Duela zenbait urte Nietzscheren eta anarkismoaren balizko loturei buruz hitz egiten entzuten hasi nintzenean arraro egin zitzaidan. Ohituta nengoen aleman filosofoaren eta nazismoaren arteko loturei buruz entzuten eta, beraz, zerbait berria zen niretzat ideologia totalitario batekin loturak izan zitzakeenak ideologia askatzaile batekin ere eduki ahal izatea. Une horretan, ordea, ezin nuen iritzirik eman, ez neukan Nietzscheren ezer irakurrita eta ideia lauso batzuk baino ez entzunda. Beraz, zalantzak uxatzeko modurik onena, noski, haren lanak lehen eskutik irakurtzea zen, eta hala ekin nion. Une hartan liburu bi baino ez nituen irakurri eta, aitor dut, aldeko aurreiritzietatik abiatu nintzen: Nietzscheren balizko anarkismoa aurkitu nahi nuen eta, beraz, nazismoarekiko loturak ukatuko zituzten puntuak ere bai. Eta hasierako irakurketa hartan bila nenbilena topa zitekeela sinestera ere iritsi nintzen, kostata bada ere, barruko ezinegon sor bat guztiz mututzea lortu barik. Beste gauza asko neukanez irakurtzeko, balekotzat eman eta ez nuen gehiago sakondu.
Urteak joan ahala, beste ahots batzuk entzuten hasi nintzen, alde batekoak zein bestekoak, eta pixkanaka kezka sortu zitzaidan berriz, batez ere Nietzsche eta Stirnerren eraginpean gero eta ozenago altxatzen ziren etika indibidualista baten ahotsek arduratuta. Ez indibidualismoagatik beragatik, diskurtsoetan sumatzen nuen kutsu totalitarioagatik baino. Beraz, azken boladan berriz heldu nion gaiari eta, pazientziaz eta denboraz, Stirner berrirakurtzearekin batera, Nietzscheren lanak kronologikoki irakurtzeari ekin nion. Denak ezin, eta egun ezagun (?) den ildo filosofikoa eraikitzen hasi zen unetik aurrera irakurtzeko hautua egin nuen: Gizatiarra, gizatiarregia, Zientzia alaia, Honela mintzo zen Zaratustra, Ongiaz eta gaizkiaz haratago, Moralaren genealogia, Idoloen ilunabarra, Antikristoa eta Ecce homo izan ziren hautatutako lanak, hurrenkera horretan. Eta, irakurri ahala nire kezka ezinegon gero eta handiagoa bihurtu da eta lan gero eta handiagoak izan ditut ulertzeko zer lotura mota egin daitekeen anarkismoaren eta haren ideia guztien antitesia den Nietzscheren artean.
Lehen liburuetan asko sumatzen ez bada ere -batez ere Gizatiarra, gizatiarregia liburuan berekoikeriaren aurka mintzatzen baita-, pixkanaka Stirnerren eragina nabarmen egiten da, eta hor egon liteke lotura bat, Stirner anarkistatzat jotzen badugu (zaila eta zalantzagarria hori ere, baina ulergarriagoa). Stirnerrek egiten duen niaren aldarria, ordea, askatzailetzat jo daiteke, neurri batean, batez ere gizaki orori aitortzen diolako hala jokatzeko eskubide bera. Aukera sozialista batzuen alde egon litekeela aitortzera ere iristen da eta, beraz, bere berekoikeria berekoien arteko berdintasunaren planoan mugitzen da. Nietzscheren berekoikeriaren aldarria, ordea, beste mota batekoa da eta, hain zuzen ere, Stirnerrek uzten dituen zirrikitu totalitarioetatik egiten du ihes, laster ikusiko dugunez.
Hasteko, gogora ditzagun anarkismoaren oinarri etikoak, politikoak eta ekonomikoak. Anarkismoaren itsasoa zabala izanda ulertzeko modu asko badaude ere, etika anarkista guztietan badaude balio menderaezin bi: askatasuna eta berdintasuna. Anarkismoak, beste ideologia autoritario batzuen aldean, ez du ulertzen askatasuna berdintasunik gabe, ez berdintasuna askatasunik gabe. Askatasuna eta berdintasuna gizartean gauzatzeko moduak, aldiz, hainbat izan daitezke. Ez da ulertzen, beraz, berdintasunik gabeko anarkismorik, askatasunik gabeko anarkismorik ulertzen ez den bezala. Hortik politikarako oinarria berdinen arteko erabakimena izatea, kasu batzuetan banako erabakimenean pisu handiagoa jarrita, beste batzuetan erabakimen kolektiboan, baina banakoek euren askatasunerako esparru ahalik eta zabalena gordeko dutelarik beti euren buruarentzat. Hortik ateratako gizartea Estaturik gabea izango da beti (Proudhonek Estatua onartzen badu ere, bere federalismoan, baina eskumen guztiz mugatuak eta urriak dauzkan Estatua, federatutako komunitate guztiei dagozkien ekimenak abiarazteko, baina inoiz ez berak gauzatzeko, eta argi utzita norbanakoek beti eutsiko diotela euren eskuetan haiengandik gorako mailetan utzi baino eskumen gehiago). Eta ekonomiari dagokionez, antikapitalista da anarkismoa (anarkokapitalismoaren oximorona alde batera utzita), berdintasunean eta askatasunean oinarritutako ekonomia batek ezin duelako onartu gizaki batzuek beste batzuk zapaltzea eta esplotatzea, inor, soldataren truke, beste inoren morroi izatea. Halako ekonomia gauzatzeko proposamenak ere hainbat dira, Proudhonen mutualismotik Kropotkinen komunismo libertarioraino, eredu bi aipatzearren.
