Demokraziaren lapurreta (II). Euskal Herrietako adibide bat: Bizkaia

Aurreko artikuluan hartutako ildoari jarraituz, eta han azaldutakoa gertuko adibide batean ikusteko, Euskal Herrietan eredu politiko bakoitzak izan dituen tokia eta bilakaera ikusiko ditugu, zirriborro gisa baino ez bada ere, luze joko bailuke hori guztia sakon eta xehetasunez aztertzea. Lehenbizi, ordea, XIX. mende arteko filosofia politikoari buruzko testu guztiek definitutako sistema politiko nagusiak zertan dautzan gogoratuko dugu. Hala, Platonen Errepublikatik Rousseauren Gizarte-kontratua ospetsuraino –Montesquieuk Legeen espirituaz liburuan ezarritako kontzeptuak izanik salbuespena-, hiru sistema politiko nagusi bereizi ziren, oro har: demokrazia, aristokrazia eta monarkia.

Demokrazia gizarte bat osatzen duten herritar guztiek (edo herritartzat hartzen diren guztiek) berdintasunean osatutako batzarraren bidezko gobernua da, inolako ordezkaritzarik gabea. Historian, hainbat demokrazia mota egon dira, kalitate handiagokoak batzuk, txikiagokoak besteak. Hala, batzarrean parte hartzeko eskubidea mugatua izan daiteke, hala nola garai batzuetako Atenasen, pertsona batzuk (adibide horretan emakumeak, esklaboak eta atzerritarrak) erabakitzeko sistematik kanpo geratzen direnean, edo herria osatzen duten guztientzat zabalik egon daiteke. Halaber, erabakiak botoen bidez eta, beraz, gehiengoen eta gutxiengoen jokoaren bidez, har daitezke, Atenasen bertan egiten zen bezala, edo herritar guztien adostasunaren bidez har daitezke, David Graeber antropologoak ikertu dituen beste hainbat gizartetan gertatu eta gertatzen den bezala. Edozelan ere, demokrazietan ez dago buruzagi formalik (beste kontu bat da aberastasunek eta bestelako irizpide klasistek edo militarrek itxurazko berdintasun hori apurtu ahal izatea eta ezkutuko botereak ere egotea) eta horizontaltasuna da nagusi, gizartearen arazoak eta erronkak eztabaidatu eta haiei buruz erabakitzeko orduan. Era berean, nork bere buruaren izenean baino ez du hitz egiten eta erabakitzen. Batzarraren erabakiak gauzatzeko kargu publikoak egon daitezke, eta kargu publiko horiek batzarrak berak hautatuta, txandaka edo beste zenbait modutan erabaki daiteze.

Aristokrazia gizarte bat osatzen duten herritarretatik bakan batzuek, gutxiengo batek osatutako batzarraren bidezko gobernua da, eta batzar horrek gainontzeko herritarrak eta haien nahia ordezkatzen ditu. Batzarra osatzen duten aristokratak herritar guztiek hautatuak edo zozketaren bidez atereak izan daitezke edo, sistema degeneratzen denean, oinordetzan oinarritu daitezke. Mugak ere egon daitezke hautagai izateko, hala nola gutxieneko ondasunak edukitzea, klase jakin batekoa edo familia batzuetakoa izatea, legezko alderdietako bateko kidea izatea, etab. Behin batzarkideak izendatutakoan, haiek baino ez daukate eskubidea herriari ezarriko zaizkion neurriak eztabaidatu eta erabakitzeko, eta kasu askotan batzar horrek berak hautatuko ditu bere erabakiak betearaziko dituzten kargu publikoak edo bestelako erakundeak.

Monarkia gizarte bat osatzen duten herritar guztien arteko bakar baten gobernua da. Gobernuburua herritarrek hautatua izan daiteke, edo gerra edo oinordetza “eskubidea”n oinarritu daiteke, besteak beste. Beraz, gobernuburu bakarreko sistema guztiak, gobernuburu hura hautatua bada ere, monarkiak dira (gaztelerazko Wikipediak zer dioen ere).

