Egun guztiek dute euren akabera. Ondo daki hori Barrasek, Barraskilok, eleberri honetako protagonistak. 2024a ere akaberarantz zihoan, eta kexu nintzen ni. Badauzkat literaturaren gainean berba egiteko lagun batzuk. Ez asko. Nor bere frikismoak bizi du. Eta lagun horiei esaten nien, apur bat atsekabetuta, azken boladan gero eta gehiago kostatzen zaidala euskaraz idatzitako liburu bat hartu, irentsi, eta amaitutakoan asebeteta sentitzea. Garazi da lagun horietako bat, baina hau ez da adiskidetasun ariketa bat. Gerta zitekeen haren liburua ez gustatzea, eta orduan ez nintzatekeen hemen arituko, hura hizpide hartuta. Hari ere azaldu nion nire arrangura. Garai batean, neure burua euskaraz jantzi eta euskal letren itsasora lehenengo txonboak egiten hasi nintzenean, dena zen plazera. Mundu berri oso bat zabaldu zitzaidan, eta gogoan dut garai haietan, Euskal Filologian, zalantza egiten genuela batzuetan: euskaraz irakurtzen genituen liburuak euskaraz zeuden bakarrak zirelako gogoko ote genituen, gutxirekin konformatzen ginelako, alegia, ala benetan zeuden mundura ateratzeko mailan. Gaur egun ez daukat zalantzarik. Orduan ere gutxi. Plazer betea zen haietako askoren orrietan galdu, eta hori dena gure hizkuntzan zuzenean emana zela sentitzea. Ahots literario peto-petoak zeuden hor. Eta nago, orain, inoiz baino gehiago idatzi eta argitaratzen denean, gero eta gutxiagotan gertatzen zaidala sentipen hori. Euskal idazle bat hartu, eta ahots literario baten aurrean nagoela sentitzea.
Zer da, ordea, ahots literarioa testuinguru honetan? Zaila gauza hain abstraktua definitzea. Beharbada, adibideak emanda ulertuko da errazagoa. Bidean, ahots literario oso berezia duten hainbat euskal idazlerekin egin dut topo, eta haien lanekin gozatu. Eleberrigintzaz arituko naiz batez ere. Ramón Saizarbitoria eta Bernardo Atxaga izan ziren esku artean euskaraz idatzitako literatura unibertsala neukala sentiarazi zidaten lehenengoak. Ahots literario bana. Nortasun literario bana. Gerora beste batzuk batu dira zerrenda horretara: Txillardegi, Jon Mirande, Yon Etxaide, Joxe Austin Arrieta, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Joan Mari Irigoien, Joseba Sarrionaindia, Edorta Jimenez, Joxean Sagastizabal, Unai Elorriaga, Harkaitz Cano, Asier Serrano, Julen Gabiria, Irati Jimenez, Alaine Agirre, Patxi Zubizarreta, Aingeru Epaltza, Oihane Amantegi, Goizalde Landabaso… Mara-mara hasieran. Tantaka azken urteotan. Ez ditut denak maila berean jartzen, ezta haien lan guztiak ere, baina denek dute ahots bereizgarria. Zure idazle kutunak zerrendan ez badaude lasai, zer dakit nik! Seguruenik baten bat ahaztu dut. Beste batzuk irakurri barik izango ditut. Eta gerta daiteke, bai, zure idazle kutunak niri ezer berezirik ez sorraraztea edo, atsegin izan bai, baina haren lanetan ahots literario bereizgarririk ez aurkitzea. Konexioak oso apetatsuak dira batzuetan. Mugatuak dira nire orduak, saiatu arren, eta euskal literaturatik kanpoko lanek ere euren lekua daukate ordu mugatu horietan. Kontua da, 2024ak ez zuela alde egin gura zapore on apur bat utzi barik, eta itxiera ekitaldi ona gordetzen zidala: Garazi Albizuaren Egunen akabera, hain zuzen ere.
Izan ere, liburu horretan, Garazik gazteleraz hain berezkoa duen arnas literarioa euskarara ekartzea lortu, eta esan daiteke euskal literatura zorioneko egin duela, nortasun berezi-berezia irabazi baitu bere kausarako.
