriaren harresi zaharberrituen barruan. Hauteskunde ziklo bakoitzean sentitu daroagun legez.

Alde batera utziko ditut birus mota batzuk, gaitz demokratikoari heltzeko. Izan ere, duela egun pare bat hauteskundeen aurreko estrategiaz eztabaidatzen genuen lagun batek eta biok, antzeko ideia baten hariei tiraka.

Argi dago, eta ondo deritzot, historikoki demokraziaren festak ez duela eragin handirik izan, ez banako anarkiston bizimoduan, ez talde eta erakundeen jardueran, abstentzio aktiboaren aldeko kanpaina errepikakor eta atabiko batzuetatik harago. Hauteskunde garaiak iritsita, behartuta sentitzen bide gara munduari gogoratzera guk ez dugula parte hartzen, baina abstentzio aktiboaren aldeko kartelak, mezuak, irudiak… sortzeak berak prozesu horretan eragin nahia adierazten du, ezta? Nahi eta ezina, esango nuke.

Ezagutzen ditut hauteskundeekin distantzia zuhur bat gordetzeko arrazoiak, neure egin ditut aspaldi baina, pentsa litezke haien inguruko estrategiak beste modu batera? Pentsa litezke anarkismoak egin nahi duenari eta, batez ere, egiten ari denari bozgorailu bat jartzeko aukera gisa? Gure proiektuak, asmoak, ideiak, historia… gizarteratzeko balia genitzake ziklo etengabe horiek? Alegia, abstentzio aktiboa aldarrikatzen dugunean, egin genezake gehiago gure abstentzioa benetan aktiboa izan, eta aktibo horrekin zer esan nahi dugun erakusteko?

Badakit ez naizena halako ideia bat otu zaion lehen anarkista eta, azken finean, patata bero bat izan dena beti hauteskundeena gure eskuetan. Leloetatik harago, bestalde, beti egon eta egongo dira, nork bere zioengatik, bozka eman eta emango duten anarkistak. Egon dira, halaber, alderdiak sortzeko proiektuak, are denboraren poderioz anarkismoarekin lerrokatutako alderdiak, hala mola Flores Magón anaien Alderdi Liberala, XX. mendearen hasierako Mexikon kapitalaren eta estatuaren aurkako borroka etengabean jardun zuena, eta Mexikoko desjabetuen artean “Lurra eta Askatasuna” aldarria bolbora legez zabaldu zuena; Zapata matxinatu baino askoz lehenago jardun ere. Baina ez daukat buruan halako egitasmorik; ez daukat buruan alderdi anarkista bat sortzea, partitokraziak alderdiei ematen dien zentzuan.

Badago beste aukera bat, ordea: sistemak alderdiei eskaintzen dizkien erakusleihoak baliatzea, sistema horretan arrakalak sortzeko, hain zuzen ere. Sistemari adarra jotzeko, labur esanda.

Ez luke zaila izan behar: esparru anarkistetan egitasmoa ondo azalduta, legeak eskatzen dituen baldintzak betetzea (sinadurak eta holako kopla guztiak) itxurazko alderdi bat sortzeko (demagun, zerbait esatearren, AA legeztatzen dugula, Abstentzio Aktiboa). Alderdi horrek programa bat eta hautagai batzuk behar lituzke, noski, baina gutxienekoa litzateke hori. Helburua anarkismoak aspaldi egin duen propaganda kanpainarik zabalena litzateke, sistemak berak alderdiei eskaintzen dizkien kanal guztiak baliatuz.

Balizko AA horrek, noski, ez luke botorik eskatuko, baina partitokraziak guretzat ezer esan nahi ez duela erakusteko, hain zuzen ere, nahikoa lirateke mezu labur pare bat argi uzteko ez dugula inoren botorik nahi. Nahikoa litzateke honen moduko zerbait: “Ez dugu inor ordezkatzen, ez gaitu inork ordezkatzen. Ez eman botorik”. Indar komunikatiboa, beraz, beste noranzko batean jarriko litzateke. Kanpaina hori ondo pentsatzeak eskatuko luke eginahalik handiena.

