Idazlea, anarkista, euskalduna, itzultzailea, musikari nahia, semea, neba, osaba, adiskidea, lotsatia, lotsabakoa, ikaslea, irakurlea, alferra, burugogorra, hitzontzia, sukaldaria, etxeko “gizona”… Zerk definitzen du pertsona bat? Batek daki. Zer eta nor naiz, beraz? Ezagutzen nauen bakoitzak zerbait esan lezake eta esan daitezkeen denak ez ditut gogoko izango, egia badira ere. Hortaz, zer jarri biografia batean? Datu objektibo batzuk, agian: 1971n jaio nintzela, Begoñan (Bilboko auzoa? errepublika independentea?). Datu subjektiboagoa: bilbotarra bezain mundakarra sentitu naizela beti. Beste datu objektibo bat: Buenos Airesen bost urte eman ondoren, Bermeoko portuari begira nago berriro. Titulu akademiko batzuk ditut eta ikasten jarraitzen dut, gehiena doktrinamendu esparru ofizialetatik kanpo ikasi ere. Batek daki, agian Wikipedian dago egiazko biografia.
Eta hemen nabil, web pertsonal bat egiten (Lluís Ràfolsen ezinbesteko laguntzaz, dena aitortu behar da), nahi duenarekin buru honetatik ateratakoak partekatzeko.
Hasieran, 2006an, euskara hutsezko blog bat izan zen, Nasmastarraren apunteak izenekoa, nahiko kaotikoa, jorratutako gaiei dagokienez. Geroago, 2009an, blog elebiduna sortu nuen, Gorri Beltzean, hausnarketa politikoari lotuagoa. Urteotan han argitaratu ditudan artikulu batzuk hona ere ekarriko ditut. Beste guztiak blog horietan geratuko dira interesa duenarentzat, egunen batean ixten ez badituzte. Web pertsonal hau, beraz, haien bien errautsetatik sortu da haietan eskaini ezin nituenak bildu ahal izateko.
Irakurri, nahi duzuna jaitsi, eta gogoa baduzu zure iritziak eta hausnarketak bidali.