Hamaika ispilu ganbil

01-Asel1

  • Argitaletxea: Labayru
  • Urtea: 2003
  • Orrialde kopurua: 213

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Unax irakasle barria da institutuan eta hartuemon bereziak egingo ditu bai ikasleakaz bai ganerako irakasleakaz. Nobela bizia da, intrigak eta sexuak aparteko giroa emoten deutsiela.


Hamaika ispilu ganbil euskaraz idatzi nuen lehen lan luzea da. Oker ez banago, 1.993an ekin nion. Euskal Filologiako lehenengo urtean nengoen orduan, eta azkenean aspaldi egin gura nuenari heltzeko prest sentitu nintzen: gaztelania hizkuntza literario gisa alde batera utzi eta euskararako jauzia egin. Euskaldunberria izanik, aitortu behar dut istorioa aurrera eramatea baino borroka gogorragoa zela barruko ahotsa euskarara moldatzea. Ahalegina zailago bihurtzeko, gainera, orduko ikasketen eraginpean, pertsonaia gehienek bizkaieraz berba egitea erabaki nuen eta, hasieran, elkarrizketak transkripzio fonetikoak izan ziren. Geroago hautu hori bigundu eta bizkaiera estandarragoa jarri nuen haien ahotan.

Urteak pasa, hamarkada bi baino gehiago idazten hasi nintzenetik eta hamarkada bat baino gehiago amaitu nuenetik, eta idatzi nuenari begiratuta geroko eleberrietan agertu diren kezka filosofiko eta etiko iraunkor batzuk ikusten ditut, batez ere gizakiaren nortasunaren eraikuntzaren ingurukoak, pentsaeran izandako bilakaerarekin batera. Izan ere, nire garai haietako anarkismoa askoz indibidualistagoa eta ateorikoagoa zen, sen hutsak gidatua.

Lan honetan, seguruenik, alderdirik nabarmenenetako bat sexu esplizituak duen garrantzia da. Argitaratzeko garaian editoreak pasarte batzuk, erotiko baino gehiago, pornografikotzat jotzea ekarri zidan horrek, erdi txantxetan erdi serio. Ezaugarri horrek ezusteko bideetatik eraman zuen eleberria, zalantza barik -nork esango zidan idazten hasi nintzenean bolada batez ETAko zenbait emakume presoren eskuetatik ibiltzen hasiko zela!-.

Seguruenik nire lanik ezezagunena eta eskuragaitzena da, hala ere, baina tira, ikasle garaietan nituen kezketako batzuk ezagutzeko/gogoratzeko ez da bide txarra.


Irakurtzeko zatia

Ainhizeren logelan ez zen giro. After-suna gorputz osoan zabaldurik, minutuak, segundoak zenbatzen zituen Ainhizek etxetik irteteko. Ordubete Unax ikusi gabe mundu oso bat bazen; egun batzuei, ia astebeteri, eternitatea zeritzon. Lau aldiz ipini zuen armairua hankaz gora, jantzirik egokiena aukeratu baino lehen, eta jantzi-erantzi zen guztietan, giltza poltsikoan zeramala egiaztatu zuen behin eta berriro.

Haren konpaktoan ere girotzeko musika egokia jarri zuen, beste batzuetan baino lasaiagoa, baina rockaren ildotik urrundu gabe. Beraz, Sasoi Ilunaken doinuak, Txumaren ahots hautsiaz eta hitzen zalantzarik gabeko zentzuaz, barnean berez zuen sua areagotzen laguntzen zion.

Nire ganbararen sakonian

gorderik daramadan nik

maite haunat, ezpain mamitsu eta lehorrak.

Ohe zabalegian jotzen dinat nire sexu motel eta

puztuaz, puztuaz, puztuaz

—Ezin dut gehiago… Hau zoramena da… Zergatik egiten duzue hau… —ahotsa arnasaren erritmo etenaren arabera hausten zen, eutsi ezinik. Atzazalak izaretan sartzen ziren zorrotz, norabait heldu beharrean.

