Azken egunotan Txilen albiste bihurtu den arte ekintza bati heldu nahi diot gaur. Txileko ohiko komunikabideek farandula bihurtzeko saio guztiei izkin eginez bihurtu da albiste, gainera. Francisco “Papas Fritas” artistaren “Ad augusta per angusta” lanaz ari naiz, duda barik. Espero zitekeen bezala, Txileko komunikabideek garrantzi handiagoa eman diote PDIk (Policía De Investigaciones) erakusketa bahitu izanari “Papas Fritas”en ekintzaren zentzuari baino. Eta espero zitekeen, arte ekintza horrek agerian utzi dituelako sistemaren lotsak, eta ez da komunikabide horien lana lotsa horien berri ematea, ekintza baten zentzu politikoaz eta gizarte ondorioez hausnartzea. Txileko komunikabideek farandula bihurtu edo, bestela, isilarazi nahi izan dutena, ordea, nazioartean eta, noski, lerro ofizialetatik ateratzen diren hedabideetan izan du oihartzun zabalagoa, gazteleraz zein ingelesez. Zertaz ari naizen jakiteko onena, seguruenik, lehenago haren ekintzaren aldarrikapenaren bideoa ikustea da :
Ez dut ekintza artearen ez inkomunikabideetan izandako islaren ikuspuntutik aztertu nahi, haiek ere interesgarriak izan daitezkeen aren. Ezta Unibertsitateari buruzko eztabaidan sartu ere. Erakunde horrek, enpresa pribatuena zein Estatu enpresarena izan, sistemaren balioak betikotzeko tresna gisa esan nahi duenaren aurka nago, dirudienez Francisco bera dagoen bezala, eman duen elkarrizketari erreparatzen badiogu, eta uste dut doakotasunari buruzko eztabaida iruzurra dela planteatuta dagoen bezala. Doakotasuna ez dago inon ezbaian, ez da aukera; izan ere, mahai gainean dagoena da ikasleek, doktrinatuak eta sistemarentzako funtzionalak izateko, behin -Estatuak kentzen diguten gainbalio zatiaren bidez-, birritan -zergetan eta unibertsitate-tasetan- ala hirutan -zergetan, unibertsitate-tasetan eta banku interesetan- ordaintzea “nahi” den, eta eztabaida hori ez zait batere interesatzen, ikasleen borrokarekin elkartasuna sentitu arren. Ildo horretatik, interesgarria deritzet Franciscok berak aipatu elkarrizketan “pluribertsitatea” darabilen kontzeptuari eta egungo unibertsitateez dioenari. Aitzitik, anarkismoaren ikuspegitik heldu nahi diot “Papas Fritas”en ekintzari, batzuek ulertzen dutenaren aurrean, egitatearen bidezko propagandaren eta ekintza zuzenaren ezaugarriek zein behar luketen pentsatzeko.
Bereziki interesgarria da halako ekintza Txilen gertatzea. Haren aurrekari garbietako batzuk Enric Duran katalanak eta Lucio Urtubia euskaldunak, zeinek bere estiloan eta helburuekin, burututako ekintzak lirateke, eta halaxe aldarrikatu du Franciscok berak Enric Duranekin trukatutako txioetan. Eta Txilen gertatua bereziki interesgarria dela diot, herri horretan egitatearen bidezko propagandaren eta ekintza zuzenaren zentzuaz jabetu den mugimendu eztabaidagarria, intsurrekzionalismoa, hain zuzen ere, bihurtu delako, gizartearen aurrean, ustezko anarkismoaren irudi ia bakarra. Beraz, haien ekintzari entzutetsuenak eta “Ad augusta per angusta” arte-ekintzaren egileak burutzen ari direna -oraindik ez baita amaitu- erkatu nahi ditut, batzuen eta besteen bideen ezaugarriak, xedeak eta emaitzak aztertuta.
Hasteko, egitatearen bidezko propagandari helduko diot. Kontzeptu hori XIX. mendean hasi zen erabiltzen. Kontzeptu horren arabera, gauzatutako ekintza batek edo haren ondorioek berez azaldu behar lukete bere atzeko asmoa eta, gainera, izenak berak dioen legez, propaganda egin behar dio zerbaiti.
