Euri gorriaren azpian

Aurreko batean esan dudanez, 2024a ez da sartuko euskal literaturaren besoetan bereziki gozarazi didaten urteen zerrendan. Egia esan, ez daukat holako zerrendarik. Hala ere, bere burua aldarrikatu guran, amaierarako utzi zuen onena. Urteko azken egunek lekua izan zuten, bai Garazi Albizuaren liburu ederrari heltzeko, bai harribitxi literario baten arnasari helduta 2025erako trantsizioa egiteko. Askotan elkarri opa diogun legez, ondo amai dadila 2024a eta hobeto hasi 2025a. Holako zerbait. Ea ondo hasi denak segida luzea duen!

Izan ere, Aser Serranok patxadaz hartu du bere trilogiaren azken pieza irakurleoi oparitzeko unea. 2009an argitaratu zuen lehena, Erlojugilea. Euskal irakurle izatearen luxua gogora ekarri zigun eleberri bikaina. Bost urte hartu zituen bigarrena askatzeko, Abisalia, 2014an. Eta orain, halako epea bikoiztu eta hamarkada bat itxaron behar izan dugu hamabost urte lehenago zabaldutako hirukia ixteko.

Eta berriro egin du. Berriro utzi digu liburu zoragarria, Asier Serranoren ohiko estiloari leial. Izan ere, Asierrek gutxik daukaten zerbait dauka: ahots literarioa, bere-berea (hori zeri diotsodan hobeto ulertzeko, jo goian estekatu dudan artikulura edo, nagiei plazer ematearren, sakatu hemen). Nortasun literarioa. Eta hori gutxi ez, eta unibertso oso bat sortu du, bere poesia, kantagintza eta narratiba zeharkatzen dituena.

Serranok mundu mitiko bat ehundu du. Ez dakigu non, ez dakigu noiz. Baina hemen eta orain izan daiteke, beste edonon eta beste edonoiz izan daitekeen legez. Ez dut istorioaz ezer aurreratuko, horretarako liburua irakurri behar. Serranoren ahotsa gai da haurtzaroan talde bortxaketa bat jasan duen emakume zaildu bat, gorila buru bat, mimo bat, arkakuso bat eta nobela batetik salto egindako emakume bat elkartu, eta esaldi bakoitzak mundu oso bat gordetzen duen istorio bat ehuntzeko. Gai da, umore beltzez, gordintasunez, xamurtasunez eta poesiaz, irakurlearekin jostatzeko, literatura artifizioa dela gogora ekartzeko, eta berak asmatutako geografia eta orografietan (eta giza geografia eta orografietan) lurralde ezagunean sentiarazteko. Bere idazleak ere badituen lurraldean. Bere historia eta istorioak. Originaltasuna poltsikoetatik jausten zaio, gure sistema literarioan hori bekatu mortala den arren. Erreparatu osterantzean titulu, azpititulu eta aipuekin darabilen jolasari.

Ausarta bera, ezein moda literariori eta zuzentasun politikori ezikusiarena egiten dien burugabe maitagarria.

Diktadura batek diktadura guztiak gorde ditzake. Demokrazia batek demokrazia guztiak (diktaduren ifrentzu ezinbestekoa, txanpon berekoa). Ustezko zorion eta ongizate prefrabikatu orok du antzeko usaina. Eta matxinoak, erregimen baten edo bestearen bazterretan mugitzen diren disidenteak, gutxiegi beti. Eta gutxietsiak.

Asier Serranok literatura unibertsala eskaintzen digu. Gure hizkuntzan. Euskaraz.

Hala ere, ez da agertuko urteko libururik azpimarragarrienen zerrendetan. Kritikaren bat egingo diote, eta gaitz erdi. Euskal idazle gehienek hori ere ez dute lortzen.

