Eskola garaian, hots, duela mundu oso bat, bolada bat izan nuen Lorcaren antzerkiarekin liluratuta. Saio batzuk ere egin nituen orduan antzezlanen bat idazteko; erdaraz, garai haietan. Bolada hori atzean utzita, nire sorkuntzatik alboratuta geratu zen antzerkia, unibertsitate garaian (95-96an? batek daki) bitxikeria bat atera zitzaidan arte. Lore bakarra izan zen hura, ongarririk ezean segidarik izan ez zuena, eta betiko galduko zen duela gutxi haren aztarna bakarra topatu ez banu, olerki eta ipuin zaharrak gordetzen dituen zorro batean, luzaroan Mundakako ganbaran galduta egon ondoren. Idatzi nuenean inprimatu nuen kopia bakarra da, mirariz biziraun duena, ez baita fitxategiaren aztarnarik geratu. Lehengo egunean, Mundakan bigarren urtez antolatu dugun Danona Donea alter-jaialdian, Mikel antzerkigile, antzezle eta zuzendariarekin hizketan, antzezlan hori ekarri nuen gogora, eta interesa agertu berak. Eta horrela, oroimenak xaxatuta, ordenagailura pasatu eta, zuzenketa txiki batzuk eginda, bitxikeria hori berpiztea erabaki dut.
Munduak ez zuen gauza handirik galduko berreskuratu ez banu, baina hemen utziko dut jakin-mina izan dezakeenarentzat. Idatzi nuenean ez nekien absurdoaren antzerkia deritzon zerbait bazenik ere, baina irakurtzen hasi eta, zenbait unetan, Ionesco ekarri dit gogora. Unibertso oso bat dago haren lan aparten eta nire esperimentu xumearen artean, baina tira, ondo sentiarazi nau.