Esandako zerbaitetik gertu daude Nietzscheren etika eta pentsaera filosofikoa? Zein da Nietzscheren gizarte eredua, halakorik badago? Zer lotura ikusi dute anarkista batzuek? Nago, haren eragina aldarrikatzen dutenek gutxi irakurri dutela Nietzsche edo azalean geratu direla -edo ezikusiarena egin dietela deseroso sentiarazi dituzten aldeei-. Nago, batzuek belarriekin txalotzen dutela edonor Estatuaren aurkako hitzen bat esan, erlijioa zafratu edo moralaren aurka hitz egiten entzun orduko, eta halakoak, noski, badaude Nietzscheren orrietan baina, zer zentzu daukate sakonean alemanaren eraso horiek? Zergatik ukatzen du Estatua? Zergatik ukatzen du erlijio kristaua? Zergatik ukatzen du morala? Edo zertarako?
Nietzscheren filosofia osoaren azpian ezkutatzen dena hobeto ulertuko dugu lehen liburuetako mozorro pirotekniko guztiak alde batera utzi eta zuzenean Ongiaz eta gaizkiaz haratago liburura eta haren ondorengoetara jotzen badugu.
Nietzscheren filosofia kritikatzeko erraza litzateke beraren psikologia edo kontrapsikologia erabiltzea eta haren ahuleziak eta kontraesanak agerian uztea, oso erraza dena, bestalde. Gizatiarra, gizatiarregia liburuko psikologia hartu eta berari aplikatzea baino ez dago. Hala, berak erabiltzen duen ildoari helduta, pentsa dezakegu bere buruaz esaten duen gauza bakoitzaren azpian asmo aitorrezin bat dagoela, erakusten duenaren kontrakoa. Izan ere, alemana aztertu duten batzuek diotenaren arabera, Nietzscheren iturria Nietzsche bera da beti, ez daude bereizterik haren liburuak eta haren bizitza. Idazten duena, bere filosofia, bere bizitza bera da, orrietara eramanda. Hala balitz, edertzat jotzen ditugun sentimendu guztiak itsusteko darabilen psikologia aurre-freudianoa bere baitan ikusten duenaren isla geneukake eta, jarraitzailerik nahi ez duela, alemanek bizkarra eman eta kasurik egiten ez diotelako pozik dagoela, hautatu batzuek baino ez ulertzea nahi duela… dioenean, kontrako aitorpena irakur dezakegu: jarraitzaileak nahi ditu, zapuztuta dago bere ingurukoen artean eraginik ez daukalako, bere filosofia denek ulertzea eta historian erabateko eragina edukitzea nahi luke… Are gehiago berarentzat egiaren eta gezurraren arteko harremana zein den jakinda. Baina geroko utziko dut azken hori eta ez diot ildo psikologikoari jarraituko, ez delako interesgarriena. Ez naiz psikologoa eta ez naiz jolastuko psikologoarena egiten.
Ikuspuntu filosofikotik esan dezakegu huts egindako filosofoa dela, agindu zituen arazo filosofiko nagusi bietatik bat ere ez baitzuen bete. Metafisika oro gainditzea eta deuseztatzea eta idealismo oro ukatzea agindu zuen, baina bere liburu guztiei metafisika eta idealismoa, biak batera darizkie guardia jaitsi orduko. Hasteko, behin eta berriz harro aldarrikatzen duen “aurkikuntza”, betiereko itzulera, metafisika hutsa da, enpirismo, esperientzia, ezaguera orotatik kanpo kokatzen den fantasia bat, agian bere itxaropena elikatzeko behar zuena. Berak eginkizun bat, historiak beretzat gordetako patu bat edukitzea ere ideia erabat metafisikoa da. Era berean, idealismoari gerra agindu ondoren, Ecce homon etengabe hitz egingo digu bat-batean bere idealaz, eta bere buruan baino ez dagoen ideien mundu batez idatziko du. Supergizona bera ideia baino ez da. Eta bere geziak etorkizun hobeak agintzen dituztenen aurka jaurti ondoren, etorkizun hobe bat agintzea da bere “eginkizun” gorena, ideal bat. Supergizona horixe baita, irudi idealista bat. Ikusiko dugunez, gauza bera gertatzen zaio moralerekin: Nietzschek ez du zerbait ukatzen haren ordez beste zerbait berresteko baizik. Metafisika bat ukatu beste metafisika bat berresteko, idealismo mota bat ukatu beste idealismo mota bat berresteko, moral bat ukatu beste moral mota bat berresteko, Estatu mota bat ukatu beste Estatu mota bat berresteko… Izatearen aurkako eta bilakabidearen aldeko aldarria ere geratuko da zapuztuta bere buruaz harrotasunez mintzatzen hasi orduko. Baina oraintxe iritsiko gara horietako batzuetara, azken finean, Nietzscheren ideien eta anarkismoaren arteko balizko loturak aztertu nahi ditut, eta ez noraino zen zintzoa edo zer nortasun arazo izan zezakeen.
Nietzschek idazten duen guztia bere tokian kokatzeko, benetan zer esan nahi duen ulertzeko, ez da gauza garrantzitsu bat ahaztu behar, horrek ematen baitio zentzua guztiari: Nietzsche aristokrata bat da, klasista, erregimen zaharren nostalgikoa. Ez du ezkutatzen, etengabe aldarrikatu baizik.