Historian, ordea, ezagutu diren eredu gehienak mistoak izan dira, aurreko artikuluan ikusi genuenez. Egun ere munduan dauden gobernu sistemei erreparatuz gero (sistema formalaz ari naizela gogoratu behar da, beste kontu bat baita itxurazko sistemaren atzean boterea benetan nork daukan), ikusiko dugu gehienak mistoak direla. Hala, esaterako, Espainian maila gorenean erakunde monarkiko bi daude, erregea eta presidentea, eta erakunde aristokratiko bi, kongresua eta senatua (antzera gertatzen da Japonian, Suedian, Norvegian, Belgikan, Danimarkan…). Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan ere maila gorenean -arestian aipatu goragoko mailakoak alde batera utzita- erakunde monarkiko bana daukagu, lehendakari biak, eta erakunde aristokratiko bana, legebiltzar biak, eta eredu bera errepikatzen da beherantz, lurralde gobernuetan (ahaldun nagusia erakunde monarkikoa da eta Batzar Nagusiak aristokratikoa) eta udal gobernuetan (alkatea erakunde monarkikoa da eta udalbatza aristokratikoa). Frantzian, Italian edo Errusian, esaterako, erakunde monarkiko bina leudeke, presidentea eta lehen ministroa, eta beste erakunde aristokratiko bina, oker ez banago, kongresuak eta senatuak. Estatu Batuetan, Kolonbian, Venezuelan, Ekuadorren, Argentinan, Perun, Txilen… ere antzera, erakunde monarkiko bana, tokian tokiko presidentea, eta erakunde aristokratiko bina, kongresuak eta senatuak (guztietan halakorik balego, ez baititut denak ezagutzen). Txinan, Vietnamen, Laosen, Korean, Kuban edo garai bateko Sobiet Batasunean, esaterako, erakunde monarkiko bana dago, presidenteak, eta erakunde aristokratiko bana, tokian tokiko Alderdi Komunistako kideek osatutako batzarra. Aldea erakunde aristokratikoetan parte hartu ahal izateko zenbait alderdiren arteko baten batean edo alderdi bakar batean sartu beharra litzateke, era oso sinplean esanda, alde batera utzita batzuen edo besteen makropolitikak eta mikropolitikak gehiago ala gutxiago gustatzen zaizkigun. Salbuespenak salbuespen, eta berezitasunak berezitasun, antzeko zerbait aurkituko dugu munduko Estatu gehienetako gobernu sistema formaletan. Kasu batzuetan, aristokraziaren parte izateko alderdiren batean sartu eta botoak jaso beharko dira, beste batzuetan armadako goi kargua izan beharko da, edo klan, kasta, leinu edo erlijio bateko goi mailako kidea, edo ezaugarri horietako batzuk nahastuko dira. Monarka izateko, ordea, gobernuburu karguari errege, printze, jeneralisimo, führer, duce, komandante, enperadore, aita santu, dalai lama, presidente, lehendakari, ahaldun, alkate edo, historian atzerago eginda, duke, jaun, kalifa, faraoi… esan, aurrekoaren antzera, kargua boto eskubidea duten herritarrek hautatuta, zein talde itxi batek hautatuta, zein familia jakin batekoa izanda eskuratuko da.

Non daude, ordea, erakunde demokratikoak toki horietan guztietan? Kasurik onenean, oraindik bizirik dauden herri- eta auzo-batzarretan, gehienetan haien eskumenak hutsaren hurrengo izan arren. Beraz, ikusten denez, gaur egungo sistemen grina nagusia demokraziaren aztarna oro desagerraraztea izan da, XIX. mendeaz geroztik.

Interesgarria eta esanguratsua da, ordea, gure gertuko errealitateari erreparatu eta Euskal Herrietan erakunde demokratikoek, monarkikoek eta aristokratikoek zer toki eta zer bilakaera izan duten aztertzea. Horri heltzeko, bestalde, hizkuntzari lotutako kontu bat argitzea komeni da. Hizkuntzen bilakaeran, ohikoena bitxiak edo ezohikoak diren elementuei ohikoenei baino lehenago izena jartzea da. Euskaran argi ikusten da hori. Hala, airea, egunero arnasten badugu ere, ikusezina da, uneoro inguratzen gaitu eta, hala, zailagoa da halako elementua badela ere jabetzea. Hortaz, ez da arraroa euskarak airearentzat hitzik sortu ez izana eta, beraz, latinetik hartu behar izan bide zuen. Aireari era nabarmenean mugitzen denean igartzen diogu, eta hala “haize” hitza badaukagu, edo hura zikintzen duena ere erraz ikusten dugu, eta hala “ke” hitza ere badaukagu. Dirudienez, antzeko zerbait gertatu zen gure hizkuntzan bakearekin eta gudarekin. Lehenengoa berezko egoera zen, egunerokoa, normaltasuna, ikusten ez zena eta, beraz, izenik behar ez zuena. Horregatik, erromatarrek iritsi behar izan zuten euskaldunek hitz hori beregana zezaten. Guda, ordea, ezohikoa ei zen, eta sortzen zen une arraro horietarako bai, hitza sortu zuten euskaldunek. Horrek, bestalde, errotik gezurtatzen du Hobbesen teoria, botere absolutuaren beharra zuritzeko asmatu zuena, zeinen arabera, gizakien berezko egoera, natura egoera, baten guztien aurkako gerra bailitzateke. Argi dago gerra beti izan dela salbuespena, are gehiago Estatuak eta gizarte egitura finkoak sortu baino lehen. Laster ikusiko dugunez, hausnarketa hau ez da debaldekoa.

