Patriarkatua-Estatua-Kapitala eta gaitz txikienaren teoriak

Gure historia hurbilean ezarritako botereen aurkako teoria sozial modernoak sortzen hasi zirenetik oso ohikoa izan da gaitzen artean hierarkia bat ezarri behar dela pentsatzea. Posible dela lehenengo etsai bati erasotzea, behin hura suntsitutakoan hurrengoari ekitea eta, agian, azkenean, hirugarrenari. Hala, XIX. mendean teoria sozialistak sendotzen hasi zirenean, korronte batzuentzat Kapitala izango zen gaitz nagusia, suntsitu beharreko lehena, eta askoz geroago, agian, iritsiko zen Estatua ere suntsitzeko garaia. Patriarkatua bazter batetik baino ez zen sartu ekuazio horretan, hiruki banaezina izan behar zuena bikote batera sinpletuta.

Historiara jotzen badugu, ordea, ikusiko dugu hirurak hazi beretik datozela eta estuki lotuta agertu eta garatu direla giza taldeetan. Hazi hori, hain zuzen ere, hierarkia bera da, bizi osoa hierarkizatu beharra, eta menderakuntza, ingurunea, eta harekin batera beste gizakiak, menderatu beharra. Ordenaren aldetik, historia ez da homogeneoa. Giza-talde batzuetan sistema patriarkala sortu zen Estatua sortu baino askoz lehenago, eta beste batzuetan, ordea, Estatuak ezarritako legeen bidez baino ez zen lortu patriarkatua inposatzea, maiz emakume eta gizon askok inposizio horri aurka egitea garesti oirdainduta, azken urteotan Silvia Federicik eta Prado Estabanek, esaterako, ondo ikertu dutenez. Alegia, gizarte batzuetan, hierarkia printzipioa eratzen hasi eta berehala buruan sexuetako bat, gizona, aita (ez dakit matriarkaturik, hots, hierarkia printzipio horri jarraiki giza-taldearen buru emakumea, ama jarri duen kulturarik benetan egon den, horretaz hitz egiten denean uste baitut berdintasunezko gizarte horizontalak, bertikaltasunera ohituta gauden garaiotan, matriarkatuarekin nahastu direla) jartzen hasi zen, ohitura lehenago, idatzi gabeko lege gero, eta idatzitako lege, azkenean, bihurtu arte. Beste batzuetan, aldiz, hierarkia printzipioa oso ahula izan zen luzaroan, ez zen sexuen arteko mailakatzerik egin eta bizimodu nahiko horizontalak iraun zuen haien gainetik eratutako Estatu batek lege positiboen bidez gizarte eginkizunak sexuen artean banatu eta sexuak eurak mailakatu arte, esan bezala, gehienetan, halako prozesuei aurre egin zieten emakume eta gizon asko bidean utzita. Halaxe gertatu zen, esaterako, Ameriketako zenbait herritan, Silvia Federicik dokumentatu duenez, edo Iberiar Penintsulako herri askotan, Prado Estebanek dokumentatu duenez. Eta Europaren kasurako, italiar egileari jarraituta, Kapitalismoa ezarri ahal izateko ezinbestekoa izan zen kultura patriarkala zeukaten herrietan hura etengabe areagotzea eta muturrera eramatea eta, holako kulturarik ez zeukaten herrietan, hura ezartzea, emakumeak ordura arte berezkotzat zeuzkaten hainbat espaziotatik ateraraziz eta pixkanaka, prozesu luze batean, etxeko zereginetara zokoratuz, aurreko gizarteetan balio handikoak ziren jarduerak baliogutxituta eta gizonak jarduera haietatik derrigorrez urrunduta.

Kapitalismoari dagokionez, Europako Estatuetan hasi zen hura eratzen, eta ezinbestekoak izan ziren Estatuen lege positiboak hura ahalbidetzeko. Lehenengo oinarria, jabetza komunala jabetza pribatu bihurtzea zilegi egingo zuten legeak. Indarrez egindakoak Estatuen bedeinkazioa jasotzea, legearen bidetik eta babes armatuan oinarrituta. Morrontzatik soldatapeko lanera, mendekotasuna ezartzeko modu bi. Izan ere, Kapitalismoak ezin du iraun, eta ezingo zen garatu, lege esparru bat ematen dion Estaturik gabe. Segurtasuna, egonkortasuna behar ditu. Hots, jabeen eta merkatuen segurtasuna eta egonkortasuna. Eta hori Estatuak, egitura armatu antolatu batek baino ezin dio eman. Armaz betearazitako legerik gabe, langileek ez daukate oztoporik euren lanaren emaitza hartu eta hari nahi duten erabilera emateko. Herritar gehienen desjabetzea indarrez baino ezin da lortu, eta indar iraunkor batez baino ezin zaio eutsi. Eta erabilitako indar horri zilegitasuna emango dion gotorleku bat behar da: Estatua.