Nik ez ditut 2024an argitaratu diren liburu guztiak irakurri, aitor dut. Ez dakit prentsan liburuak nabarmentzeko lana hartzen dutenek ere halakorik egin ohi duten. Prentsako zerrendetan ezusteko gutxi egoten da gauza onerako. Espero daitezkeen izenak eta liburuak aurkituko dituzu beti. Euskal literatura horretara mugatzen dela pentsatzea izan daiteke akatsa. Holako aipamenetan bestelako interesak nahasten ez direla pentsatzea inozokeria.

Emaitza, ordea, setatia da: hortik kanpokoa ez da existitzen.

Eta nik ez dut saririk ematen. Jasotzeko arriskurik ere ez daukat. Baina holakorik eman behar dela pentsatuko banu, badakit zeini emango niokeen 2024an. Asier Serranoren liburua aintzat hartzen ez duten zerrendetan ezin fede handirik jarri. Benetan zorionekoak ginateke euskaldunok, zorionekoa gure literatura, 2024an Euri gorriaren azpian baino nabarmenagoak diren beste hiru liburu benetan bageneuzka. Zoritxarrez, nortasun literarioa zekena da, gutxitan agertzen da eta, beraz, seguruenik ohitu gara begien aurrean daukagunean ere itsu jokatzera. Holakoak beste hizkuntzetan datozkigunean laudatzen ditugu. Gazteleraz, batez ere.

Azkenik, egunen batean baten batek Asier Serranoren literaturaren gaineko tesiren bat idatzi gura balu, abiapuntu bat proposatuko nioke: zer da gorria Serranorentzat? Hiri gorriak, zaldi gorriak, euri gorriak… Begirada poetiko, jostari, gordin eta xamur baten kolorea behintzat bai.

Amaitzeko, laguna dut Asier Serrano. Lagun oso maitatua. Haren gainean behinola John Anduezak Patxi Zubizarretaren gainean esan zidana esan daiteke: Asier Serrano maite ez duena ez da pertsona ona. Baina lagun oso maitatu asko dauzkat, eta hemen idatzitakoa Serranoren literaturaz idatz dezaket, horren neurrikoa delako haren liburuak irakurtzearen plazera. Plazer hori ez dizu adiskidetasunak sortzen (bestelakoak dira adiskidetasunaren plazerak), literaturak berak baino. Niri, behintzat.

(Oharra: Hau ez da kritika literarioa. Ni ez naiz kritikaria. Literaturaz ezagutza kualifikatua daukatenentzat utziko dut hori. Irakurle xumea naiz ni. Garrantzi urriko idazlea. Izen debekatuen zerrendetan ere debekatuta dagoen luma ikusezina. Ez dut saririk banatzen. Jasotzen ere ez. Mutil jatorra ba omen; hori esan ohi dute, behintzat. Egunero orri batzuk irakurtzeko ohitura daukan diletantea. Eta hemen bilduko ditudan iritziak ez dira lan sistematiko baten emaitza izango. Euskal literatura ekarriko dut hona lantzean behin. Euskaraz idatzitakoa, alegia (despistatuentzako oharra). Baina ez euskal literatura guztia, noski. Holakorik inon ez badago, are gutxiago aurkituko duzu hemen. Oro har eta printzipioz, gustatu zaizkidan liburuak jasoko ditut. Batzuk. Gogoak eman ahala. Mesederik ez mesede truk. Orokorrean, eta salbuespenak salbuespen, liburu bati buruz gauza on askorik esateko ez badaukat, gurago ezer ez esan. Ondo dakit liburu bakoitzaren atzean maitasuna, ahalegina, gogoa, itxaropenak eta ordu asko daudela, eta begirune handiegia diot horri inoren lana itsusteko harrokeria neure gain hartzeko. Ez ditut nire lagunen lanak bereziki jasoko; baztertu ere ez. Liburu bat gustatu bazait, zerbait idazteko gogoa piztu badit, eta egiteko denbora ateratzea lortzen badut, zakura. Eleberria izango da gehiena.

Hemen jasotako iritziak, beraz, zure ardurapean irakurri. Ez dira inorentzako erreferentzia, ni neu ez bainaiz inorentzako ez ezertarako erreferentzia. Ez etikoa ez literarioa.

Bistan da.)

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.