Izan ere, antzinako historiaz jakin dezakegun apurraren arabera, euskaldunek, bakean egon ziren bitartean, ez zuten egitura hierarkikorik sortu eta, zantzu guztien arabera, haien komunitate txikien antolakuntza horizontala zen, demokratikoa, komunitate bakoitza osatzen zuten guztien arteko berdintasuneko batzarrak izanik haien erakunderik zahar eta berezkoena. Kanpoko mehatxu militarra sentitzen zutenean, ordea, euren defentsarako, gudarako prestatu, eta halakoetan, eta mehatxuak ziraueino, buruzagia, aldi baterako erakunde monarkikoa, hautatzen zuten. Latinez primus inter pares deritzon pertsona zen, hots, lehena berdinen artean. Haren agintea gerrarekin batera desagertzen zen. Halako ohiturak herri askotan egon dira hedatuta luzaroan. Beraz, jatorrizko antolakuntza, ohiko egoeran, demokratikoa zen eta ez zegoen erakunde aristokratikorik edo monarkikorik, azkena aldian aldiko salbuespena izanik.

Kanpoko mehatxuak ugaldu eta guda egoerak luzatu ahala, erakunde monarkikoa egonkortzen hasi zen, Baskoniako Dukerria lehenago, eta Iruñeko Erresuma gero eratu arte. Hala ere, inguruko kultura estatistak imitatuz lehenago duke eta gero errege izendatutako buruzagia, hasiera batean, herritarrek hautatua izan zen, premiak bultzatuta, eta, denboraren poderioz, oinordetzan oinarritu zen, hautatzeak ezegonkortasuna zekarrelakoan, behar bada, edo apatia hutsez, agian. Herriak bere burujabetasuna galtzeko lehen urratsa izan zen, ordea. Hala ere, herrietan, eguneroko bizimoduan, batzar irekiak edo kontzejuak izan ziren erakunde politiko nagusiak, hots, erakunde demokratikoak -ez dakit erabakiak inoiz herritar guztien adostasunean oinarritu ziren ala botoaren bidez hartu ote ziren beti, baina bigarren eredua da iritsi zaiguna-.

Bestalde, herriak euren artean koordinatzeko, Euskal Herrietako lurralde guztietan Batzar Nagusiak osatzen hasi ziren. Bizkaian hiru ere egon ziren, Bizkaikoak, Enkarterrietakoak eta Durangaldekoak. Dena dela, hasiera batean, Batzar Nagusiak ere erakunde demokratikoa izateko osatu ziren. Bertan, Bizkaiaren kasuan (bestela zen beste lurraldeetan), herri bakoitzak jesarleku bat zeukan, boto bat, baina hara zihoan ordezkariak ez zeukan eskubiderik bere kabuz erabakitzeko. Aitzitik, Batzar Nagusietan erabaki beharreko gaiak tokian tokiko batzarretan eztabaidatzen ziren lehenago, eta herri-batzar horiek agindutako botoa edo iritzia eraman behar zituzten ordezkariek. Batez ere, beraz, bozeramaileak zirela izan daiteke, koordinazio erakunde batean. Hala ere, ez ziren falta izan egoera hori aldatu eta batzuek Batzar Nagusien kontrola eskuratzeko ahaleginak, hala nola Batzar Nagusietara bidalitako ordezkariek derrigorrez gazteleraz hitz egiten jakin behar zutela xedatu zenean, herririk txikienak eta erdaldunik ez zutenak erabaki guztietatik kanpo uzteko.

Era berean, Bizkaian ere erakunde monarkikoa ezarri zen denboraren poderioz, Bizkaiko Jauna, lurraldea jaurerri bihurtuz. Haren botera, ordea, mugatua zen, betearazlea, eta ez legegilea, legeak Batzar Nagusiek egiten baitzituzten, eta Jaunak foruak, hots, herriak bere buruari emandako legeak, beteko zituela zin egin behar zuen Jaun onar zezaten.