Bestalde, lanaren muturreko banaketan eta diruaren mugimenduan oinarritzen den sistemak lanak ere hierarkizatu behar izan zituen, eta bide horretan Patriarkatua orokortzea, zorroztea eta muturrera eramatea ezinbestekoa izan zen Kapitalismoa une hartan garatu ahal izateko, berriz ere Silvia Federicik oso ondo dokumentatu duenez.

Egungo Estatuek, bestalde, ezinbesteko dute Kapitalismoa. Izan merkatu librekoa, izan estatu-kapitalismoa. Ezinbestekoa dute langileen eta jabeen arteko bereizketa. Langile horiek elkarren lehian diharduten enpresetan lan egin, nahiz Estatuaren monopolioetan lan egin, ezin dira izan ekoizpenaren jabe, euren lanaren jabe. Estatuak, bestalde, plusbalioa edo, Proudhonek lehenago definitu zuen bezala, lanaren soberakina kendu behar die langileei bere gastuei aurre egiteko, bere egiturei eusteko, eta langile guztien gaineko kontrola behar du, lurren gainekoa, ekoizpenaren gainekoa. Enpresa pribatuen esku utzi zein enpresa publikoen bidez kudeatu, lanaren emaitza ezin da inoiz langileena, herritarrena izan.

Hala, piztia bakarra dugu, hierarkia eta menderakuntza gorputza, Estatua, Patriarkatua eta Kapitalismoa haren hiru buruak, ezinbestekoak hirurak piztia biziko bada.

Egoera horretan, hasieran esan dugunez, gehienek buru bat hautatuko dute, gehienez bi, piztia, hierarkia eta menderakuntza, suntsituko dutelakoan -hori, fede onez dihardutenei buruz esanda, askoren asmoen artean hierarkia eta menderakuntza suntsitzeak ez baitauka tokirik txikiena ere-. Eta buru horietako bat mozteko, sinetsita daude beste buruak indartu behar dituztela, buru horiek, gorputz beretik irtenda elkarren osagarriak izan barik, elkarren arerioak direlakoan, gizaki baten ezker eskua haren eskuin eskuaren etsaia izan ahal balitz legez.

Anarkismoaren lerroetara etorrita, egoera horretan geneukan Proudhon. Marxen, Bakuninen, Kropotkinen eta beste askoren maisua izan zenak gauza ederrak idatzi zituen, zalantza barik, eta hainbat gertakariri hartu zien aurre. Zorrozki aztertu zituen gizartea eta ekonomia, eta aginpidearen etsai aldarrikatu zuen bere burua. Baina dialektikaren tranpan jausi zen eta, hala, kontraesanak inoiz guztiz gainditzerik ez dagoela sinistuta, aginpideak betiko iraungo zuelakoan, harentzat tokirik txikiena gorde nahi izan zuen, eta Patriarkatua besarkatu zuen haren gordelekua izateko. Berdintasunaren eta askatasunaren aldarrikatzaile sutsua izanik, gizakien erdientzat gorde zituen berdintasun eta askatasun horiek: gizonentzat. Aginpidea etxean gordeko zen, familian. Eta familia hura patriarkala izango zen. Baina, sor daiteke hierarkiarik gabeko gizarterik gizarte hori osatuko duten gizaki guztien lehenengo ikasgaia aitaren hierarkia izango bada? Berdintasunezko gizarte askerik eraiki daiteke sexu biologiko bat izanda jaiotzen diren guztiak beste sexu biologikoa izanda jaiotakoen mende egonik? Inor inoren mendeko izanik? Zorionez, haren ondorengo anarkistek, Bakunin buru, Proudhonen matxismoa deitoratu zuten eta, haien lehenengo ardura izan ez bazen ere, argi ikusi zuten ezin zirela Estatua eta Kapitalismoa suntsitu Patriarkatua ere suntsitu gabe. Emma Goldamanek ere goraipatzen zituen Proudhonen ekarpenak, ordea, baina puntu horretan, noski, jarraitu gabe. Zorionez, anarkismoak ez du inoiz pertsona baten doktrina osorik hartu eta baztertu behar zena baztertzeko ez da damurik izan, gehienetan.

