Ordaindu gabeko lana edo hizkuntza-arrakala

Joan dira M8a eta emakumeen greba feminista. Joan dira, eta arrakasta handiz, esan behar dugu, deitzaileen helburuak erabat bete direlakoan bainago. Ez dut batere asmorik helburu horietan sartzeko. Egunotan ez dut txintik ere idatzi grebari berari buruz. Inork ez zuen nire iritzia behar, are gutxiago nire baimena. Nekatu egiten nau ikusteak zelan ar alfa feministek premia gorria daukaten etengabe erakusteko emakumeek egiten dituzten gauza guztien alde daudela, haien kontzientzia arra lasaiago geratuko balitz bezala horrela, egiten duten hori haien oniritzi eta baimenarekin egiten delako. Nekatzen nau besteei zelan jokatu behar duten, zelan lagundu behar duten ezartzeko sen patriarkalak, arren gidaritza ezinbestekoa balitz bezala. Emakumea banintz (edo, era zabalagoan eta politikoki zuzenagoan, gura bada, gizon zisexuala ez banintz), greba horretan egongo nintzen, zalantza barik, eta helburuei, leloei edo moduei buruz izan nitzakeen kritikak, behar zen moduan bideratuko nituzkeen. Deia gizon zisentzat ere izan eta emakumeek modu jakin batean parte hartzeko eskatuz gero, ikusiko nuen dei horrekin eta eskatutako moduekin ados nengoen, eta egon ezean, alde batera geratu eta kito, inork ez nau bereziki behar. Baina ez da inori ezarri nahi diodan legea, nik neure buruarentzat hautatutako jokabidea baino, nire kontzientziari jarraiki. Gauza labur bat baino ez, beraz, grebari berari buruz: inbidia osasungarria sentitu dut irudi batzuk ikusita. Kexatzeko, kalera ateratzeko eta denari su emateko arrazoi asko dauzkate emakumeek, ez dut nik orain egingo genero-desberdintasunen aurkikuntza, ez emakumeek pairatzen dituzten berariazko zapalkuntza moduena. Baina, besteok ere ez dugu arrazoi faltarik kalera atera eta denari su emateko, eta falta zaiguna kontzientzia eta indarra dira. Atzo atera zirenen eta gure etxeetan geratu ginenon zapalkuntzaren iturria berbera da, gorputz bera eta hiru buru dituen piztia, patriarkatu-estatu-kapitala. Atzokoak piztia horren buruak mozten hasteko benetan balio balu, asko edukiko genukeen denok eskertzeko, eta etorriko da eguna denok batera piztia horren aurkako borroka berean ikusiko gaituena. Aitortu behar dut, ordea, ez naizela baikorra, eta nire ezkortasuna artikulu honetan jorratu nahi dudanari dago lotuta. Izan ere, nago txanpon beraren alde biak osatzen dituztela atzo emakume asko kalera aterarazi zituzten leloek, eta egunero gure etxeetan eta lanetan txintxo edukitzen gaituen zentzu komunak. Askotan, hizkuntzak bistan jartzen duena baino garrantzitsuagoa da hizkuntzak ezkutatzen duena.

Greba alde batera utzita, beraz, azken asteetan (eta aspalditik) bolo-bolo entzuten diren kontzeptu bi aztertu nahi ditut: soldata-arrakala eta ordaindu gabeko lana. Elkarri estuki lotuta daude, errealitate beraren osagai ezinbestekoak dira, baina ahalegina egingo dut bananduta aztertzeko, zenbaitetan biek bat egingo badute ere, halabeharrez.