—Gustatzen jatzu, ala ez?

—Bai…, bai…, bai…

—Eta ez dozu gu gelditzea gura…

—Ez dakit…, ez dakit…

—Hik zer usten dona? Emakumea haz, hobeto ezagutzen dozana.

—Ezetz. Bero-bero jagona. Ez dok ikusten izarak aldatu beharko dozaala?

—Zelan… zelan sartu nauzu hemen?

Arantxa, neba-arreben eskuetan, atseginak alde guztietatik iritsirik buru barruan zerbait apurtuko zitzaiolakoan, mamarro erraldoi baten amaraunean sentitzen zen, haren ziztadaren pozoiak liluraturik eta gorputz adar guztiak indargeturik. Eta ez zuen argi bereizten egoera hartatik askatu nahi zuenentz. Egia esan, guztia zelan hasi zen eta bera puntu hartaraino zelan iritsi zen ere ezin zehaztu zuen. Ez zekien aurretik hura saihesteko aukerarik izan zenentz, ezta ze unetan hasi zen bide hartarantz jotzen. Dena ilun eta nahasi zegoen haren burmuinetan, eta ukitzen zuen eskua Unax ala Idarena zen ere ezin bereizi zuen. Bakarrik ezagutzen zuen Unaxena zen gauza bat, halabeharrez harena behar zuena, eta bere azala edo barrua erretzen sentitzen zuen bakoitzean, kristal zorrotz eta finezko zeru baten aurka eztanda egingo zuela begitantzen zitzaion.

Kaleko hego-haize beroak agurtu zuen atepea zeharkatu orduko, minigona aireratzeko mehatxatuz. Esku batez atzetik helduta, autobus geltokira zuzendu zituen urratsak, giltzaren metalezko hotza aspaldian epeldurik zegoela bere eskuaren beropean.

Higanat erakarri nindunan

hire ohatzian leku egin yidan

dakitan geyena ekutsi yidan:

letretan, musikan, larrutan

Bai, Txuma Murugarrenen ahotsaren oihartzunak artean errepikatzen ziren Ainhizeren gogoeten artean. Bizitzako gertaera guztiak daude aurretiaz abestietan; edozein une bizi duzula ere, guztiz egokitzen zaiona aurkitzen da. Baina, abesti osoa gogoraturik, guztiz bat etorriko ez zela zioen bere baitan, beste bertsoak errepikatu ahala.

—Ito behar dut. Hau lorra, zoratu egin gara.

—Ez, Arantxa, hau da zentzua, berreskuratu doguna. Baietz aspaldian ez lez gozatzen zagozala —erantzun zion Unaxek, bestearen bilo ilunaren artetik, ezpainez ezpain, mingainak isuri labainkorra eragiten zuela ezari-ezarian.

Arantxa ihardesten saiatu zen, baina Idak ahoa bete zion bere eztiaz, belaunak ohe buruan, lepazurrak katu malgutasunez barrurako arkua marrazten zuela, adats beltzak Unaxen sorbaldak laztanduta.

—Eta onena oraindino iristeko… —esan zuen ahopeka.

Igogailua zegokion solairuan gelditu zen. Ez berak ohi zuen bezain ausart, baina oinak ezagutzen zuen aterantz zuzendu zituen. Ate aurrean gelditu, eta deitu gabe, zuzenean sartu behar zuela gogoratu zitzaion. Agian artean ez zen etxean egongo, baina egun batzuetan kabi bihurturiko logelan itxaron zezakeen. Ertzak azala mintzeraino estutu zuen giltza esku barruan, patrikatik atera baino lehenago. Sarrailan pausatu, astiro barneratu, eta behin baino ez zuen birarazi behar izan. Etxean egongo zen ordurako, seguruenik. Ateari bultz egin, eta barruan zen. Ezkaratzeko argia amataturik zegoen eta berak ere ez zuen piztu. Pasillorantz abiatu, eta hango atea gertu zuenean, barrutik zetozen arnas antzeko hotsak iritsi zitzaizkion… Belarria erne, hitzik atera gabe, senak isiltasuna eskatu balio bezala, aurrera egin zuen. Arnasak ziren, zalantzarik gabe, baina azkartuak, etenak, hautsiak, sakonak… Bihotzak txokorik urrunenean ezkutatu nahi izan zion, uzkur. Zerbaitek itzuli eta arineketan alde egiteko eskatzen zion, aldarrika, baina hara joan behar zuen, logelara, non Unaxek itxarongo ziola esana baitzion. Buruak gero eta ozenkiago zulatzen zion arima, kantuaren beste bertsoez, ahots hura isildu, ukatu nahi bazuen ere, indar osoz. Baina ez zen, ez, isilduko.