Nonbait hasi behar, eta moralari helduko diot, beste guztia hari lotuta baitator. Argi dago anarkista asko pozez txoratzen direla Nietzschek moralari buruz idatzitakoak irakurtzerakoan. Azaletik ikusita, batez ere lehenengo liburuetan (haiek dira anbiguoenak, mozorrotik gehien dauzkatenak, Honela mintzo zen Zaratustra batez ere, Nietzscheren beraren aburuz inoiz idatzi den libururik apartena, poetikotik, aitor dut, zerbait badaukana), benetan pentsa liteke Nietzsche immoralista bat dela, behin eta berriz aldarrikatzea gustatzen zaionez, baina hasierako liburu horietan lausotuta gera daitekeen moralaren kontzeptua -haietan ere moral aristokratikoa nabarmena bada ere- erabat argitzeko lan nekaezina egin zuen alemanak berak hurrengo liburu guztietan, beharbada mozorro gehiegi erabiltzeaz nazkatuta bera ere. Azken finean, berak zioen bezala, misio bat, eginkizun bat zeukan gizateriaren historian, inoizko eginkizunik garrantzitsuena. Hala, lehen liburuetan ikuspegi posmodernoa ase dezakeen zerbait dioela ematen du: morala gizarteak sortutako zerbait da, moral bat baino gehiago dago. Ez da ezer berria, baina tira. Moralaren erlatibista bat ote da Nietzsche? Inondik inora ez. Nietzschek moral jakin bat ukatzen du… beste moral bat berresteko, arestian esan bezala. Hitza oso gustuko izan arren, ez da immoralista, ezta amoralista edo erlatibista ere, moralista sutsua baino. Argi dauka zein den bere morala: nagusien morala, moral aristokratikoa, gerlarien, jaunen morala. Haren aurrean, gutxiesten duen morala: morroiena, esklaboena, herri xehearena, langileena. Ordena natural bat dago Nietzscheren aburuz, hierarkian oinarritua. Ordena horretan, goian daudenek eskubidea daukate nahi duten bezala jokatzeko: behekoekin krudelak izateko, haiek zapaltzeko, besteak kontzientzia txarrik gabe erabiltzeko… Balioen alderantzikatzeaz dihardu, eta oso adierazgarria da hori, ez baitio balioak ukatu behar direnik. Eta zergatik alderantzikatu? Haren aburuz bere garaiko balio kristauek lehendik zeuden balio aristokratikoak alderantzikatu zituztelako. Moralaren genealogia ez da moral oro ukatzeko liburu bat, moralaren ustezko jatorria argitu eta garai zaharretako moral “natural” hori bere ondorengo moralaren gainean kokatzeko, hura hobesteko baizik. Liburu horrek ez du zalantzarako tarterik uzten: zein ziren “onak” moral aristokratikoan? Aristokratak, jaunak, nagusiak, noski. Haiek ziren eredua, haiek ezartzen zuten zer zen on eta zer zen txar. Haien modukoa, haien idealen araberakoa ez zen oro bihurtzen zuten gutxiesgarri. Mendekoak, beraz, koldarrak, ahulak, itsusiak, gaizoak dira. Hierarkia “naturala” errespetatzen duen morala da Nietzschek maite duena, oinarri indarra daukana, indarra edonoren eta edozeren aurka erabiltzearen “alaitasuna” -adimenaren aldean ere indarra hobetsiz maiz, adimena koldarren eta ahulen baliabidea delakoan-. Arrazari, genetikari, arbasoei, tradizioari daude lotuta ontasuna eta gaiztakeria. Are azalaren koloreari. Gaiztoak (malus) azal eta batez ere ile ilunekoak ziren, dioskuenez; erraz bereizten ziren gizarte haietan nobleak eta plebeioak, azal zurikoak eta ilehoriak batzuk, arioak, beltzaranak besteak, Italian bizi ziren herri aurre-arioak, arioek azpiratu zituztenak. Morroiek, ordea, matxinatu eta euren morala ezartzea lortu zuten. Moral kristaua moral dekadentea da, morroien morala delako, eta haren funtsa goikoen kontrako erresumina delako. Zenbatetan entzun diet, hain zuzen ere, egungo aberatsen eta boteretsuen interesak defendatzen dituztenei anarkistok, berdintasunezko gizartea nahi dugun guztiok erresuminduak garela? Nietzscheren aburuz ez dago zuzentasunik, aristokratek ezarritakoa baino. Haien moralak bizia adierazten du, bizia berresten du, eraikitzailea da, sortzailea, dantzaria, goranzkoa; gorputza, mundua, zentzumenak aldarrikatzen ditu… Morroien moralak, aldiz, herioa adierazten du, suntsitzailea da, ez du proposatzen besteari erantzunez eta bestearen aurka baino, hitsa da; gorputza, mundua