Eta bereziki kezkatzen naute, oso argi erakusten dutelako Kapitalak eta Estatuak kontzeptuak bere egin, eraldatu, ikusezin bihurtu, eta nahi dutena kontzientzietatik ezabatzeko duten ahalmena. Harrigarria da, batez ere, feminismo marxista eta anarkofeminismoa ikustea kontzeptu horietan kateatuta, batere kritikarik gabe, zapaltzaileen logika bere eginda. Beraz, gaur egungo erabilerak ezkutatzen duena bistan jartzeko, Proudhon eta Marx berreskuratuko ditut. Alde batetik, Proudhon da Marxen ideia nagusien “aita”, hasieran erabat miresten zuen frantsesari hartu baitzizkion funtsezko kontzeptuak alemanak; eta bestetik, Proudhonek zirriborratu baino egin ez zuena, guztiz garatu eta bere teoria nagusien funts bihurtu zuen Marxek, kapitalismoaren funtsa maisuki biluztuz. Zerbaitetan, behintzat, ados zeuden, alemanak adostasun hori eta zor ziona ezkutatzeko hamaika modu asmatu arren. Aldeak alde, ikusiko dugu zer ziren haientzat soldata-arrakala eta ordaindu gabeko lana, eta zelan ezkutatu den hori egungo mozorroaren pean. Barka bekizkit presaz egindako itzulpenak…

Soldata-arrakala:

Industria kolektiboaren aurrerapenen bidez, banako laneko egun bakoitzak produktu gero eta handiagoa ematen duen bitartean eta, beharrezko ondorio bategatik, langileak, soldata berarekin, gero eta aberatsagoa izan behar lukeen bitartean, gizartean klase batzuek mozkina eskuratzen dute, eta beste batzuk gainbehera doaz; soldata bikoitza, hirukoitza eta laukoitza duten langileak, eta defizita duten langileak; toki guztietatik, azken finean, gozatzen duten pertsonak eta pairatzen duten pertsonak, eta, industria-gaitasunen banaketa izugarri batengatik, ekoitzi gabe kontsumitzen duten pertsonak.

(…)

Beraz, jostunaren soldatak hamar aldiz xurgatzen badu ehulearena, jostunaren bizitzako egun bakoitzeko ehuleak bere bizitzako hamar egun emango balitu bezala da hori. Horixe gertatzen da, hain zuzen ere, nekazari batek notario bati hamabi libera ordaintzen dizkionean ordubetean idazten den agiri bategatik; eta desberdintasun hori, trukeetako bidegabekeria hori, sozialistek agerian utzi duten miseriaren eragile ahaltsuena da, ekonomialariek ere ahopeka aitortzen dutena, maisuaren keinu batek ahoz gora aitortzea baimentzearen zain.

(…)

Aberastasun ororen iturria lana bada, lurraren gainaldean giza-establezimenduen industriari jarraitzeko gidarik seguruena bera bada, nola ez da izango lege bat banaketako berdintasuna, lanaren neurriaren araberako berdintasuna?

Aitzitik, lanetik ez datozen aberastasunak badaude, nola da pribilegio bat aberastasun horiek edukitzea? Zerk legitimatzen du monopolioa? Azal dadila behingoz kontsumo elkorrerako eskubidearen teoria hori, apetazko jurisprudentzia hori, alferkeriaren erlijio hori, hautatuen kastaren abantaila sakratua!”

(J.P. Proudhon, Kontraesan ekonomikoen sistema, edo miseriaren filosofia)

Balioen substantzia sortzen duen lana, ordea, giza lan bereizi gabea da, giza lan-indar beraren gastua. Gizartearen lan-indar osoak, salgaien munduaren balioetan gorpuztuta, giza lan-indar bakar eta berarena egiten du hemen, banako hamaika lan-indarrez osatuta badago ere. Banako lan-indar horietako bakoitza gainerako giza lan-indarren parekoa da, batez besteko gizarte lan-indarra den heinean, hots, salgai baten ekoizpenean, batez beste behar den lan denbora baino behar ez duen heinean, edo sozialki beharrezko den denbora. Sozialki beharrezko den denbora edozein erabilera-balio ekoizteko behar dena da, gizarte batean indarrean dauden ohiko ekoizpen-baldintzetan eta lanerako iaiotasun eta intentsitate maila sozialean.”