Garazi Albuziak beti izan du gauza bat oparitzeko ere: irudimena. Kasu honetan istorio errealista ekarri digu. Errealitate gordina: indarkeria. Indarkeria matxista lehen planoan. Beste indarkeria mota batzuk bigarrenean. Baina Garazi gai da aldi berean gordina, iluna, umoretsua eta argia izateko. Berezkoa du, irudimena legez. Eta, kasu honetan, bete-betean asmatu du narratzailearen ahotsarekin. Kontatzen diguna hamasei urteko neska baten begietatik iritsiko zaigu. Hamasei urteko neska oso berezi baten begirakune oso berezitik. Barraskilo du ezizen. Ezizenak oso garrantzitsuak baitira liburu honetan: Otakito, Muble, Olagarro, Euskolabel… Umore beltzez zipriztinduta, Barraskiloren beldurren artetik, familia baten arrakaletan sartuko gara -monster familia omen-, baina gizarte bat izango dugu begien aurrean. Gure gizartea. Santurtzin. Serantesen magalean. Nerabeen minak eta ezinak, helduen minek eta ezinek zedarrituta. Eta holako gaiak lantzean ezohikoagoa dena: gure literaturan derrigorrezko bihurtu diren topiko ustez ausart eta berritzaileetan jausi barik ehundu du istorioa. Gizakien konplexutasuna modu tarteka gozo tarteka garratzean, zentzumen guztiekin idatzita. Kontuz, ea halakoren batean zuri ere arnasak ihes egingo ez ote dizun, Barraskilori legez. Irakurriz ere ito zaitezke.
Eta hala ere irribarrea galdu ez. Umore beltza da dena bustitzen duen saltsa.
Pertsonaia sorta ederra sortu du Garazik. Beharbada, badago bat apur bat hanka-motz geratu zaiona. Pertsonaia funtzionala, nolabait esateko. Horrek ere ez dio ezer kentzen eleberri honi. Badugu ahots literario bat gure letretan, eta ospatzekoa da. Irrikan haren hurrengo emaitza zein izango den ikusteko.
(Oharra: Hau ez da kritika literarioa. Ni ez naiz kritikaria. Literaturaz ezagutza kualifikatua daukatenentzat utziko dut hori. Irakurle xumea naiz ni. Garrantzi urriko idazlea. Izen debekatuen zerrendetan ere debekatuta dagoen luma ikusezina. Ez dut saririk banatzen. Jasotzen ere ez. Mutil jatorra ba omen; hori esan ohi dute, behintzat. Egunero orri batzuk irakurtzeko ohitura daukan diletantea. Eta hemen bilduko ditudan iritziak ez dira lan sistematiko baten emaitza izango. Euskal literatura ekarriko dut hona lantzean behin. Euskaraz idatzitakoa, alegia (despistatuentzako oharra). Baina ez euskal literatura guztia, noski. Holakorik inon ez badago, are gutxiago aurkituko duzu hemen. Oro har eta printzipioz, gustatu zaizkidan liburuak jasoko ditut. Batzuk. Gogoak eman ahala. Mesederik ez mesede truk. Orokorrean, eta salbuespenak salbuespen, liburu bati buruz gauza on askorik esateko ez badaukat, gurago ezer ez esan. Ondo dakit liburu bakoitzaren atzean maitasuna, ahalegina, gogoa, itxaropenak eta ordu asko daudela, eta begirune handiegia diot horri inoren lana itsusteko harrokeria neure gain hartzeko. Ez ditut nire lagunen lanak bereziki jasoko; baztertu ere ez. Liburu bat gustatu bazait, zerbait idazteko gogoa piztu badit, eta egiteko denbora ateratzea lortzen badut, zakura. Eleberria izango da gehiena.
Hemen jasotako iritziak, beraz, zure ardurapean irakurri. Ez dira inorentzako erreferentzia, ni neu ez bainaiz inorentzako ez ezertarako erreferentzia. Ez etikoa ez literarioa.
Bistan da.)