Ta gero traizione, ta gero traizione

beltzena egin yidan,

ta gero traizione, ta gero traizione

alu, alu, alu alena, beltzena egin yidan.

Higanat erakarri nindunan

hire ohatzian leku egin yidan…

Ez, kantuek ez zekiten guztia. Guztia ez zen betetzen. Alderdi batzuetan bakarrik zetozen bat bizitza eta abestiak…

—Mesedez… eman atsedena… leher eginda nago… Bihar ezin ibiliko naiz…

Unax azken erasoaldirako, azken isurialdirako prestatu zen. Arreba aserik utziko zuen denboraldi baterako, bereari lasai ekin ahal izateko. Gainera, Arantxarekikoa eginda zegoen. Bat gehiago, eta handik irtenez gero, lotsaren lotsaz, ez zen berriro ausartuko besteen aurrean begietara begiratzen, ezta berarekin berriro geratzen. Ez zuen arratsalde hura ahaztuko, baina errepikatzeko adorerik ere ez zuen izango. Gainera, onartu behar zuen ondo pasatzen ari zela joko harekin. Bultzada pare bat gehiago, eta…

Logelako atea hotsik atera gabe ireki zen, astiro baina zabal-zabal. Bestaldean, neskatila margul eta izutu baten aurpegia ikusi zuten hirurek. Gorputza dar-dar, ikusi gabe begiratu zuen. Arantxaren odola izoztu egin zen, ezer ulertzen ez zuela. Egia esan, pertsona bakar batek ulertzen zuen gertatzen ari zena. Hiru gorputz biluzik, korapilaturik, izerdi eta sexu usain sarkorra, gela itogarri eta iluna, neskatxa ilegorria atean iltzaturik. Denboraz ezin neurtu den dimentsio baten menpe. Segundoa, bere ehuneko guztiak agortu nahi ezean.

Malko txiki baten distirak eten zuen segundo amaigabearen lilura. Baimenik eskatu gabe, tantak bere bidea egin zuen Ainhizeren masailetik, neskatilak itzuli eta arrapaladan alde egin baino lehenago. Ez zuen negar egin nahi, are gutxiago txerri nazkagarri haien aurrean. Gorroto zien. Bertan hil nahi zuen, ulertzen saiatu behar ez izateko.

Inork mugitzea lortu orduko, atearen danbada entzun zen. Unaxek, artean burua guztiz nahasirik, altxatu eta lasterka irten zuen atera, biluzik egoteak ardura izan gabe. Neskatilaren izena errepikatu zuen oihuka, baina alperrik. Urrun zen ezer entzuteko, buruz eta gorputzez.

Arantxa, nahasmena ulertzen hasita, ahal izan zuen moduan jantzi, bere gauzak bildu, eta negar baten alde egin zuen, ahal bezain azkar. Bizitza osoan ez zen hain iraindurik sentitu.

Unax bakardadera itzuli zen, Ida ere desagertua baitzen. Burmuinak erretzen, ohe gainean etzan zen, kaosaren erdian abandonaturik, gogoa azala baino asago. Zer egiten zuen Ainhizek beraren etxean? Zelan sartu zen haraino? Hango izara bustiek ez zioten, baina, erantzungo.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.