(K. Marx, Kapitala)

Soldata-arrakalaz mintzatzean, aurretik esan behar da, noski, estatistikak hartu eta esaten digutenean gizonezkoek, batez beste, 30.686 € eta emakumezkoek, batez beste, 22.976 € kobratzen dutela (2014ko datuak), edonork ikus dezakeela hor bidegabekeria bat. Gero etorriko dira alde horietarako arrazoiak, azalduko (edo salduko) zaigu oso gutxitan gertatzen dela oinarrizko soldatan lan beragatik gizonezkoei emakumezkoei baino soldata altuagoa jartzea, baina enpresek beste estrategia batzuk dauzkatela gizonezkoei gehiago ordaintzeko emakumezkoei baino, plusak, lanaldi partzialak… Nahi den guztia…, gizartean dagoen kontraesan nagusia ez ukitzeko. Eta normala izan daiteke Kapitalismoaren eta Estatuaren aldeko feminismoa (nagusi, gaur egun) datu eta kontzeptu horietatik atera nahi ez izatea. Arraroagoa da, berriz, eta lehenengo feminismo horren eta, oro har, pentsaera kapitalistaren erabateko arrakasta islatzen du, euren burua iraultzailetzat eta, bereziki, marxista edo anarkistatzat dauzkaten ahotsak ere isilik geratzea holako zentzu komunaren aurrean.

Soldata-arrakala dago? Bai, noski, hainbat motatakoa. Lehenengoa, eta nabarmenena, kapitala jartzen dutenen eta lan-indarra jartzen dutenen artean. Hain da handia arrakala, ezen lehenengoak oparotasunik handienean bizi baitira, soldatarik kobratu gabe, miserian bizi direnei soldata ordaintzen dietenak izan arren. Lana erosten dutenen eta lana saltzen dutenen arteko arrakala da gure gizarte ereduaren oinarri ukiezina. Hau, noski, gero aztertuko dugun beste kontzeptuari dago lotuta. Baina hobe gauza batzuei buruz hitz egiten ez badugu…

Bigarren arrakala, soldatapekoen euren artean dago. Izan ere, pentsaera kapitalistak guztiz natural bihurtu du auto-fabrika bateko ingeniari baten orduek torlojuak egiten diharduenarenek halako hamar balio izatea. Azaltzeko hainbat modu asmatu dute, eta normala da kapitalaren logika defendatzen dutenek horiek denak erabiltzea baina, kapitalaren erreprodukzioaren logikatik kanpo, ez dauka zentzurik pertsona baten lanorduek beste batenek baino gehiago balio izatea. Soldata-arrakala hori, gainera, posible da gutxien kobratzen dutenei ordaintzen ez zaien lanari esker (gero sartuko gara horretan). Alegia, eliteko langile baten soldatan ez da ordaintzen enpresarentzat berak ekoizten duena (inori ez zaio ordaintzen ekoizten duena, soldataren bidez), ez da ordaintzen egiten duen lana, langile klase jakin horren sostengu eta erreprodukziorako, langile klase horren bizi maila estandarrerako, kapitalak kalkulatzen duena baizik (eta zerbait aurreratu dugu berriz bigarren kontzeptuari buruz). Torlojuak egiten diharduenari ordaintzen ez zaizkion lanorduetatik ateratako produktuari ateratako balioarekin ordaintzen da eliteko langileen gainsoldata, lanik egin gabe aberasten den kapitalistarentzako mozkinaz gain.

Hirugarren arrakala, herrialdeen artekoa da. Izan ere, lan bera egiteko orduak ez dira berdin ordaintzen Bilbon edo Bamendan. Gaur egun Europako proletarioen egoerak XVIII. eta XIX. mendeetan bizi zutenarekin zerikusirik ez badauka, gaur egun bere langilerik zapalduenentzat ere, Europan, Kapitalak bizi maila estandar altuagoa kalkulatzen badu, biziraupen hutsetik edo biziraupenaren azpikotik gora, eta kasu askotan are bizi maila duina edo erosoa kalkulatzen badu eta hori ordaintzeko prest badago, beste herrialde askotan bizirauteko ere nahikoa ez diren soldatak ordaintzeko aukera daukalako da. Alegia, gaur egun euskal langile xume bat gai bada supermerkatuko poteetan Perutik iritsitako piper gorriak edo Txinatik iritsitako zainzuriak erosteko, herrialde horietako langileei Kapitalak ordaintzen ez dizkien orduei esker baino ez da, haien biziraupena askoz merkeago ateratzen zaiolako, besteak beste. Soldata-arrakala, azken finean, ordaindu gabeko lanari dago lotuta, eta laster helduko diogu puntu horri.