eta zentzumenak ukatzen ditu… Kontua da moral aristokratikoa eduki ahal izateko… aristokrata jaio behar dela. Belaunaldiz belaunaldi gerra eginez, gorputza eta espiritua gogortuz, zailtasunei aurre eginez, ahulak zapalduz, emakumerik ederrenak lortuz (sic)… eraikitako kasta bat da aristokraziarena. Aristokratak erantzukizunik gabe jokatu behar du. Eta hor kokatu behar da zigorren aurkako erretolika, gero berehala esango baitu zigorra, kartzela, tortura, krudelkeria… beharrezkoak direla. Balioen alderantzikatzeak krudelkeriaren gorazarrea ere baitakar, besteak beste. Noski, mendekoen aurka zigor, kartzela, tortura eta krudelkeria haiek denak. Horixe da ongiaz eta gaizkiaz haratago egotea: aristokratek, jaunek mendekoekin duten jarrera da. Aristokratek beste aristokratei baino ez dizkiete aitortzen eskubideak, berdintzat hartzen dituzte, baina mendekoekin ongiaz eta gaizkiaz haratago jokatzen dute, askatasunez, erantzukizunik gabe, halakoa delako haien berezko “izaera basatia”. Zer kalte ekarri zuen moral kristauak, mendekoen moral “erresumindu” horrek? Bekatua eta kontzientzia txarra asmatu eta aristokratek euren barruko piztia hori menderatu beharrean ikusi zuten euren burua. Ze pena, aurrerantzean ezingo zituzten klase xumeak nahi bezala zapaldu, torturatu, arpilatu, hil…
Moralari lotuta, Nietzscheren testuetan toki handia daukaten egiaz eta gezurraz ere hitz egin behar dugu, hori ere oso lagungarria delako haren testu guztiak ulertzeko. Nietzscheren arabera, aurkako baliotzat dauzkagunak, egia eta gezurra, kasu, gertakari bakar eta beraren mailak baino ez dira, neurri kontua da. Hala, egia maiz bizitzaren kalterako dela argudiatuko du, gezurra behar-beharrezkoa dela. Artistak eta, batez ere, poetak, gezurti gisa erretratatuko ditu eta, Zaratustrak berak (Nietzscheren alter egoa) aitortzen duenez, poeta da bera eta, beraz, gezurtia. Maiz mintzatuko da egiari buruz eta egiaren izenean, ordea. Zelan ulertzen da kontraesan hori, egiak berezko baliorik ez badauka? Argi azalduko digu berak: egiaren edo gezurraren balioa horrekin bilatzen den xedearen araberakoa da. Hala, erlijio kristauaren kasuan, jainkoari buruzko gezurra arbuiagarria da, kristautasunak bilatzen duen gizartea delako arbuiagarri. Hinduismoaren kasuan, ordea, gezur bera, jainkoa, balekotzat jo daiteke -balekotzat jotzen du berak-, gezur horrek bidezko xedea daukalako: kasten gizartea finkatzea. Azken horrekin beste zerbait aurreratu dugu, baina gero helduko diogu berriz. Egia eta gezurra hala ulertuta, noraino sinets ditzakegu Nietzschek dioskuzan gauza guztiak? Arazo bat dago, bai, bere buruak gezurti gisa definitzeaz gain, argi uzten duelako nahi bezala erabil ditzakeela egia eta gezurra, bere xedeak, pentsa daitekeenez, bidezkoak direlako. Bidezkoak ez ezik, historian gizaki batek inoiz izan dituen xederik garrantzitsuenak, gorenak. Eta hor sar daitezke orriz orri agertzen diren kontraesan guztiak: nire xedearen arabera, komeni ahala, gauza bat nahiz kontrakoa esan dezaket.
Moralari buruzko diskurtso horri dago lotuta mezu ateo eta antiklerikala. Hala, askok pentsa dezaketenaren kontra, Nietzsche ez dago ez jainkoaren ideiaren ez apaizen kontra: jainko kristauaren eta apaiz kristauen kontra dago. Beste gizarte ereduak dakartzaten erlijioetan, aldiz, ontzat joko lituzke jainkoaren ideia eta apaizak eurak. Noiz? Goi-goian aristokrazia, gerlariak, eta haren azpian apaizak kokatzen direnean. Halako gizarte hierarkikoari eusteko balio badute, ongietorriak jainkoa eta apaizak. Esan bezala, xedea da kontua. Izan ere, Nietzschek ez zuen erlijio oro ukatu, ez zion sineskeria orori gerra egin. Munduan izan diren erlijioen artean badago hobesten duen bat, hinduismoa, eta badago oso gustuko duen liburu sakratu bat, Manuren kodea. Arrazoia esanda dago: liburu horrek hierarkia finko eta mugiezinak ezartzen ditu jainkoaren izenean eta, beraz, haren xedea zuzena, bidezkoa da. Uste dut denok dakigula gutxi gorabehera zertan datzan kastako gizarte hinduista.
