Bakunin, Marx eta Engels

Sozialismoaren ildo nagusietako bi markatu zituzten liburu bi irakurri berri ditut. Egileak Bakunin, alde batetik, eta, bestetik, Marx eta Engels dauzkagu, Langileen Nazioarteko Elkartearen (I. Internazionala) hiru sortzaile nagusiak eta, I. Internazionala deseginda geratu arte, haren motor nagusiak eta etengabeko eztabaidan bizi izan ziren nortasun grinatsu eta indartsuak.

Errusiarra jatorriz aristokrata, alemanak jatorriz burgesak, munduko langileak askatzeko bidean eman zituzten euren urterik onenak, hirurek eman ere, baina bide horretan hautatutako bideak, Internazionalean bat egin arren (ez girorik adiskidetsuenean), erabat desberdinak ziren. Arrazoi nagusia, aginpidearen erabilera eta Estatuaren eginkizuna.

Haien botereari eta Estatuari buruzko kontzeptuak zein kontrakoak ziren ikusteko adibiderik onenetakoak Bakuninen Jainkoa eta Estatua eta Marx eta Engelesen Alderdi Komunistaren Manifestua liburuak izan daitezke. Edukiari ez ezik, ideiak garatzeko eta adierazteko estiloari dagokienez ere aldea izugarria da.

Egingo dudan alderaketa, jakina, guztiz subjektiboa da, eta bietatik atera dudan ondorioa, aurretik joan dadila, nire anarkismoa berrestea izan da, horretan ez diot inori ziria sartu nahi.

Has gaitezen alderdirik subjektiboenetatik, hots, estilotik. Bakunin irakurtzen hasi, eta igartzen zaion lehen ezaugarria, idazle anarkista gehienei igarri diedana, grina, pasioa da. Berbak ondo hausnartutakoak badira ere, bihotzetik, barren-barrenetik irtendako sentimenduak gordetzen direla agerikoa da. Hori izan daiteke Bakuninek liburuak bukatzeke uzteko arrazoietako bat. Diotenez, artikulua edo gutuna izango zena idazten hasi, eta halako batean liburu bihurtzen zitzaion hasierako asmoa. Beti ertzean bizi zen, eta aldez aurretiko planei baino gehiago, momentuko bultzadari jarraitzen ei zion. Hori ere antzematen zaie liburuko atal gehienei. Hala ere, zehatz eta argi iristen da adierazi nahi duen kontzeptura. Marx eta Engelsen estiloa hotzagoa da (alemanagoa, esango du baten batek), zientifikoagoa. Idatzitakoan hasierako eskema edo asmo jakin bati lotzen zaizkiola nabaritzen da. Horretan kutsu dogmatikoagoa ere suma daiteke. Jakina, Manifestua Alderdi Komunistak eskatutako lana da, Alderdiaren agiria izango zen, eta horrek ere eragina izan bide zuen. Baina hoztasun zientifiko hori Marxen beste liburuetan ere sentitu dut, Kapitala liburuan bai, behintzat. Agian horregatik dira egokiagoak burua hotzago jardutea gogoko dutenentzat. Ni pasioak mugiarazten nau gehiago.