Beraz, beste soldata-arrakalaz hitz egitean, generokoaz, alegia, batez besteko soldatak aipatzen zaizkigunean, agerian uzten dizkigute inoiz aipatuko ez dituzten soldata-arrakala horiek guztiak. Baina gauzak begi aurrean jartzea da ezkutatzeko modurik onena, eta estatistika da errealitatea desitxuratzeko tresnarik eraginkorrena. Batez besteko horiek ematen direnean, bistatik galtzen da 30.686 eta 22.976 euro horietara iristeko, gehiengo bat, gizon zein emakume, 30.686 eta 22.976 euro horien oso azpitik bizi dela, gutxiengo bat, gizon zein emakume, 30.686 eta 22.976 euro horien ooooooso gainetik bizi ahal izateko eta, batez ere, gutxiengo are txikiago bat lanik egin gabe bizi ahal izateko. EAEn 30.686 eta 22.976 euroko batez besteko horietara iristeko, bestalde, beste herrialde batzuetan batez bestekoek gureen oooooso azpitik egon behar dutela.

Eta hori guztia esan daiteke, gizonen eta emakumeen artean gizarte eta klase bakoitzean dauden aldeak ukatu gabe, baita soldatetan dauden aldeak eta horietarako zioak ukatu gabe ere. Aldea da Kapitalak onar dezakeela generoen arteko soldata-arrakala orekatzea gure mendebaldeko gizarteetan, baita desagerraraztea ere, eta seguruenik, gaur egun, Kapitalismoaren eta Patriarkatuaren fase berrian, hala izateko interesa ere badaukala, mendebaldeko gizarteetako emakume langileen (eta batez ere klase ertainekoen) atxikimendua behar duenean, beste arrakala guztiak ukitzen ez diren bitartean. Lehenengo arrakala, Kapitalismoaren funtsa delako, kapitalistak besteen lanetik bizitzea. Bigarren arrakala, eliteko soldatapekoen atxikimendua lortzen duelako, bizimodu oparoaren bidez leialtasuna erosi eta azpiko langileak diziplinatzeko aliatuak lortuta. Izan ere, eliteko soldatapekoek euren bizi estiloari eusteko, ezinbestekoak dauzkate beste langileei ordaintzen ez zaizkien lanorduak. Soldata-arrakalarik gabe ez dago luxurik ezta estatusa erakusterik ere. Eta hirugarrena, mendebaldeko gizarte “oparoen” bake sozialaren oinarria delako. Herrialde batzuetan esplotazioa arindu eta langileak esplotatzen dituzten enpresen parte sentitzeko, euren “ongizateari” eustearen truke edozer egiteko prest egoteko, Kapitalarentzako mozkin iturriak urritu gabe, esplotazioa non areagotu behar da. Guk merke erosteko (edo gure erreprodukziorako ordaintzen dizkiguten soldatak nahikoa izateko), merke ekoizten duen eskulana behar da, agidanez.

Ordaindu gabeko lana:

…aberastasuna osatzen duten elementuen proportzioa da soldata eta elementu horiek egunero kontsumitzen dituzte, euren erreprodukzioan, langileen masek.

(…)

Balioaz jardutean, frogatu dut lan orok utzi behar duela soberakin bat; halako moldez non, langilearen kontsumoa beti bera dela suposatuta, haren lanak, biziraupenaz gain, kapital gero eta handiagoa sortu behar bailuke. Jabetzaren sistemaren pean, lanaren soberakina, funtsean kolektiboa dena, osorik geratzen da jabearen eskuetan, errenta bezala. Jabetze mozorrotu horren eta ondasun komunal baten iruzurrezko usurpazioaren artean, ordea, zer alde dago?

