Irailean “Bahiketa” kalean

Ofiziala da: irailean, kalean egongo da nire bederatzigarren eleberria, Bahiketa, Txalapartak argitaratuta.

2012ko martxoa. Euskal Herrian urte eta erdi eman, eta atzera nago Latinoamerikan. Argentinan bigarren aldiz. Bero sapa aireportutik irten orduko. Oraingoan Jorge eta Gladys lagunek eman digute ostatu Vane eta bioi, Ramos Mejían, hiriburuan alokatzeko pisu bat aurkitu arte. Ez da ariketa erraza Buenos Airesen pisu bat ordaintzea. Atzerritarrak izanda, aldi baterako kontratuak baino ez dira egiten, turistentzako pisuak, prezioak garestiago, dolarretan jarrita eta pesotara pasatzeko dolar blue erabilita, kotizazio ofizialaren oso gainetik. Joan da Vane Txilera familiari bisita egiten, eta hor nago ni, Jorge eta Gladysenean: solairu biko etxea, atzean lorategia duena, goiko gelatxoa guretzat atonduta, goizean Gladysen kontsulta itzulpenetan jarduteko eta idazteko bulego bihurtuta, katuak (bost ziren?) jaun eta jabe, etxe barruan zein lorategian. Lan egiteko orduetan, “Foris” katuak baino ez dauka baimenduta bulegoan nire ondoan geratzea. Bera da Freuden erretratuei txiza egiten ez dien bakarra. Psikologoen etxean nago, bai. Estatistikoki ez dirudi hain zaila Buenos Aires inguruan.

Hiria esploratzeko orduak bazkaldu eta gero, pisua bilatzearekin batera; kontzertuak, La Cultura del Barrio lokal antifaxista, José Ingenieros liburutegi anarkista, Salón Pueyrredon punkaren Meka txikia…, eta solasaldi amaiezinak eta sukaldaritza saioak Jorgerekin, etxean nagoenean. Eta halako iluntze batean, lorategiko mahaiaren gainean porro oso bat niretzat eta, bidaiaren erdian, txinatar janaria salbatzaile. Ez da ideiarik onena, agian, marihuana senar-emazte psikologoen artean erretzea. Batez ere Jorge eta Gladys badira psikologo horiek, eta haien artean euren mintzaira kriptiko berezia badarabiltzate. Sartu da burua gurpil zoroan, hasi dira susmo paranoiko batzuk asaltoan, eta nire burura atzekoz aurrera iristen den trena ordenatzen denean baino ez naiz gai hariari jarraitu eta zerbait zezeltzeko. Igo dut logelara, azkenean, bost bat ordu igaro direlakoan. Biharamunean, mamuarekin topo egindakoan, jakin dut berrogei minutu inguru baino ez zirena izan. Jorge da mamua, gauez hozkailua arpilatzen altxatzen dena. Txukun daude pieza guztiak nire garunean, zein bere tokian. Jarraitu dut Orham Pamuken Liburu beltza irakurtzen. Eta hor hasi da, baimenik eskatu gabe, eleberri bat sortzen nire buruan, nire baitan holako esperientzia bat ez errepikatzeko asmoa errotzen den bitartean.

Izan zitekeen eleberri arrunt bat horren emaitza? Zaila.

Los buenos no usan paraguas ari nintzen orduan amaitzen, eta ondoren, Vane Txiletik itzuli zenean, ordura arte Txileko Fiskaltzak bahituta izan zituen ordenagailua eta disko gogorrak berreskuratuta, ordurako hiriburuan izango genuen lehenengo pisuan instalatuta, Villa Crespoko Honorio Pueyrredón kalean, Bioklik izan nuen eskura berriro, aspaldi hasitako proiektu horri berrekin ahal izateko. Itxarotea zeukan proiektu berriak. Bitartean, material ugari oparituko zidan hiriak istorioa girotzeko.

2016an, Bioklik amaituta eta Buenos Airesen artean, bete-betean heldu nion azkenean Ramos Mejían hasitako proiektuari, eta Bermeon amaitu, 2018an, 2017an Euskal Herrira itzuli ondoren. Vanerik gabe oraingoan, baina Liki eta Newen argentinar katuak lagun. Zelan ez zuten protagonismorik izango katuek? Agertu ziren animalia horiek nire aurreko liburu batzuetan ere. Katu zuri-gorri bat zen lehen orrialdeko elkarrizketaren lekuko bakarra Hamaika ispilu ganbil nire lehen eleberrian, eta Gezurra odoletan nobelan ere lagun itsaskor eta iletsua zeukan Verok: Pepi. Baina saihestezina zen oraingoan katuek beste protagonismo bat hartzea. Txikitatik maite izan ditut, baina 2014 arte itxaron behar izan dut halako lagun bat izateko! Nondik eta Ramos Mejíatik iritsia, nire lagunen etxetik. Ez da asko pentsatu behar jakiteko haren izena nork inspiratua den.

Ez da gehien itxaron behar izan duen liburua, eta hemen dago, azkenean. Ez dakit aitaren antzik daukan. Badaezpada, errua Orham Pamuk eta marihuanarena da.

(Eskerrak eman behar dizkiot Edorta Jimenezi liburua irakurri eta bere iritzia eskuzabal emateagatik).

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.