Edukiari dagokionez, liburuak erabat desberdinak dira. Bakuninen lanaren helburu nagusia jainkoaren gezurra agerian uztea eta jainkoaren, aginpidearen eta batez ere Estatuaren arteko lotura historikoa erakustea da. Horretan erlijioen mamian, funtsean sartzen da, eta, nire ustez, behintzat, ezin hobeto asmatzen du jainkoaren ideiaren jatorria, bilakaera eta batez ere atzean ezkutatzen duen asmakizuna azaltzen. Gauza bera egiten du Estatuari buruz, eta orrietan aurrera egin ahala argi uzten du bere mezua: jainkoa eta Estatua esklabutzaren, morrontzaren sorburua dira. Gizakiek sortu, asmatu, eta ondoren gizakia bera jarri zen haien esanetara, otzan. Estatua, gainera, gutxiengoaren pribilegioei eusteko tresna baino ez da. Esan behar da, zientziari buruz ere ez daukala iritzi askoz hobea, alderdi bati dagokionez behintzat: zientzia egia bakartzat badu ere, dioenez gizakien zientzia beti izango da bukatu gabea, beti izango da askoz gehiago ez dakiguna dakiguna baino; beraz, zientzialariak ezin dira sekula izan gizartea “gidatuko” dutenak, despotismorik krudelena litzatekeelako dakiten apurra absolututzat hartu eta euren zientziaren mende jartzea gizarte osoa. Onartzen duen aginpide bakarra norberak askatasunez onartutakoa da, guztiz partziala: zapatak egiteko, zapatariarena, zubiak egiteko, ingeniari edo arkitektoarena, gaizoa osatzeko medikuarena… Gauza bati buruz aditua denak besteen aginpidea onartzen du beste arloei buruz, hots, txandakako aginpidea, norberak askatasunez onartua, labur esanda. Lerroetan Internazionalaren asmoen eta gorabeheren berri ere ematen du, batez ere Genevako kongresuan eztabaidatu eta erabakitakoen gainean. Estrategiak ere ematen ditu, horien artean nagusiena, Internazionalean ildo politikorik ez sartzea, batasunaren alde egiteko. Harentzat funtsezkoena langileekin, langileen artean, nekazariekin, nekazarien artean lan egitea, kontzientzia sortzea eta eurei egiten uztea da, botere berria bilaka daitekeen abangoardiarik gabe eta iraultza prozesuan bideak proposatuz baina ez inposatuz, langileak eta nekazariak eurak izateko iraultzaren jabe bakarrak.

Teorian, Marxek eta Engelsek gauza bera aldarrikatzen zuten, langileen iraultza langileek eurek egingo zutela, baina Manifestua batez ere alderdi baten ideologia, helburuak eta estrategia finkatzen ditu. Estrategia, bai, horixe hitz garrantzitsuenetakoa, lerro artean argi nabaritzen baita langileek boterea eskuratzeko balio duen estrategia oro dela balekoa, une batzuetan Alemaniako burgesiarekin bat egin behar bazen ere, berehala, garaitutakoan, haiei egiteko gerra. Marx eta Engelsen bidean alderdia funtsezkoa denez, garrantzitsua da benetako sozialistak eurak, komunistak direla erakustea. Horretarako, hainbat horri bestelako sozialisten burgeskeria edo atzerakoikeria frogatzeko darabiltzate. Bitxia anarkistei ematen dieten lekua, proudhonistak baino ez baitituzte aipatzen zerrenda horretan, burges txikitzat (aurrerantzean betikotuko duten leloa) joz, mespretxuz, eta haiei buruz Proudhonengan sekula sumatu ez dudan asmoa gaztigatuz: langileak burges bihurtzea eta gizartean burgesak baino ez geratzea. Beharbada ordurako kroniko bihurtuko zen anarkisten kontrako gezurraren erabilera hasita zegoen. Baina hori alde batera utzita, Manifestua funtsean hori da: alderdi baten ideologia, boterea eskuratzeko estrategia eta etorkizuneko Estatua antolatzeko ildoa. Dena joko politikotik, goitik, baina langileen, behekoen izenean.

Esandakoan argi ikusten da korronte bien aurkakotasun nagusia: boterea eta Estatua. Bakuninek, lehenago Proudhonek eta ondoren anarkista guztiek bezala, botere oro suntsitu nahi zuen, taldeko zein bakarkako askatasuna jarri zuen ororen gainetik. Gizartea langile guztiek euren burua askatasunik handienean eta eurek erabaki legez antolatzeko proposamena da. Horretarako, iraultzaren lehen unetik eskatzen du iraultza politiko hutsari bizkarra emateko eta gizarte iraultza eta iraultza ekonomikoa egiteko, hirurak batera. Eta horixe egiten ahalegindu ziren errusiarrak euren iraultzaren hasieran, baita Katalunia eta Espainiako langileek 30eko hamarkadan. Marx eta Engelsentzat, ordea, ezinbestekoa da lehen iraultza politikoa izatea, eta botere politikoa eskuratuta goitik, Estatutik, antolatzea beste guztia. Hori, langileen ordez, langileen “abangoardiak” egin behar du, hots, boterea eskuratu eta langile guztiei zer egin aginduko dien gutxiengo “aurreratuenak”.