Hona usurpazio horren ondorioa: langilea, zeini produktu kolektiboan duen zatia enpresaburuak konfiskatzen baitio beti, galeran dago etengabe, eta kapitalista, aldiz, beti irabazian…”

(P.J. Proudhon, Kontraesan ekonomikoen sistema, edo miseriaren filosofia)

“Kapitalistak lan-indarraren balioa ordaintzen du (edo haren prezioa, balioarekin bat ez datorrena), eta horren truke, lan-indar bizia erabiltzeko eskubidea eskuratzen du. Lan-indar horren aprobetxamendua bi alditan banatzen da. Aldi horietako batean, langileak bere balioa baino ez du ekoizten = bere lan-indarraren balioa, hots, haren baliokidea bakarrik. Horrela, lan-indarraren prezio aurreratuaren truke, prezio bereko produktu bat eskuratzen du kapitalistak. Merkatuan produktua amaituta eskuratu balu bezala da. Gainlanaren aldian, aldiz, lan-indarraren aprobetxamenduak balioa eratzen du kapitalistarentzak, eta balio horrek ez dio kostatzen balioaren ordezkorik. Doan eskuratzen du mugiarazitako lan-indar hori. Zentzu horretan esan dakioke gainlanari ordaindu gabeko lana.

Kapitala, beraz, ez da bakarrik lana erabiltzeko aukera, Adam Smithek dioen bezala. Funtsean, ordaindu gabeko lana erabiltzeko aukera da. Gainbalio oro, zein ere den gero kristalizatutako forma zehatza, irabazia, interesa, errenta, etab., bere substantziaren arabera, ordaindu gabeko lanaren denboraren gauzapena da. Kapitalaren autobalorizazioaren misterioa honela argitzen da: inoren ordaindu gabeko lan kantitate jakin bat erabili ahal izatea da.

(…)

Lan-indarraren balioa ez zen ezartzen banako langile heldua mantentzeko behar den denboragatik, familia langilea mantentzeko behar denagatik baizik. Familia langilearen kide guztiak lan-merkatura jaurtitzean, gizonaren lan-indarraren balioa haren familia osoaren artean banatzen du makineriak. Balioa kentzen dio, beraz, haren lan-indarrari. Esaterako, familia bat banatzen den 4 lan-indarrak eskuratzea, agian, garestiagoa da lehen familiaburuaren lan-indarra eskuratzea baino, baina 4 lanaldik 1 ordezten dute, ordea, eta haien prezioa murriztu egiten da, 1en gainlanaren aldean 4 langileen gainlanak sortzen duen soberakinaren proportzioan. Familia bat bizitzeko, orain lau pertsonak eman behar diote kapitalari, lana ez ezik, baita gainlana ere. Hala, lehen unetik, esplotatzeko giza materiala ez ezik, hots, kapitalaren esplotazio-eremua bera[121], esplotazio horren maila ere zabaltzen du makineriak.
[121] “Langileen kopurua nabarmen handitu da, gizonen lana gero eta gehiago ordeztu delako emakumeen lanarekin eta, batez ere, helduen lana haurrenekin. 13 urteko hiru neskatilak, asteko 6-8 txelineko soldatekin, langile heldu bat ordeztu dute, zeinen soldata 18-45 txelinekoa baitzen.” (Th. de Quincey, “The Logic of Political Economy”, Londres, 1844, oharra 147. orriari) Familiaren eginkizun jakin batzuk erabat ezabatzea ezinezkoa denez, hala nola haurrak zaintzea, eradoskitzea, etab., kapitalak konfiskatutako etxeko amek neurri batean edo bestean ordeztuko dituen norbait kontratatu behar dute. Familia kontsumoak eskatzen dituen lanak, hala nola jostea, adabatzea, etab., amaitutako salgaiekin ordeztu behar dira. Etxeko lanetako gastu txikiagoarekin batera, diru gehiago gastatzen da. Handitzen dira, beraz, familia langilearen produzitzeko kostuak eta diru-sarrera handiagoa berdintzen dute. Horri erantsi behar zaio, ezinezko egiten direla ekonomia eta erabilera egokia bizirauteko baliabideen kontsumo eta prestaketan. Ekonomia politiko ofizialak ezkutatzen dituen egitate horiei buruz, material ugari dago fabrika-ikuskarien eta “Children’s Employment Commission” delakoaren “Report”etan eta, bereziki, baita “Reports on Public Health” txostenetan ere.”