Bestalde, garai beretik datorren ekintzat zuzenaren zentzua honakoa zen: langileek edo esplotatuek, esplotatzaileekin edo botere erakundeekin zeuzkaten gatazkak konpontzeko, bitartekaririk gabe jokatu behar zuten, zuzenean. Ekintza zuzenaren helburua, beraz, xede jakin bat lortzea zen. Hala, esaterako, grebetan eta lan-gatazketan, ekintza zuzenak esan nahi zuen langileek zuzenean eztabaidatu behar zutela jabe edo patroiekin, edo, bestela, euren eskuz hartu behar zituztela esplotatzaileari aurka egiteko ekintzak -sabotajeetatik patroien aurkako eraso zuzenetara-.
Beraz, bai egitatearen bidezko propagandan, bai ekintza zuzenean, abiapuntua gizarte gatazka, talde gatazka, lan gatazka… izaten zen, eta horretara jotzeko asmoa etsaiari zuzenean aurka egin eta langileek eta, oro har, gizarteak erraz ulertuko zuten ekintza burutzea zen. Elkartasuneko ekintza zen, bakarka edo taldeka burutua, baina norberari begira barik, besteei, taldeari, gizarteari begira burututakoa. Kontzeptu bien barruan sar zitezkeen, bestalde, zapaltzaile eta patroi gupidagabeen aurkako atentatuak, langileen aurkako sarraskiak mendekatzeko. Halaxe uler daitezke Simón Radowitzky edo Kurt Wilkensen ekintzak, eta gogoratu behar da azken hori, gainera, bakezale tolstoianoa zela, indarkeriaren erabilera bandera hartzen ez zutenetakoa, patroien indarkeria sistematikoa borrokatzeko hura erabiltzen zutenak ulertzeko gai bazen ere.
Gaur egun, ordea, gero eta ohituago gaude halako kontzeptuak intsurrekzionalismoa deritzon korronte “anarkista”ri lotuta entzutera. Erka ditzagun harro aldarrikatu ohi dituzten ekintzak eta Francisco “Papas Fritas”ek burutu berri duena.
Intsurrekzionalismoan ohikoak dira bankuen, elizen eta bestelako erakundeen egoitzen aurkako bonbak, esaterako. Lehergailu txikiak gehienetan, kalte materialak eta oihartzun mediatikoa baino bilatzen ez dituztenak. Haiei lotuta, erretorika nahiko errepikakorra eta orokorra irakurri ohi dugu ekintza haien berri emateko idatzietan. Idatzi haien bidez eman nahi izaten dute ekintzaren zentzua eta, intsurrekzionalismoaren atzean dagoen iturri ideologikoei jarraiki, nia -edo gehienez ere gua, gu oso murriztua, ustezko afinitate taldeari baino erreferentzia egiten ez diona- da gailentzen dena. Horrekin batera, gehienetan gizarte osoarenganako mespretxua eta gorrotoa. Hala, intsurrekzionalistek errealitateaz konturatu eta “koherentziaz” jokatzen duten bakarrak balira bezala hitz egiten dute euren buruaz. Gainerakoak, eta gero eta gehiago langileak eurak, mespretxagarriak dira, sistemak anestesiatuta bizitzeagatik batere errespeturik merezi ez duen jendea. Niaren eta sistemaren arteko gerran sentitzen dira. Ez da arraroa. Intsurrekzionalismoa teoria indibidualisten adierazpenetako bat da -kapitalismoa bera legez- eta Hobbesen fikzio bera du abiapuntua, Stirnerrek eta Nietzschek bezala: inolako gizarte aurreko gizabanako isolatua, historian inoiz izan ez den izakia, alegia. Hobbesek Estatu totalitarioaren beharra ondorioztatzen zuen bere fantasian baino ez zegoen hasiera mitiko horretatik, hura izanik gizabanako isolatu berekoien asmo azpiratzaileen aurrean “oreka” berma zezakeen bakarra. Stirnerrek eta Nietzschek, aldiz, norbanako berekoiaren totalitarismoa bera aldarrikatu zuten Estatuaren aurrean, irtenbiderik gabeko dialektikan harrapatuta. Hobbesi arrazoia emateko idatzi zuten, nahita edo nahi gabe, azken finean, eta ezaguna da filosofia horrek, Nietzscherenak batez ere, zer eragin izan zuen nazismoaren oinarri ideologikoetan. Beraz, intsurrekzionalisten ekintzak egitatearen bidezko propaganda eta ekintza zuzen gisa ulertu behar badira, geratzen zaiguna niaren propaganda eta niaren ekintza zuzena dira. Zer helbururekin? Seguruenik, helburu zehatzik behar ez dutela erantzungo ligukete haietako askok. Nia asetzea, sistemari gerra etengabea egitea. Propagandaren ikuspuntutik, ekintza horiek, bankuei eta abarri jarritako bonbek, alegia, erasotako erakundeei eurei, Poliziari, Elizari, komunikabideei… eta Estatuari berari egiten diete propaganda, inori egitekotan. Hasteko, kalte material horiek guztiz onargarriak direlako erasoa pairatu dutenentzat eta, bestetik, haiek denak eguneroko biktimarioak izan arren, jendeak, halako ekintza gehienetan, biktima ikusiko dituelako, intsurrekzionalisten komunikatuek zer dioten ere -bestetik, ez da ondo ulertzen indibidualismo horren ikuspuntutik komunikatuak nori zuzenduta dauden, propagandaren baitan ulertuz gero, lehendik ere eurek bezala pentsatzen dutenentzat edo euren buruarentzat ez bada-.