Inbasio saioak eta erasoak ohiko bihurtu ziren heinean, gerrari gustua hartu zioten leinuak edo familiak hasi ziren sendotzen, ahaide nagusiak edo aitonen semeak esango zietenak, eta lurren eta herrien kontrola izateko elkarren aurkako gerrak ere etorriko ziren, bandoen gerrak. Hala, demokraziaren eta jabetza komunalaren etsai nagusiak hasi ziren boterea pilatzen, kasta militarra, Europako beste toki askotan legez. Horrek, eguneroko bizimoduan ez ezik, erakundeetan ere izan zuen eragin handia. Izan ere, herri eta hiri askotan, herri-batzar edo kontzeju irekien ondoan, pixkanaka kontzeju itxiak ere agertu ziren, hala nola Bilbon. Kontzeju itxietan ezin zuen edonork parte hartu. Aitzitik, ahaide nagusiek kontzejuak euren artean banatzea lortuko zuten laster. Armak argudio nagusia izanda, legeak pixkanaka aldatzea lortu zuten eta, horrela, egun dauzkagun udalen hazia erein zuten. Herrietan alkateak eta zinegotziek osatutako udalbatza itxiak eratu eta legez bando bien arteko borroka instituzionalizatu zen, botere oreka ezegonkor batean. Neurri berean, herri-batzarrak edo kontzeju irekiak bazterrekoak bihurtu ziren, gai oso jakin batzuetarako baino ez zituzten deitzen, haiek deitzeko eskumena udal berrien esku geratu baitzen. Gobernu aristokratikoaren garaia hasia zen Bizkaiko eta Euskal Herrietako herri askotan. Herri xumeak, ordea, ahaide nagusien gaineko erakunde militar nagusian bilatu zuen aterpea, hots, Jaunari (ordurako Gaztelako Errege ere zenari) eskatu zion ahaide nagusien boterea eta haien gehiegikeriak muga zitzala.

Ikusten dugunez, gobernu demokratikoen funtsa herri baketsua zen bitartean, gobernu monarkikoen eta aristokraten funtsa armak eta guda izan ziren beti gure lurretan. Herri zibilaren senak demokraziarantz jotzen zuen; sen militarrak, monarkiarantz edo aristokraziarantz. Herri xumearen oinarriak berdintasuna, horizontaltasuna eta jabetza komunala izan ziren, eliteenak hierarkia, boterea eta jabetza pribatua. Ez da arraroa, beraz, hirietan burgesia diruduna eta diruzalea garatu ahala, burgesia jaioberri horrek eta aitonen semeen familiek bat egitea eta elkarrekin antolatzea. Burges dirudunek ahaide nagusien ohiturak, itzala eta abizenak bilatu zituzten neurri berean, aitonen seme askok negozioetan sartu, burgestu eta kapitala egitea bilatu zuten. Garai berrietara egokitzen jakin zuten burgesek eta aitonen semeek lortuko zuten aurrera egin eta herriak kontrolatzea, benetako aristokrazia osatzea.

Kostata bada ere, ordea, erakunde demokratiko batzuek, batzar ireki batzuek, XIX. mendea arte irautea lortu zuten, eskumenak gero eta inausiago, erakunde monarkiko eta aristokratikoekin tentsioan beti. Lehenak ziren erakunde bigarrenen azken oztopoa, desagerrarazi beharrekoa. Eta erabateko arrakasta lortu zuten XIX. mendeko politika liberal burgesari eta konstituzionalismo berriari esker. Frantzian monarka batzuen burua moztu eta beste monarka batzuk jarri ziren buru, presidente izenez bada ere, eta aristokrata batzuen burua moztu eta beste aristokrata batzuek bete zituzten parlamentuak eta bestelako erakundeak -antzera gertatuko zen mende bat pasatxo geroago Errusian-. Nobleak lehenak, burgesak edo burges bilakatutako nobleak bigarrenak. Espainian ez zuten buruak moztu beharrik ere izan, botere gerrak egon arren, eta burua, monarkia, bikoiztea izan zen irtenbide “zibilizatua” (Frankismoaren “ondoren” bezala, Espainian sistema zaharreko aristokratak aristokrazia berrietan integratzen maisu direla erakutsi dute maiz). Estatu bietako prozesuek, bestalde, Euskal Herrien patua ere idatzi zuten. Behean, gero eta beherago, herria, bere burujabetzaren, demokraziaren azken aztarnak betiko lurperatuta. Egun, demokraziaren izenez benetako demokrazia bakarra zapaldu duten monarkia (erregea, presidenteak, lehen ministroa, lehendakariak, ahaldun nagusiak, alkateak…) eta aristokrazia (parlamentariak, senatariak, legebiltzarkideak, batzarkideak, zinegotziak…) baino ez dira geratu gure artean. Espainiako erregetza alde batera utzita, monarkia eta aristokrazia horietara iristeko bide bakarra: alderdi politikoak.

Etorkizunerako zer gura dugu, Euskal Herri monarkiko eta aristokratikoa, ala Euskal Herri demokratikoak? Estatu erakunde bertikalak eta parte-hartze politiko erabat murriztua, ala herriz herriko erakunde demokratiko eta horizontal burujabe eta federatuak?

(2013-03-09)

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.