(K. Marx, Kapitala)

Hori da, besteak beste, Proudhonek eta Marxek ordaindu gabeko lanari buruz idatzitakoa laburbiltzen duena. Idatzi ez ezik, ordaindu gabeko lana da Marxen kapitalari buruzko teoria osoaren funtsa. Horretaz hitz egiten digute egun, komunikabide guztietan ordaindu gabeko lana aipatzen denean? Ez, noski. Beste teoria bat sartu da azken hamarkadetan soldataren funtsa guztiz ezkutatzeko. Orain, esaten digute familien erreprodukzio lanak direla ordaindu gabekoak. Eta normala izan daiteke pentsaera burges eta kapitalista duten emakumeek (eta gizonek) hori sinestea, baina harrigarria da, guztiz, euren burua marxista edo are anarkistatzat dutenen ahotan entzuten denean. Badirudi, hain argi zegoen gauza bat guztiz ahaztu dela: zer den benetan soldata eta zer ordaintzen den haren bidez.

Argi dago, eta horren aurka borrokatzeak zentzu guztia dauka, azken mendeetan langile klase ertain eta altuetan ezarri zen familia paradigmak desoreka izugarria ekarri duela, ordura arte etxean etxeko lanak egiten geratzen ziren emakumeak lan-merkatura atera direnean. Eta argi dago ez dela bidezkoa, familia edo bizikidetza unitate batean pertsona bik (edo gehiagok) etxetik kanpo berdin lan egin behar badute, etxe barruan haietako bakarrak egitea lanak. Baina horrek ez du esan nahi etxeko lanak, erreprodukziokoak, ordaintzen ez direnik. Horixe baino ez da soldata: kapitalak erosten duen klaseari bere burua kontserbatu eta erreproduzitzeko ordaintzen dion kopurua, biharamunean sasoiko eta lan egiteko prest itzuli, eta etorkizuneko langileak sor ditzan. Guztiz tronpatzen da soldataren bidez egindako lana ordaintzen dela uste duena eta, argi dago, ez ditu, besteak beste, Proudhon eta Marx sekula irakurri edo ulertu. Are gehiago, XVIII. eta XIX. mendeetan horixe zen teorialari kapitalisten kezka nagusia, ezkutatzen ez zutena: zenbat ordaindu behar zitzaien langileei biziraun zezaten. Argi zeukaten haien biziraupena eta erreprodukzioa ordaintzea baino ez zegokiela, inoiz ez egindako lana.

Argi ikusten da hori adibide batekin. Har ditzagun lau familia edo bizikidetza unitate; klase ertainekoak direla esango dugu.

A familia 4 kidek osatzen dute, bikotekide bik eta seme-alaba bik, haietatik batek etxetik kanpo lan egiten du eta hileko 6.000 euroko soldata dauka. Langile horrek ez du nahi bere familiakoak etxeko lanak egiten ibiltzea, eta lan horiek azpikontratatzen ditu. Pertsona bat etortzen zaie etxera, hilean 800 euro ordainduta, eta hura arduratzen da etxea garbi egoteaz, bazkaria eskatutako orduan prest edukitzeaz… Inork ez du zalantza egingo: etxeko lan horiek ordainduta daude, 800 euro hilean, hain zuzen ere. Eta baten batek pentsatuko du lan egiten duen pertsona horrek ordaintzen dituela erreprodukzio lan horiek baina, nondik ateratzen ditu 800 euroak? Kapitalak ordaindu dion soldatatik, hain zuzen ere, langile mota horrentzat kalkulatzen duen bizi mailari eutsi eta langile mota hori erreproduzitzeko. Baina familia horretan, kide batek kriston zortea dauka, antza, behar duen guztia daukalako horretarako lanik egin gabe. Zer esango diegu, biak ados badaude…

B familia 4 kidek osatzen dute, bikotekide bik eta seme-alaba bik, haietako batek etxetik kanpo lan egiten du eta hileko 6.000 euroko soldata dauka. Haren etxean, erabaki dute familiako kide bat arduratuko dela etxeko lan gehienez: berak garbituko ditu etxea eta arropak, bera arduratuko da bazkaria orduan egoteaz… Soldata etxera daroanak utzi dio erreprodukzio lanak ordaintzeari, 800 euroko soldata hori ikusten ez dugulako? Ez, etxeko lanez arduratzen den pertsona hori ari da, orain bai, soldata bakar horretatik bizitzen ez ezik (A familiako kideak egiten zuen bezala), soldata horrek ordaindutako erreprodukzio lanak bere gain hartzen.