Badaude beste alde batzuk ere, agian hain garrantzitsuak ez diruditenak. Esaterako, nekazariei buruzko planteamendua. Bai batek bai besteek ulertzen zuten zailagoa zela nekazariak iraultzara eramatea, zaila bezain ezinbestekoa, nekazariak zerbaiten jabe, lurraren jabe izanda, ezeren jabe ez ziren hirietako langileen aldean, zeukatena galtzeko beldur izan zitezkeelako. Baina iraultzan engaiatzeko bideak ez datoz bat. Bakuninen proposamena iraultza aldetik landa aldera langile engaiatuak bidaltzea da, langileen eta nekazarien elkarrekiko mesfidantza apurtzea, eta nekazariei kontzientzia komunista ematea. Marx eta Engelsen aburuz, bidea nekazariak langile bihurtzea da, landa antolatzeko modua hiriarena bezalakoa izatea, nekazariak proletarizatzea, alegia, industria bezala antolatzeko. Berriz ere, behetik eragindako iraultzaren alde egin beharrean, goitik pentsatutako bidea, beti euren ekonomiari buruzko iritzi zientifikoei jarraituz. Lunpenproletariotzari buruz ere ez datoz bat errusiarra eta alemanak. Marxek gutxietsi egiten zituen alprojak, lapurrak eta gaizkileak. Bakuninek, ordea, haiek ere iraultzarako indarra izan zitezkeela uste zuen, kontua haiengan ere gizarte kontzientzia sortzea zen, gizartea delako haiek bizimodu horretara eraman dituena.

Jakina, beste gauza batzuetan ere ikus daitezke aldeak, baina niri, behintzat utzi didan ideia honakoa da: Bakuninek bizian, esperimentazioan, norbanakoen errealitatean oinarritu zituen bere ideiak; Marxek eta Engelsek zientzian, aldez aurretik hartutako erabakietan, goiko jakiturian eta abangoardiaren asmoetan. Agian horregatik ez da bakuninismorik egon eta bai, ordea, marxismoa. Anarkismoak ez ditu inoiz inoren esanak bibliatzat, egia bukatutzat hartu, eta historiako anarkista guztien ekarpenak hartu ditu, malgutasunez, anarkismoa erreka bizia bihurtuz. Marx eta Engelsen jarraitzaileek euren komunismoa marxismo bihurtu zuten, eta haien ildo ideologikoetan beti izan du garrantzi handia “egilearen” izena: leninistak, trotskistak, maoistak…

Bukatzeko, liburu bietatik ateratako zati bana jarriko ditut hemen, adierazgarriak direlako, ez berez alderagarriak direlako, bata hausnarketa den bitartean, bestea programa politikoa delako, haietan ikuspegi bien ezaugarri batzuk ikus daitezkeelako baizik. Onena, dena dela, liburuak oso-osorik irakurtzea eta ondorioak ateratzea.