Kristautasunari dagokionez ere, ez du dena maila berean jarriko. Bibliaz mintzatzean, argi utziko digu berak askoz gustukoago daukala Itun Zaharra Itun Berria baino. Zergatik? Ez da, azken finean, jainko faltsu bati buruzko zabor bera? Ez da hori kontua. Itun Zaharra, batez ere lehenengo liburuetan, herri gerlari, hierarkiko eta aristokratikoaz mintzo da. Itun Berriak, aldiz, judutarren erabateko dekadentzia islatzen du. Eta dena Kristoren jarraitzaileek ez zutelako ulertu Kristoren mezua. Zein da mezu hori? Erromari aurre egitea? Matxinatzea? Maitasuna eta errukia zabaltzea? Ez horixe! Kristoren mezua, Nietzscheren aburuz, haren bizi eredua da, eta bizi eredu hori dena dagoen eta datorren bezala onartzea da, otzantasuna, Nietzschek behin eta berriz aldarrikatzen duen filosofia. Budaren pare jarriko du Kristo, lehenengoa hobetsi eta biak dekadentetzat jo arren. Horixe da Kristorengandik ikasi behar zena: dena onartu zuen, are heriotza bera ere, kontra egin gabe, matxinatu gabe. Eta horixe da budismotik gogoko daukana. Ez da apur bat arraroa Nietzscheren balio nagusietako bat gauzak diren bezala onartzea izatea, eta aldi berean bere liburu guztiak bere garaiko gizartearen aurkako aldarria izatea? Nietzscheren aburuz ez dago kontraesanik, seguruenik: gizartea den bezala onartzeaz diharduenean kastako gizartea, gizarte hierarkikoa, klaseak onartzeaz ari da. Xede horretarako, gezurra bezala, patua matxinatu gabe onartzen duen filosofia baliagarria da, duda barik…
Azkenik, interesgarria da Islamari buruz dioena ere. Tamalgarritzat jotzen du Nietzschek Islama Europatik egotzi izana, kristautasuna nagusitzea gerra hartan. Azken finean, haren gusturako, Islama gizarte gerlari eta aristokratiko baten erlijioa zen eta, beraz, erlijio kristaua baino hobea, Antikristoan beren beregi dioen bezala: “Berez ezin da kristauen eta Islamaren artean hautatu, arabiar baten eta hebrear baten artean. Erabakia hartuta dago: hemen inor ez da hautatzeko libre. Txandala bat zara ala ez zara txandala bat: Hil arteko gerra Erromari! Bakea, adiskidetasuna Islamarekin! Halaxe nahi izan zuen espiritu aske handi hark, aleman enperadoreen arteko jenio hark, Federico II.ak”.
Ez da apur bat zapuztuta geratzen Nietzscheren antiklerikalismoak eta ateismoak sortutako hasierako poza haien atzean benetan zer dagoen argitu orduko? Zer egingo diogu, beti hobets dezakegu gezurra, gure xede bidezkoa Nietzscheren filosofia kosta ahala kosta salbatzea bada.
Ikus dezagun zer pentsatzen duen Nietzschek anarkiston pentsamenduan funtsezkoa den beste kontzeptu bati buruz: Estatuaz. Ez da arraroa entzutea Estatuaren etsaia zela filosofo alemana. Halakoa zen benetan? Hautatutako liburuetatik lehenengoari kasu egiten badiogu, badirudi ezetz. Izan ere, hona Estatuari buruz dioskuzanetako bat (maskulinoa baino ez dut erabiliko, hura izanik Nietzscheren pentsamendu misoginoa hoberen jasotzen duena): “Gizonak semerik ez daukanean ez dauka eskubide osoa Estatu jakin baten beharrizanei buruz erabakitzeko. Beharrezkoa da, gainerakoek bezala, maitatuena arriskuan jarri izana: horrek baino ez du Estatura sendotasunez lotzen; beharrezkoa da batek bere ondorengoen zoriona kontuan hartzea erakunde guztietan eta haien aldaketetan bidezko zati naturala hartzeko. Moral gorenaren garapenerako semeak eduki behar ditu bakoitzak; berekoikeriatik askatzen du horrek; edo zehazkiago esanda, haren berekoikeria zabaltzen du horrek eta bere banako izatetik harago doazen xedeen alde jartzen du grinaz”. Egia da Estatuaren aurka mintzatzen dela beste batzuetan baina, ez dezagun bistatik galdu: gezurraren kasuan bezala, ideia baten alde edo aurka egon daiteke, xedearen arabera. Zelan ulertu behar da une batzuetan Estatuaren aurka agertzen duen jarrera? Berari irakurtzea baino ez dago argitzeko. Nietzsche bere garaiko Estatu demokratikoaren aurka dago, eta arrazoiak dauzka horretarako. Zer egozten dio Estatu horri? Berdintasunaren alde egitea, hain zuzen ere. Aristokratei nahi bezala jokatzeko oztopoak jarri izana, klaseak nahastea, “dekadentzia” ekartzea, azken finean. Horren aurrean, Estaturik gabeko gizartea proposatzen du Nietzschek? Baita zera ere… Buruan dauzkan ereduak gogoratzea baino ez dago Estatuaz benetan zer pentsatzen duen ulertzeko. Askotan errepikatuko duen bezala, historian egon den gizarte eredurik bikainena Erromako Inperioa da. Hark baino ez zituen gorpuztu Nietzscheren idealak. Haren ondoan, aipatu dugunez, gizarte hinduista, hots, beste gizarte hierarkiko, klasista eta esklabista bat. Antikristoan esango digunez: “Kasten antolamenduak, hierarkiak baino ez du formulatzen biziaren beraren lege gorena; hiru klaseen bereizketa beharrezkoa da gizartea kontserbatzeko, klase jasoagoak eta gorenak posible bihurtzeko; eskubideen desberdintasuna da, hain zuzen ere, generoan eskubideak