Gobernuek, estatuek, konkistatzaileek eta borrero mota guztiek aspalditik erabili dituzte drogak etsaia, arriskutsua izan daitekeena, matxinoa… kontrolatzeko eta kontzientziak lokartzeko. Hala egiten zuten kolonoek indigenei kalitaterik txarreneko alkohola helarazten zietenean, haien gazteen artean (gazteak izan baitira beti arriskutsuenak, moldakaitzenak) alkoholismoa hedatuz. Horrela egin dute Euskal Herrian poliziaren bidez heroina zabalduz, batez ere 80. hamarkadan, eta orain droga sintetikoak eta bestelakoak. Drogen mende daudenak droga horiek kontrolatzen dituztenen mende daude.
Argentinan sistemaren arma horrek “paco” du izena. Kokainaren azken hondakina da, keroseno bezalako substantzia batzuekin nahastua. Haurrak 7-8 urterekin hasten dira kontsumitzen, ohikoa da auzo baztertu eta txirotuetako 12-14 urtekoak hari itsatsita ikustea…, eta 6 hilabete kontsumitzen nahikoa izan daiteke hiltzeko, organismoa guztiz suntsitzen baitu. Pacozaleen bizi itxaropena urte bikoa izaten da.
Biztanleen sektorerik txiroenek hartzen dutela ziurtatzeko, haren prezioa barregarria da. Peso 2 (1€ = 4,40 peso inguru) izatea nahikoa da holako bidaia batean sartzeko. Sortzen dituen ondorioek 5 minutuan behin kontsumitzera daramate. Eta ez dago haren kontsumoaren edo salmenten gaineko batere kontrolik.
Denok dakigunez, holako mendetasunek, txirotasun eta bazterkeriari lotuta, lapurretetara eroan ohi dute, are bortxakeriarik handienera dosi batzuetarako dirua lortzeko, bidaiaren ondorengo infernu psikikoari ihes egiteko etsipenak gidatuta. Eta hortxe dago sistemaren, gobernuaren interesa, hain zuzen ere. Hori da, behintzat, Buenos Airesen egunero bizi den kanpaina: segurtasun falta, herritar “zintzoen” arteko izua, psikosia.
Hona iritsi ginenetik konturatu ginen Argentinako telebistek gai nagusia daukatela: Buenos Aireseko segurtasun falta. Albistegietan nekez ikusiko duzu atzerrik albisterik, baina Buenos Aires ez den beste inongo albisteak ikustea ere zaila da. Argentina, telebistarentzat, Buenos Aires da. Ordubeteko albistegia ikusi eta, Maradonari buruzko edo munduko krisialdi ekonomiaren gaineko berriren bat kenduta, beste guztia politikariei egindako elkarrizketa aspergarri eta amaigabeak edo, batez ere, gertatutako azken “krimenei” buruzko albisteak dira. Kolektibo (autobus) bati eraso egin diotela Palermon (aberatsen auzoan, zelan da posible!), Recoletan (auzorik pijoena!) bortxatzaile bat dabilela eta denak izututa daudela… Telebista ikusita ematen du munduko hiririk arriskutsuenean bizi zarela. Etxean itxita geratzeko gogoa pizten dizu.
Gero, kontuak atera eta, hainbeste milioi biztanle daukan hiri batean, albistegirik garrantzitsuena bada gazte drogatu batek labana atera duela kolektibo batean… Hori bada egun osoko gertaerarik lazgarriena… Horretaz hitz egin nuen lehengo egunean hemengo beste lagun euskaldun batekin. Berak eta biok aspaldian ez dugu telebistarik ikusten, are gutxiago albiste kakatsu horiek, eta gure inpresioa da hiri seguru batean bizi garela. Oinez goaz edonora, gauez ere mugitzen gara, eta ez dugu inoiz arriskurik sentitu. Badugu hemen beste ezagun bat, ordea, bera ere euskalduna, albistegiak irensten dituena, eta munduko hiririk arriskutsuenean bizi dela sentitzen duena. Arriskua ez du kalean ikusi, telebistan baizik. Argi eta garbi, izua zabaltzeko kanpaina baten aurrean gaude, atso eta agure izutuek segurtasun gehiago eska dezaten, kexa daitezen, gaizkileen aurkako amorrua erakuts dezaten.
Buenos Airesen Macri eskuindarra da gobernadorea. Kasualitatez, beste basakeria batzuen artean (plan inmobiliarioen mesedetan gizarte zerbitzuak ematen dituzten erakundeen eraikinak, psikiatrikoren bat… botatzea, besteak beste), haren azken plan nagusia Buenos Airesen polizia talde berria sortzea da, “policía de proximidad” esaten dio berak. Hil hauetan trebatzen ei dihardute, urte berriarekin batera hemengo kaleetan zabaltzen hasteko. Dagoeneko poliziak nonahi ikusten diren hiri batean, beste polizia bat!
Ez da proiektu izar bakarra. Bestea kartzelaratzeko adina jaistea da. “Kriminalak” gero eta gazteagoak direnez, hara Estatuaren erantzuna. Zertarako bilatu gazte horientzako etorkizunik? Ez da hori nahi dena, ez. Pacoak hiltzen ez dituenak… kartzelara! Horrela borobila ixten da txiroen artean. Adin penala laster jaitsiko ei dute. Hori da, behintzat, asmoa, telebistaren bidez saltzen den irtenbidea. Hori da gaztetxo, haur txiroentzat prestatzen duten irtenbidea. Hori da sistema kapitalista gizajalearen betiko formula. Orain haurren txanda da. Zertarako itxaron 18 urte bete arte, askoz lehenago eduki ahal badituzu horma eta alanbre-hesiek ondo inguratuta?
Eta orduan hasten zara ulertzen pacozale gizajoak aldez aurretik neurtutako joko zikin, krudel eta faxista baten pieza ziztrinak baino ez direla. Beharrezko aliatua hirian segurtasun falta sentiarazteko, jendea kezkatzeko, izutzeko… Abantaila handi batekin: zure aliatu koitadu horiek txiroak dira, auzo baztertuetakoak, eta urte gutxiren buruan hilko dira zeuk banatutako drogak hilda, hain zuzen ere. Pobrezia “murrizteko” beste sistema mota bat?
“Zoritxarrez”, drogek ez dute mugarik ezagutzen, eta klase ertaineko gazteen artean ere hasi da paco zorionekoa ziztuan zabaltzen. Agian orain familia burges “zintzo” horiek benetan kezkatzeko arrazoia daukate, haien seme-alabak izango direlako laster hiltzen (eta beharbada lehenago lapurtzen) hasiko direnak.
Badakigu gizarte desberdintasunak borrokatzeko zein arma darabilten Estatuek: kriminalizazioa, drogak eta errepresioa. “Borondate oneko” herritarren laguntzarekin, behin telebistak buruak garbitzeko lana eginda.
(2008-12-11)