Bilakaera guztietan, zuzenak zein faltsuak, benetakoak zein irudimenezkoak, taldekoak zein banakakoak izan, lehen urratsa da beti zail gertatzen dena, lehen ekintza da zailena. Urrats hori gainditu eta lehen ekintza hori egindakoan, gainontzekoa berez gertatzen da, derrigorrezko ondorioa bezala. Erokeria erlijioso izugarri horren bilakaera historikoan zailena, mundu jainkotiar bat mundu errealetik kanpo jartzea zen. Lehen erokeria ekintza hori, hain berezkoa ikuspuntu fisiologikotik eta beraz beharrezkoa gizateriaren historian, ez da bat-batean egiten. Batek daki zenbat mende behar izan diren sinesmen hori garatzeko eta gizakien buruko ohituretan barnerarazteko. Baina, behin ezarrita, ahalguztidun bihurtu da, giza burmuinaz jabetzen den erokeria orok behar duen bezala. Imajina zoro bat: haren erokeriaren objektu berezia zein ere den, ikusiko duzue obsesionatzen duen ideia ilun eta finkoari munduko naturalena deritzola, eta alderantziz, gauza natural eta benetakoei, ideia horri aurka egiten diotenei, erokeria barregarri eta gorrotagarri deritze. Bada, erlijioa taldeko erokeria da, are boteretsuagoa tradiziozko erokeria baita eta haren jatorria urrunegi dagoen antzinatean galtzen baita. Taldeko erokeria izanda, herri baten gizarte izaeraren xehetasun guztietan, publiko zein pribatuetan, barneratu da, gizartean gorpuztu da, nolabait esateko taldeko arima eta pentsamendu bilakatu da. Jaiotzatik gizaki oro dago hark inguratuta, amaren esnearekin batera edoskitzen du, entzuten duen orotan, ikusten duen orotan xurgatzen du. Bere izaera guztia hain barneraino elikatu, pozoitu, zeharkatu du, ezen geroago, bere izpiritua indartsua izan arren, izugarrizko ahaleginak egin behar baititu askatzeko, eta ez du inoiz erabat lortuko. Gure idealista modernoak horren froga dira, eta gure materialista doktrinarioak, komunista alemanak, beste froga bat. Ez dute jakin Estatuaren erlijioa baztertzen.

Naturaz gaindiko mundua, mundu jainkotiarra herrien tradiziozko irudimenean ezarri ondoren, erlijio sistemen bilakaerak bere berezko bide logikoari jarraitu dio, bestalde, harreman politiko eta ekonomikoen bilakaera garaikide eta benetakoaren arabera beti. Izan ere, garai guztietan, ameskeria erlijiosoaren munduan, haien kopia zintzoa eta jainkozko sagarakuntza izan da. Horrelaxe bilakatu da erlijioa deritzon taldeko erokeria historikoa, fetitxismotik hasi eta, politeismo maila guztietatik igarota, monoteismo kristaura iritsi arte. (Bakunin, M., Dios y el Estado, 62, 63. or.)

 

Langileriak bere nagusitasun politikoa baliatuko du apurka-apurka burgesiari kapitala kentzeko, ekoizpen tresna guztiak Estatuaren, hots, klase zuzendari gisa antolatutako langileriaren esku zentralizatzeko, eta ekoizpen-indarren kopurua azkar handitzeko.

Hori hasieran, jakina, jabetza eskubidearen eta ekoizpen harreman burgesen bortxaketa despotikoaren bidez baino ezingo da bete, hots, ikuspuntu ekonomikotik gutxiegi eta eutsiezinak irudituko duten neurriak hartuz; baina mugimenduak aurrera egin ahala gainditu egingo dira, eta ezinbestekoak dira ekoizpena guztiz eraldatzeko.

Ondo ulertu behar da, neurri horiek hainbat eratakoak izango dira herrien arabera. Baina, herririk aurreratuenentzat, honako neurriak abiaraz litezke:

l. Lurren jabetza desjabetzea eta errenta Estatuaren gastuentzat erabiltzea;

2. Zerga oso gehikorra;

3. Oinordekotzaren abolizioa;

4. Emigratu eta matxinoen jabetza konfiskatzea;

5. Kreditua Estatuaren eskuetan zentralizatzea, Estatuaren kapitala eta monopolio esklusiboa izango dituen Banku nazionalaren bidez;

6. Garraiobide guztiak Estatuaren eskuetan zentralizatzea;

7. Nazioko manufakturak eta ekoizpen tresnak ugaltzea, landu gabeko lurrak lantzea eta landutako lurrak hobetzea sistema orokor baten arabera;

8. Derrigorrezko lana guztientzat, industria armaden antolakuntza, batez ere nekazaritzarako;

9. Nekazaritza eta industriako lanak uztartzea, apurka-apurka hiriaren eta landaren arteko aldea desagerrarazteko neurriak, eta

10. Haur guztien hezkuntza publiko eta doakoa, egun egiten den bezala haurrek lantegietan lan egitea abolitzea; hezkuntza eta ekoizpen materiala uztartzea, eta abar. (Marx, K., eta Engels, F., El Manifiesto Comunista, 64 eta 65. or.).

(2009-11-07)

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.