egoteko baldintza. Eskubide bat pribilegio bat da. Norberaren izaeraren arabera dauka bakoitzak bere pribilegioa. Ez ditzagun gutxietsi erdipurdikoen eskubideak. Bizitza gogorragoa da beti gora egin ahala, hotza handitzen da, erantzukizuna handitzen da. Zibilizazio handi bat piramide bat da: eremu zabal batean baino ezin da bizi, erdipurdikotasun sendo eta osasunez finkatua da haren lehen baldintza”. Haren eredu bakarrak, ordea, ez zeuden bakarrik iraganean. Bere garaian ere itxaropen bakar bat geratzen zitzaion: tsarren Errusia, Europan geratzen zen azken Estatu aristokratikoa -ezin dugu ahaztu pertsonaia historiko batzuk ere izan zituela eredu: nagusiena, supergizona gorpuztu zuena, Napoleon I.a; haren ondoan, Julio Zesar, Borgia aita santua edo, Alemanian, Federico II.a enperadorea-. Horra Nietzscheren anti-estatismoa…
Gizarte horri lotuta legoke ekonomia bera ere. Esan dugunez, anarkismoa antikapitalista da sortu zenetik. Ekonomiarako, ereduak eredu, oinarri bi aldarrikatzen ditu: autogestioa eta elkar-laguntza. Lurraren eta baliabideen jabetza pribatuari esparruren bat aitortuz gero, muga beti izango da norberak beste inor zapaldu eta soldatapean erabili gabe landu dezakeena. Aberastasunen pilaketa arbuiatu du beti. Nieztscherentzat, aldiz, ikusi dugunez, esklabotza zilegi da, are gehiago, ordena naturala da batzuek, gehienek, besteentzat, gutxiengo aristokratikoentzat, lan egitea. Munduan aberatsak eta txiroak badaude, ez zaio inori ezer leporatu behar, etsi, txiro jaio bazara txiro hilko zarelako. Familia batzuk belaunaldietan garatu dira aberats izateko, eta beste batzuek ez dute indarrik izan txiro eta morroi bizitzeko baino. Langileak beharrezkoak dira, noski, estamentu finkoa, beste batzuk kolperik jo gabe bizi ahal izateko. Autogestioa eta elkar-laguntza? Zer asmakeria dira horiek? Langileak eurak erabakiak hartzen, euren burua antolatzen, nagusirik gabe? Naturaren kontrakoa, inondik inora!
Esandakoekin nahikoa aurreratu dugu anarkismoaren oinarrietako bati buruz (biei buruz, egia esan) Nietzschek pentsatzen duena. Izan ere, bere garaian zerbait arbuiatzen badu, dekadentziaren froga nabarmen bat badago, berdintasunaren aldeko diskurtsoa da. Kristautasunari leporatzen dio hori ere. Haren esanetan, dena nahastu zuen erlijio horrek jainkoaren aurrean denak berdinak direla, denak jainkoaren seme-alabak direla aldarrikatu zuenean. Kontaezinak dira Nietzscheren berdintasunaren aurka jaurtitako gezi guztiak eta toki zabala hartzen dute liburu guztietan. Zein gustura egiten dio barre sozialista eta anarkisten “ez jainkorik ez nagusirik” leloari. Ikusi dugu zein diren haren gizarte ereduak eta, beraz, ez da beharrezkoa askoz gehiago eranstea, baina kasu jakin bi ekarriko ditut adibide gisa. Lehenengoa bere garaiko feminismoa da. Anarkistok lotsa sentitzen badugu Proudhonen matxismo eta dialektika patriarkalarekin topo egiten dugun bakoitzean, zer esan Nietzscheren misoginia nabarmenaz. Emakumea iraintzen du behin eta berriz beste inor baino gehiago, eta izugarria deritzo emakumeek berdintasuna eskatzeari. Are gehiago: emakumeek euren “betiko” izaera eta eginkizunak alde batera utzi eta “gizonen” kontuetan sartzea euren kalterako baino ez da. Gezurraren, manipulazioaren, azpikeriaren ikurra da emakumea, ezagun ditugun topiko misogino guztiak luze eta zabal erabilita.
Beste adibide bat, oso adierazgarria, goi mailako hezkuntzari buruz dioenean daukagu. Eztabaida dezakegu hezkuntza sistemak berak zer interesen alde egiten duen, beharrezkoa den, zelakoa behar lukeen, beharrezkoa izanez gero…, baina Nietzschek gaiari buruz daukan kezka, hain zuzen ere, berdintasunari dago lotuta. Harentzat erokeria da gizarte bateko biztanle guztiek jasotzea goi mailako hezkuntza. Hori urte luzeetan lasai ikasi beste kezkarik ez daukaten pribilegiatuentzako kontua da. Modu oso grafikoan esango du, eta gauza asko argitzen ditu, Idoloen ilunabarra liburuko pasarte honek: “Hausnarketa faltarik arduragabeenarekin, langileak estamentu bat bihurtu ahal izateko, eurak izatera iritsi ahal izateko senak akabatu dira. Langilea zerbitzu militarra egiteko gaitzat jo da, elkartzeko eskubidea eman zaio, arlo politikoan boto eskubidea eman zaio. Nola harrituko gara, beraz, langilea bere izatea egoera dohakabetzat, bidegabekeriatzat, hitz moral batekin esateko, hartzen hasi bada? Baina, zer nahi da?, galdetuko dugu berriz. Xede bat nahi bada, bitartekoak ere nahi behar dira. Esklaboak nahi badira, ergelen kontua da nagusi izateko heztea”. Argiago esan daiteke?
Interesgarria bada ere, alde batera utziko dut gaixoei buruz dauzkan proposamenak, edo belaunaldiz belaunaldi arrazak hobetzeari buruzkoak. Gauza bakarra esango dut: bizi izatea merezi duen bizitzari buruzko ideia aurreratu zuen Nietzschek, naziek gero bere programa eugenesikoetan jasoko zutena.