Patriarkatua momentuz alde batera utzita, hasieran Marxek Proudhonengandik Estatua suntsitu beharraren ideia hartu bazuen ere, hura suntsitzeko unea gero eta urrunago kokatu arren, egun marxista gehienen artean (baita anarkista ez gutxiren artean ere) dagoen ideiarik zabalduena da lehenago Kapitalismoa suntsitu behar dela eta, horretarako, Estatua indartu. Eta bide horretan, indarrak batzeko eskatu ohi dute. Anarkista askok ere, esan bezala, amuari heltzen diote. Elkarrekin egon behar dugu borrokan, esaten digute. Baina…, Estatua indartzearen aldeko borrokan elkarrekin? Etsai okerragoa da Kapitalismoa Estatua baino? Posible da Estatua Kapitalismorik gabe? Ez da Estatua, hain zuzen ere, Kapitalismoa behin eta berriz salbatu duena? Ez da Estatua izan Kapitalismoa suspertu duena, hura suntsitzeko itxurak egin dituen toki bakanetan? Ez da, Bakuninek aurreikusi bezala, estatu Kapitalismoa, langileen diktaduraren izenaren atzean mozorrotuta bada ere, tiraniarik zitalena? Non dauzka langileak bere ahotsa entzuna izateko, bere lanaren jabe izateko aukerarik txikienak, Estatuaren enpresetan, publikoak direla dioskuten enpresa horietan baino? Zer erabakimen dauka funtzionario batek bere lanpostuaren barruan? Zein da plusbalio xurgatzaile nagusiena, Estatua baino? Eskolak, ospitaleak, zerbitzuak… ordaintzen dira Estatuak kendutako plusbalio horrekin, esango digute. Bai, baina Estatuen aurrekontuen zatirik handiena ez doa hara, hain zuzen ere. Estatuak langileoi osten digun plusbalioaren zatirik handiena Estatuaren egiturei eusteko erabiltzen da: legegileei, epaileei, poliziei, militarrei, espetxezainei… ordaintzen zaie, Estatuaren morroiei, hain zuzen ere. Kartzelak, polizia-etxeak, epaitegiak, kuartelak, armak… eraikitzeko ematen diogu plusbalioa. Gu kontrolatzeko eta azpiratzeko azpiegiturak. Doktrinatzen gaituztenei ordaintzen diegu, hamaika modutan menderatzen gaituztenei. Eta Estatuak, esan ohi zaigunaren kontra, hazi baino ez du egin, bai aro sozialdemokratetan bai aro neoliberaletan (Kapitalismoak ere, bai aro neoliberaletan, bai aro sozialdemokratetan, hazi baino egin ez duen bezala). Beraz, berriz galdetzen dut: borroka berean gaude Kapitalismoa suntsitzeko Estatua sendotu behar badugu?

