Paper batean idatzi nuen nire itxaropenen izena,
kartazalean gorde eta kutxa baten barruan
utzi nuen.
Ez dakit kutxa hori lurperatuta geratu zen
edo ganbaran,
baina ahaztuta geratu ziren,
bai idatzitako izena,
bai kutxan sartu nituen itxaropenak.
Jakin nuen gero soto batean,
eraikin gris handi bateko soto beltz batean,
halako milaka kutxa zeudena,
bakoitzean itxaropentsuaren izena
eta itxaropenak han gorde zituen urtea.
Saguek ere bisitatzen ez duten soto aseptiko sakon batean.
Nireak, ordea, han jarraitzen du,
ahaztu nuen ganbaran
edo hobian,
ez bainuen berriro inoiz bilatu.
Beharbada beste non edo non gorde nuelako
beste itxaropen motaren bat,
izenik gabea, agian.