Azkenik, anarkismoaren funtsezko beste printzipioak, askatasunak, Nietzscheren pentsaeran daukan tokia aztertu behar genuke baina, beharrezkoa da, aitzitik esandakoak esan eta gero? Nahiko argia da zer askatasun mota defendatzen duen. Goikoen, aristokraten, nagusien askatasuna “katerik”, mugarik, “kontzientzia txarrik”, oztoporik gabe jarduteko, besteak, mendekoak, gura ahala erabiltzeko. Askatasuna besteen lepotik bizitzeko eta, orduan bai, lasai eta alaitasunez dantza egiteko. Bizipoza aldarrikatzen du, bai, baina argi dago noren bizipoza, zeinen konturakoa. Horren ondoan, Kristoren eta batez ere Budaren bizi eredua: onarpena. Gauzak diren bezala hartzea. Kastako gizarte batean esklabo jaio bazara, esklabo izatearen “pribilegioak” onartu, ez matxinatu. Hona Nietzscheren “askatasunaren” adibide argigarri bat: “¡Zenbat ahalegin egin dute herri bakoitzean poetek eta hizlariek! – egungo prosista batzuk salbuetsi gabe, zeinen belarrian kontzientzia errukigabea bizi baita – <<tontakeria bat maitatzeagatik>>, utilitarista ergelek dioten bezala, horrela azkarragoak direlakoan, – <<lege arbitrarioei men egiteagatik>>, anarkistek dioten bezala, horrela <<askeagoak>>, are <<espiritu askeak>> direlakoan. Baina errealitate harrigarria, izan ere, hau da: lurrean dagoen edo egon den askatasun, zolitasun, ausardia, dantza eta segurtasun bikain oro, izan gobernatzean nahiz mintzatzean eta limurtzean, arteetan zein ohitura onetan, <<lege arbitrario horien tirania>>ri esker baino ez da garatu; eta seriotasun osoz hitz eginda, ez da txikia, hain zuzen ere, probabilitatea <<natura>> eta <<naturala>> horixe izateko – eta ez laisser aller [joaten utzi] hori!”
Beste kapitulu oso bat idatz genezake bere filosofiaren eta moralaren erro arrazistei buruz, baina uste dut ez liokeela askoz gehiago erantsiko esandakoari.
Beraz, nondik has gaitezke Nietzscheren pentsaeraren eta pentsamolde anarkistaren arteko loturak aurkitzeko? Agian, Nietzschek berak argituko digu. Izan ere, badirudi askoz argiago zeuzkala gauzak berak, horri dagokionez, eta zuzenean adierazi zigun zer ziren berarentzat bere garaiko anarkistak: bere filosofiaren antitesia. Kristauak eurak baino okerragoak. Pasarte pare bat baino ez dut ekarriko, arestian ere zerbait aurreratu dugu:
<<Gauza bera esan daiteke Europa ia osoari buruz: funtsean, han azpiratutako arrazak bere nagusitasuna berreskuratu du azkenean, kolorean, bere burezurraren luzera txikian, sen intelektual eta sozialetan ere bai agian: nork bermatzen digu demokrazia modernoa, anarkismo are modernoagoa, eta batez ere <commune>rako, gizarte modurik primitiboenerako joera hori, orain Europako sozialista guztiek partekatzen dutena, funtsean ez direla azken joaldi eskerga bat, eta konkistatzaileen eta jaunen, arioen arraza, ez dela fisiologikoki ere azpitik geratzen ari…?>>
(Moralaren genealogia)
<<Zazpikienei, sen horrek jo eta kutsatuei mugimendu haren tempoa [erritmoa] oraindik motelegi eta logaletsuegi gertatzen zaiela erakusten dute, ordea, orain Europako kulturaren kaleetatik dabiltzan txakur-anarkisten ulu gero eta amorratuagoek, hagin-karraskada gero eta nabarmenagoek: itxura batean demokrata lasai eta langileen eta Iraultzaren ideologoen antitesian, eta are gehiago euren buruari sozialista esaten dioten sasifilosofo ergelenean, anaitasunaren inozoak haiek, <<gizarte askea>> nahi dutenak, baina egiatan bat datoz haiekin guztiekin artalde autonomoarena ez den gizarte forma ororen aurkako errotiko eta seneko etsaigoan (<<jaun>> eta <<jopu>> kontzeptuak ere arbuiatzen dituzte -ni deu ni maitre [ez jainkorik, ez nagusirik], dio formula sozialistak-); bat datoz nahi berezi ororen aurkako, eskubide berezi ororen eta pribilegio ororen aurkako erresistentzia setatian (eta horrek, azken batean, eskubide ororen aurka esan nahi du: izan ere, denak berdinak direnean, inork ez du <<eskubiderik>> behar -); baina bat datoz, halaber, errukiaren erlijioan, sinpatian, sentitu, bizi, pairatuko bada (animaliarengana jaitsi arte, <<Jainkoa>>rengana igo arte: -<<Jainkoarekiko erruki>> baten aberrazioa garai demokratiko baten ezaugarria da -); bat datoz denak errukiaren aldarrian eta ezinegonean, sufrimenduari berez dioten erabateko gorrotoan, hura ikusteko, sufriarazi ahal izateko ezintasun ia emean; bat datoz nahi gabeko itzaltze eta biguntzean, zeinen sorginkeriaren pean Europak budismo berri baten mehatxupean baitirudi; bat datoz erruki komunitarioaren moraleko sinesmenean, hura berezko morala balitz bezala, gailurra, gizakiaren gailur erdietsia, etorkizuneko itxaropen bakarra, egungo gizakien kontsolamendua, beste garai bateko erru ororen erredentzio handia: – denek sinesten dute komunitatea dela erredentorea, beraz, denak datoz bat artaldeko fedean, <<euren burua>>renganako fedean…”>>
(Ongiaz eta gaizkiaz haratago)
Zer esango luke Nietzschek gaur egungo beganismoari buruz? Begetarianismoa bera dekadentziaren zantzutzat bazeukan, gizakien arteko berdintasunak goragalea sortzen bazion, krudelkeriaren apologia egiten bazuen…, pentsa nola egingo liekeen barre eztia ere ukatzerainoko errukia sentitzen duten antiespezisten etikari! Zerbait aurreratu zuen horri buruz arestiko azken pasarteak.