Azkenik, moztu behar den buru bakarra Patriarkatua dela uste dutenak daude -edo, gehienez ere, Patriarkatua eta Kapitalismoa-. Patriarkatuaren aurka dauden -edo daudela dioten- askorentzat gizona gizartearen buru jartzea da Patriarkatuaren oinarri bakarra. Horixe kezkatzen dituen desberdintasun bakarra. Hierarkia bera, menderakuntza bera, askorentzat ez da txarra, beharrezkoa baino. Eta hala, feminismoen lerroetan ez gutxik Estatua, kasu gehienetan, eta Kapitalismoa, beste askotan, indartu beharra ikusten dute Patriarkatua desagerrarazteko. Patriarkatua Estatuaren lege positiboen bidez ezarri bazen -tira, ikusmolde hori duten gehienek nekez onartuko dute egungo Patriarkatua lege positiboen bidez ezarritako zapalkuntza modu bat dela-, lege positiboak beharko dira hura desagerrarazteko, antza. Patriarkatuak emakumeei ezaugarri batzuk esleitu bazizkien, eta beste batzuk gizonei, seguruenik gizonei esleitutako ezaugarriak desiragarriak dira, horregatik gorde zituzten gizonek eurentzat, eta berdintasunaren bila Patriarkatuak esleitutako ezaugarriak zabaldu beharko dizkiegu emakumeei ere. Gizonaren eredurako hautatu ziren “dohainak” lehiakortasuna, “arrakasta” nahia, botere nahia, indarkeria erabiltzeko prestutasuna, hierarkiaren gorazarrea, norberaren buruaz baino ez arduratzea, ezer doan egiteko eta elkarri laguntzeko prest ez egotea badira, har ditzagun “dohain” horiek eta heda diezazkiogun gizarte osoari. Patriarkatuak, Estatuaren lege positiboen bidez, gizonak soldata irabaztera derrigortu bazituen, soldataren bidez emakumearen gaineko boterea eman bazion, gorets ditzagun enpresa kapitalistak, indartu dezagun Kapitalismoa, eta bihur ditzagun giza harreman guztiak sal-eros daitekeen zerbait. Aska gaitezen soldataren bidez. Lor dezagun genero-berdintasuna lanpostuetan, enpresa kapitalisten zuzendaritzetan, botere maila guztietan… Indartu ditzagun Estatua, Kapitalismoa, hierarkia printzipioa, menderakuntza, susta dezagun klaseen arteko desberdintasuna, bai goian bai behean gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna egonez gero, bultza dezagun errepresioa, eraiki dezagun kartzela gehiago segurtasuna bermatzeko… eta, antza, hori dena egin ondoren Patriarkatua garaituta egongo da. Eta noski, bide horretan ere, Patriarkatuaren aurka ez ezik, Estatuaren eta Kapitalaren aurka ere gaudenoi bat egiteko eskatzen zaigu. Halakoak iradokitzen dira are lerro anarkofeministetatik batzuetan, oraindik baitut gogoan halako erakunde batek, analisi interesgarria eta mamitsua egin ondoren, ateratzen zuen ondorioa: “Orduan, klase interesek batzuetan oztopoak jar diezazkiote batasun feministari maila praktiko batean. Edonola ere, askoz garrantzitsuagoa da anarkistentzat mugimendu feministarik zabalenarekiko lotura nabarmentzea aldeak azpimarratzea baino. Azken batean, klase menderatzaileak gutxiengo dira eta gizarteko emakume gehien-gehienak bat datoz gizonarekin berdintasun ekonomikoa irabazteko interes komunean”. Alegia, baietz, Patriarkatua garaitzeko beste une baterako utz daitekeela Estatua eta Kapitalismoa suntsitzeko borroka eta joan daitekeela haiek indartzen dituzten mugimenduen eskutik.

Azken finean, piztia hiltzeko haren hiru buruak, Patriarkatua, Estatua eta Kapitalismoa, batera moztu nahi ditugunok gara zerbait sakrifikatu behar dugunok, gure helburuekin bat ez datozenei euren helburuak lortzen lagundu behar diegunok, etorkizunean gure etsaiak izango direnak indartzeko lan egin beharko dugunok… Bada, niri ez eskatu ez Patriarkatua, ez Estatua, ez Kapitalismoa indartzeko laguntzarik. Aberrazioa den anarkokapitalismoarekin bat ez egitea erabakitzen dudanean hain ondo ulertzen duzuna uler ezazu besteekin bat ez egitea erabakitzen dudanean. Zeren bai, nire analisitik kanpo utzi dut oximoron hori, anarkokapitalismoa, hots, Kapitalismoa indartzeko Estatua desagerrarazi nahi duela dioen mugimendu ulertezin baina gero eta zabalduago hori (ez dakit jakin nahi dudan Patriarkatuaz zer dioen), seguru nagoelako azalpen handirik gabe ulertuko dela hiru buruak, Patriarkatua, Estatua eta Kapitalismoa, moztu nahi dituen batek nekez egingo duela bat Kapitalismoa gurtzen duen inorekin. Hain zaila ote da beste kasuetan logika bera ulertzea? Hiru gaitz horietatik, nekez esan dezaket txikiena zein den, nekez uler baitaiteke haietakoren bat besteei lotuta ez bada.

1 Comment

  1. Pingback: Ordaindu gabeko lana edo hizkuntza-arrakala | Asel Luzarraga

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.