Zertarako balia litezke, beraz, sistemak alderdiei eskaintzen dizkien kanalak? Uste dut garrantzitsua litzatekeela, denboraz, ikus-entzunezko material ondo pentsatu eta esanguratsuak prestatzea, hauek erakusteko, besteak beste:

  • Zer den anarkismoa.
  • Esperientzia anarkista historikoak (Mexikotik Mantxuriara, Aragoi edo Ukrainiatik igarota).
  • Egungo esperientziak, antolatzeko moduak, proiektuak, ekintzak… (herri eta auzo autogestionatuak; gune autonomo askatuak eta auzo anarkistak AEBn, Frantzian, Italian, Grezian…; FAGCren esperientzia; kooperatiba integralak; Hambach basoko borroka Alemanian…). Zalantza handiagoak sortzen badituzte ere, uste dut Txiapasek eta Rojavak ere euren tokia behar luketela.
  • Estatua-Kapitala-Heteropatriarkatua bat dira. Borroka guztiak dira bat eta bera: gizakien arteko begirunea, berdintasuna eta askatasuna, banakoa eta kolektiboa. Borroka ekologikoak, feministak, LGTBQIA kolektiboenak, arrazakeriaren kontrakoak, desazkundearen aldekoak, hizkuntza-eskubideen aldekoek, inperialismo mota guztien kontrakoek… ez dute zentzurik ez etorkizunik desberdintasun guztiak sortu eta bermatzen dituzten estatuaren eta kapitalismoaren logika hierarkikoa apurtzen ez badute eta haien xedea globala ez bada.
  • Hauteskundeetatik harago, norberaren auzoan egon litezkeen gune, elkarte, borroketara hurbildu eta haietan parte hartzeko deia. Zer ari da gertatzen zure auzoan, zure herrian? Hurbildu, ezagutu, ekin (ateneoak, liburutegiak, okupak, etxebizitzaren aldeko borrokak, poliziaren indarkeriaren, faxismoaren eta arrazakeriaren aurka antolatutako taldeak, ingurumena kapitalismo predatzailetik defendatzekoak, auzo-batzar autoantolatuak…).

Nire ustez, aukera sortuko luke horrek, material guztia prestatzeko prozesuan, hainbat borroka, kolektibo, errealitate, prozesu… lotzeko, elkarren berri izateko eta, azkenik, bistaratzeko, partitokraziaren lurralde-ikuspegi mugatua hautsiz. Hauteskundeak aldundietarako izan, autonomia-erkidegorako izan, estatu jakin baterako izan, mugarik gabeko errealitateak, historiak, borrokak, ekintzak… jarriko lirateke pantailan. Eta ez dira gutxi, Txile edo AEBko matxinadetatik, Hong Kongeraino, Ekialde Hurbila eta Afrika ahaztu gabe. Mundu osoko zapalduok batzen gaituena erakutsiko genuke.

Hori eginda, jendeak bozka eman, ez eman, norberaren erabakia litzateke, eta kanpainan horrek ez luke pisu ez garrantzi handirik. Funtsa ekintzaren bidez ekintzara deitzea da: errealitatea ez du botoak aldatzen, ekintzak baizik.

Dena dela, kasu oso hipotetiko eta irreal batean, batzuei itxurazko alderdi horren aldeko botoa ematea otuko balitzaie, eta dena delako hauteskunde horretarako jesarlekurik lortuko balitz, hasteko, argi geratu behar litzateke (eta nik uste hala sinatu behar luketela hautagai agertzea onar lezatenek) balizko jesarleku horiek hutsik geratuko liratekeela. Hautagaiak dagokion akta eta horri lotutako dietak hartu? Zergatik ez? Zergatik ez sakondu sistemaren pitzadura horietan, eta sistemak emandako dirua interesgarri diren proiektu iraultzaileetara bideratu? Ez dut uste horretarako aukera handirik egongo litzatekeenik, baina ezustekorik balego, sistemari barre egiteko beste aukera bat litzateke.

Hemen jarritako guztia, noski, ideia baten zirriborro osagabea da, bote lasterrean jarrita. Holakorik egingo balitz, parte hartzeko prest gauden guztion artean pentsatu behar litzateke berriro, zerotik, xedea, hori bai, argi izanda: ondo pentsatu, landu eta mamitutako kanpaina baten bidez sistemaren arrakalak baliatzea eta, ahal dela, handitzea, eta ez benetako alderdi, talde edo kolektibo bat sortzea, denboran irauteko asmoa duena.

Ideia bat baino ez da…

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.