Bestetik, ekintza zuzenaren ikuspuntutik, pentsatu behar genuke zertarako balio duen helburu zehatzik lortu nahi ez duen ekintza zuzenak edo helburu bakara ekintza “zuzen” hori bera egitea baino ez ote den. Lehergailua jarri duten intsurrekzionalisten eta erasotako erakundearen artean, gehienez ere, gatazka abstraktua dago, halako erakundeekin denok daukagun gatazka etengabe bera, baina borroka horretan lehergailu batek ez dakar aurrerapauso bakar bat ere, ez du erakunde hori ahultzen eta guk ez dugu ezer irabazten. Ekintzak gizartearen testuingurutik kanpo egoten dira, gehienetan ez dira kokatzen gatazka giro jakin batean -gehienez ere, presoen aldeko “elkartasun” kanpainetan kokatzen dira batzuk-, eta ez dute balio ezta balizko borroka batean indar morala igotzeko ere. Baina, esango digute intsurrekzionalistek, gizarteak bost axola guri, ez dugu egiten harentzat ezer lortzearren. Argi dago, bai. Azkenik, etika indibidualistaren sorburu aitortua berekoikeria izanik, Stirnerrek berak aldarrikatzen zuen legez, intsurrekzionalistek maiz errepikatuko dute euren idatzietan euren ekintzek besteengan dituzten ondorioek ere ez dietela inporta. Beraz, euren ekintzaren baten ondorioz zerikusirik ez daukaten pertsonak kartzeleratzen badituzte edo, XX. mende hasieran Espainiako Estatuak asmatutako “Esku Beltza” ustezko erakunde anarkistarekin eta antzeko beste kasu askorekin gertatu legez, sistemarentzat egiatan arriskutsuak izan daitezkeen mugimenduak errotik deuseztatzeko aitzakia erabiltzen badira ere, Estatu Batuetako gobernuak esango lukeen moduan, “albo ondorioak” dira horiek denak. Azken finean, intsurrekzionalistek ez dute aurpegia emango eta Estatuak haien ekintzak zerikusirik ez duten anarkista eta mugimenduak neutralizatzeko erabiltzen baditu, muntaien bidez, maiz gertatu legez, ondo etorriko zaie euren diskurtsoa elikatzeko. Haien ekintzen aitzakiapean atxilotuenganako elkartasuna horretara mugatuko baita: muntaia salatzeko aldarrikapen eta ekintza intsurrekzionalista berrietara, toki segurutik eta aurpegia eman gabe. Haietakoren bat harrapatua izan ondoren, ordea, birritan pentsatu barik joko dute guztion elkartasunera eta anarkista guztiok, gainera, ez diegu sekula ukatuko haiek beste guztiei euren ekintzen eta jarreren bidez ukatu ohi dieten elkartasuna.
Oso zaila da, beraz, halako ekintzetan egitatearen bidezko propagandaren eta ekintza zuzenaren zantzuak inon ikustea, haiek ulertzeko modua guztiz bihurrituz ez bada. Eta ondorioak eta maiz Estatuek, aipatu legez, balizko taldeak asmatuz mota bereko ekintzak antolatu eta antzeko panfletoak agerrarazi dituztela ikusita, mesede nori egiten diote pentsatu behar genuke.