Badaude egun korronte batzuk, ordea, euren buruari anarkista deitu eta Nietzsche aldarrikatzen dutenak, eta, egia esan, erraz uler daiteke filosofo alemana zertan daukaten inspirazio iturri. Bereizgarri nagusia gerra sozialaren eta indarkeriaren fetitxismoa daukaten korronteei buruz ari naiz, noski. Tradizioz, filosofia anarkisten xede nagusietako bat bake soziala izan da, zapalkuntzarik eta, beraz, indarkeriarik gabeko gizarterako oinarriak ezartzea; ezinbestekoa denean indarkeriari uko egin gabe, hori bai, Malatestak, besteak beste, oso ondo azaltzen zuenez. Korronte horietan, ordea, gerra soziala, indarkeria, leitmotif nagusietako bat da, eta horretarako oso ondo dator Nietzsche aldarrikatzea, azken finean, gerraren eta indarkeriaren apologista sutsua izan zen alemana. Korronte horietan, bestalde, ohikoa da langileak gutxiestea, eta horretan ere balirudike bat datozela Nietzscherekin. Hobeto aztertuta, ordea, baten eta besteen arrazoiak, langileak gutxiesteko, oso bestelakoak dira. Korronte anarkista horien aitzakia langileen pasibotasuna da, sistema onartuta haren aurka ez matxinatzea. Kontrakoa zen, berriz, Nietzschek langileengan ezin eraman zezakeena. Langile izatearekin etsi ez eta haiek ere nagusi izatea ez zien barkatzen alemanak. Gogora dezagun otzantasuna, hierarkia eta klase finkoak, aldaezinak, klase batean jaio eta hil arte bizitzea onartzea zela Nietzscheren idealetako bat. Poz-pozik egongo zen egun Nietzsche egungo langile horiekin, kapitalismoaren barruan bete behar duten rola esaneko betetzen dutenekin.
Nietzscherengandik hartutako beste fetitxe bat natura edo izaera basatia da. Ikusi dugu, ordea, zein den berak aldarrikatzen duen izaera basati hori: harrapari bakartiarena. Eta zalantza bat sortzen zait: gizakien artean hierarkiak ezinbestekotzat, halabeharrezkotzat jotzeko hartzen du Natura eredu Nietzschek baina, hierarkikoa da benetan Natura? Belarjaleen gainetik daude haragijaleak, taldekoien gainetik bakartiak, landareen gainetik animaliak? Eta edozein haragijale barrutik akabatzeko gai diren bakterioak eta birusak non kokatuko genituzke hierarkia horretan? Zein da halako hierarkia ezartzeko oinarria, ideala, metafisikoa eta subjektiboa ez bada? Izaera edo natura basatia aldarrikatzean, naturalagoak edo basatiagoak dira harrapari bakartiak taldean bizi diren otsoak baino? Natural eta basatiagoak otso horiek ardiak baino? Zein da gizakiaren natura? Taldekoia izatea ere ez da izaera basati eta naturalaren ezaugarri bat gizakiarengan? Haragijale bakartiak hartu behar ditugu giza moralaren eredu? Noski, elkar-laguntza oro arbuiatzen zuen Nietzschek zelan hartuko zituen eredu Kropotkinek aztertu zituen animalien portaerak…
Halaber, izaera horri lotuta, arriskuan bizi beharra aldarrikatzen zuen Nietzschek, segurtasun nahia gutxiesten zuen, baina… ez zuen, hain zuzen ere, goikoei segurtasuna bermatuko zien sistema bat nahi? Matxinada arrisku oro saihestu? Ez zen pribilegioak erabat galtzearen beldur? Eta berdintasunerako bide hori geldiarazteko ez zuen eskatzen, iragartzen buruzagi bat? Europa nahasmendutik atera eta moral “natural” gorena, herri aristokratikoei zegokien hura berriz ekarriko zuen gidari bat? Kontuz, ea Hitlerren batek Nietzsche irakurri eta hark iragarritako eginkizun garrantzitsu hori betetzera deituta sentitzen den…
Hori dena esanda, nire ezinegona baino ez dut berretsiko: zer interes dago, erradikala, askatzailea eta apurtzailea delakoan, Nietzscheren filosofia atzerakoi, arrazista, misogino, klasista, aristokratiko eta totalitarioaren eragina zabaldu nahi izateko? Zer printzipio moral onarrarazi nahi digute iraultzailetzat? Iraultza oro gorrotatzen zuen batenak? Zer pentsatu eman behar liguke…