Gaur irudimen ariketa proposatu gura dut. Batez ere ohiko kazetariari, hots, boterearen diskurtsoa ondo barneratuta daukan kazetari burgesari (batzuetan sozialistaz mozorrotzen bada ere). Ez dut uste irudimen ariketa zaila izango denik.
Demagun munduan, gure mundu zibilizatu eta mendebaldar honetan, ekonomia nagusi guztiek sozialismoa hautatu dutela aspaldian ekonomia eta gizartea bideratzeko. Hamarkadak joan dira, eta munduan hura da eredu nagusi eta arrakastatsua. Herri nagusi horiek, AEBk, Europak, Japoniak, Errusiak… ez diote beldur handirik inori, ez daukate mehatxurik, eta patxadaz garatzen dute euren sistema: alderdietan oinarritutako demokrazia burgesa baztertu eta zenbait motatako batzar ireki eta parte hartzaileak egiten dira, eskola eta unibertsitatea doakoak dira, osasun sistema pribaturik ez dago eta puntako teknologia herritar guztien esku dago, etxe duina guztientzat bermatutako eskubidea da, elikagaiak guztientzat iristen dira, guztiei banatzen zaizkie, eta herri nagusi horien guztien artean bidezko merkataritza ereduak agintzen du. Denak dira aliatuak, denek dauzkate antzeko interesak. Estatuak, ordea, ez dira desagertu, burokrazia handi xamarra dago, berdintasuna orokorrena bada ere elite berri batzuk sortu dira… Baina, oro har, kanpotik ikusita, gauzak nahiko ondo doazela ematen du. Hala ere, oraindik Estatua da ekonomia planifikatzen duena eta langileek, euren lanaren jabe sentitu barik, Estatua sentitzen dute jabe eta erabakitzeko ahalmena urruntzen joan dela sentitzen dute. Zentsura mailaren bat dago baina, orokorrean, sistema arriskuan jar dezakeen ezer sumatzen ez denez, adierazpen askatasuna nahiko bermatuta dago.
Orain demagun uharte txiki batean burgesak matxinatu eta boterea lortzen dutela. Abantaila emateko, ez dugu imajinatuko hirugarren munduko uharte txiro eta koloniala, matxinada aurretik ondo banatutako gizarte oparoa zeukana baino. Berehala, kapitalismoa abiatzen ahalegintzen hasten dira. Egoera horretan, Estatu sozialistarik boteretsuenak, zentzugabeko arrazoiren batengatik, uharte txiki hori blokeatzea erabakitzen du. Harekiko merkataritza debekatu eta neurri zorrotzak hartzen ditu herri horretako gobernu berria itotzeko. Hala ere, gobernu matxinoak kapitalismoa ezartzea lortzen du. Uhartera iritsitako eta uhartean ekoitzitako produktu urriak merkatu librearen arabera sal-erosten dira, jabetza kapitalista batzuen eskuetan pilatzen da, soldatak kapitalista horiei etekin nahikoak bermatzeko moduan finkatzen dira, zerbitzuak pribatizatu egiten dira… Herritarrek egoera berria onar dezaten eskura dauzkan bitarteko guztiak darabiltza gobernuak eta…, ekonomista eta politologo handi guztien buruak lanean jarrita ere, zenbat iraungo luke uharte horrek ingurune etsai horretan? Posible luke gobernu berriak kapitalismoa nahi zuen bezala ezartzea eta funtzionatzea? Posible luke alderdietan oinarritutako demokrazia ezartzea badaezpada alderdi batzuk (egun egiten den bezala, bestalde) legez kanpo utzi gabe? Kazetari burges horrek zer idatziko zenuke zure kazetetan uharte horren egoerari buruz? Uste duzu mundu testuinguru horretan uharte kapitalista, kapitalismoaren lege guzti-guztiak ezarrita ere, urtebete ere irauteko gai litzatekeela? Eta iraungo balu, zer preziotan? Zelako diktadura mota beharko litzateke sortutako miseria gorriaren oihua isilarazteko? Zenbat hil beharko lituzke kapitalisten pribilegioei eusteko? Zenbatek hilko lituzkete goseak, gaitzik sendaerrezenek…? Zelako kriminalitate maila egongo litzateke handik lasterrera, lehia horren erdian bizirauteko modu bakarretakoa elkarri lapurtzea denean? Zein mailatan egongo litzateke hezkuntza sistema publikoa, kasurik onenean zerbait publiko utzi dela pentsatuta, handik bost urtera? Nortzuk izango lirateke hezkuntza pribatua ordaintzeko gai?
Orain konparatu imajinatu duzun uharte horren emaitza eta egun Kuban dagoena. Kuba ez delako izan nahi zuena, izaten utzi diotena baizik, eta hala ere, tokitan dago uharte kapitalista isolatu eta etengabe erasotu bat egongo litzatekeen mailatik.
Eta mundu horretan, oraingoan bezala, anarkistok mundu hobea amesten jarraituko genuke, herri nagusi horietan gizarte horizontala, bere lanaren jabe bakarrak diren langileak, eliterik gabeko gizartea, Estaturik gabeko mundua, adierazpen askatasun osoa lortzeko lanean jarraituko genuke, dagoenarekin konformatu gabe. Zuk, Kuba, Venezuela, Bolivia… kapitalismoaren mendeko herrien miseriari jaramonik egin gabe, hainbeste kritikatzen dituzun kazetari burges horrek, zer egingo zenuke? Zer idatziko zenuke? Non bizi nahi zenuke? Zer boterek beteko lizuke sabela?
(2009-10-20)