Ohituta gauzkan jokabide horren ifrentzua izango litzateke, aldiz, Francisco “Papas Fritas”en ekintza. Hasteko, egitatearen bidezko propaganda gisa, borobila da. Gatazka jakin batean kokatzen da, kasu honetan, Universidad del Mar-ek bere ikasleekin izandakoan. Ondo ezagutzen du gizarteak Unibertsitate horren iruzurra eta, gainera, gizartean unibertsitate sistemari berari buruzko eztabaida puri-purian dagoen testuinguruan. Ekintza irudimentsua da, eta emaitza jakina bilatu du: ikasleek Unibertsitatearekin zuten zorra bertan behera uztea, iruzurra agerian uztea eta sistema osoaren ahuleziak erakustea. Alde horretatik, helburua bete du, zalantza barik. Bestetik, propaganda moduan, ekintzak berak azaltzen du bere atzeko mezua, eta gizarteak, eta batez ere kasuan nahastuta dauden ikasleek, begi onez ikusteko moduko kolpea da. Sinpatia sortzen du. Eztabaidarako beste ardatz bat ere finkatzen du: legezkotasuna vs bidezkotasuna. Edonork ikus dezake, kasu honetan, beste askotan legez, legeak bidegabekeriaren alde egiten duela, eta bidezkotasuna legez kanpo baino ezin dela defendatu sarri. Are gehiago PDIren esku-hartze azkarraren ondoren: iruzurgileen, kapitalaren, aberatsen interesak defendatzeko dago Polizia, zein eta nongo ere den Polizia hori -eta museoak ere, hartzen duten izena hartzen dutela, sistemaren beste pieza bat baino ez direla erakutsi, bidenabar-. Begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola, propaganda ekintza bikaina da, bai ekintza zuzenaren aldeko propaganda, bai Unibertsitatearen iruzurra zabaltzeko propaganda, bai Estatuaren -Alderdi Komunista barne-, ikasle erakunde batzuen eta komunikabideen pasibotasuna zein sistemaren lotsak agerian uzteko propaganda.
Ekintza zuzenaren ikuspuntutik ere, bestetik, erabatekoa da: erakunde baten aurkako borrokan -kasu honetan, Universidad del Mar-, bide instituzionalak, bitartekaritzak, negoziazioak alde batera utzi eta zuzen-zuzenean jo du: zor-titulu guztiak hartu eta erre. Gatazka identifikatuta dago, ezaguna da gizartean, etsaia ere identifikatuta dago, eta helburua ere bai: kasu honetan, ikasleen zorra bertan behera uztea. Eta helburu horretarantz, bide zuzena. Emaitza ere, borobila. Ea zer lege eskujoko asmatzen duen Unibertsitateak momentuz kobraezina den zor bidegabe hori kobratzeko. Sistematikoki borondate txarrez jokatu duten pertsonek -jabeek- euren kaltetuen borondate “ona” espero beharko dute diru hori usaintzeko.
Lucio Urtubiak Citibank boteretsua belaunikatuta edukitzea lortu zuen. Enric Duranek, bestalde, bankuen kreditu sistemaren lotsak agerian utzi, haiek egunero osten duten dirutik zerbait berreskuratu eta Europan eratzen ari den mugimendu iraultzaile interesgarrienetako bat abiaraztea lortu zuen. Francisco “Papas Fritas” ere ez da atzean geratu eta, eztabaidaren ardatza mugitzearekin batera, unibertsitateen etekin gosearen aurkako borrokan ikasle asko itotzen duen zorra indargabetzea lortu du. Eta hirurek besteak, gizartea, gizarte berri baterako eredua, besteen ongizatea izan dituzte buruan, ez euren ospea, euren bakarkako gerra. Halaber, ondorioei aurpegi eman diote hirurek eta askorentzako eredu izan daitezkeen ildoak marraztu dituzte.
Zalantza barik, egitatearen bidezko propaganda ondo ulertua izan da Francisco “Papas Fritas”ena, ekintza zuzen txalogarria. Ikusiko dugu aurrerantzean zer dakarren.