C familia 4 kidek osatzen dute, heldu biek lan egiten dute etxetik kanpo eta, bien soldaten artean, 6.000 euro biltzen dute hilero. Familia horretan inork ez dauka denborarik (edo gogorik) etxeko hainbat lan egiteko, eta lan horiek azpikontratatzen ditu. Pertsona bat etortzen zaie etxera, hilean 800 euro ordainduta, eta hura arduratzen da etxea garbi egoteaz, bazkaria eskatutako orduan prest edukitzeaz… Berriro daukagu erreprodukzio lanen ordaina bistan, baina erreprodukzio lan hori berriro ordaintzen du kapitalak, pertsona bi horiei emandako soldaten bidez.

D familia 4 kidek osatzen dute, heldu biek lan egiten dute etxetik kanpo eta, bien soldaten artean, 6.000 euro batzen dute hilero. Euren denborak antolatu, eta etxeko lan guztiak bien artean egitea lortzen dute. Berriz ere, kapitalak ordaindutako 6.000 euro horietan daude sartuta haien erreprodukzio lanak, berriz ikusezin bihurtu arren.

Izan ere, buruan sartu nahi digutenaren kontra, erreprodukzio lanak ordaindu gabe egon barik, haiek dira kapitalak ordaintzen dituenak, hain zuzen ere. Bakarrak, langile gehienen kasuan.

Soldata bakar baten bidez 4 pertsonaren erreprodukzioa ordaintzeko, baina, beharrezkoa da 800 euroren truke erreproduzi daitezkeenak ere egotea. Sistemak, ordea, ezin du onartu soldatarik ez duten langileak edo soldata oinarrizko biziraupenerako gastuetarako ere iristen ez zaienak galtzea; bizirik eta prest behar ditu beharrizana sortzen denerako, erreserbako langileak dira. Eta horretarako daude Estatuak banatzen dituen diru-sarrerak bermatzeko errentak, etxebizitzarako prestazio osagarriak eta bestelako subsidioak, hain zuzen ere. Prestazio horiek, ordea, hots, Estatuaren ardurapean dauden erreprodukzio-zerbitzuak (hala nola hezkuntza eta osasun publikoak), lanean dauden langileek eurek ordaintzen dituzte, kapitalak euren erreprodukziorako ordaintzen dien soldataren zati bat Estatuaren esku zuzenean utzita, PFEZrako atxikipenetan, besteak beste. Esan daiteke euren erreprodukziorako gastuak aurreratzen dizkiotela Estatuari, euren soldatak ordaintzen dituenak.

Baina aurreko lau familia ereduak ez dira berdinak kapitalarentzat, ez dira neutroak. Alde batetik, kasu bitan 4 pertsonaren erreprodukzioa ordaintzen du 6.000 euro horien bidez, beste bietan, 5 pertsonarena, gutxienez (ez baitakigu erreprodukzio lan batzuk egiteagatik pertsona bati ordaindutako 800 euro horietatik zenbatek bizi behar duten). Lau egoeretatik, lehenengoa da, A familia, alegia, okerrena kapitalarentzat. Alde batetik, soldata altuei gainbalio txikiagoa ateratzen zaie beti, gutxiago uzten diote kapitalari. Bestetik, pertsona heldu bi dauden etxe batean, heldu bakar bati ateratzen dio gainbalioa eta bestea haren balorizazio prozesuetatik kanpo geratzen da. Ez dio ordaindu gabeko lanik ateratzen, alegia, eta, ikusi denez, ordaindu gabeko lanetik bizi da kapitala. Azkenik, erreprodukzio lan batzuetarako langile bat kontratatzen du familiak, hots, langile bat kentzen du lan-merkatutik. Esan daiteke langile baten besoak eta hari gainbalioa ateratzeko aukera “osten” dizkiola familiak kapitalari, pertsona hori zuzenean kontratatzen badu, behintzat. 800 euro horiek etxeko lanak saltzen dituen enpresa bati ordainduz gero, argi dago erreprodukzio lanak egiten dituenari zati bat baino ez litzaiokeela iritsiko, demagun 600 euro, eta, beraz, 200 euro geratuko litzatekeela kapitalaren eskuetan. Lan balorizatua litzateke kasu horretan.

Egoerarik onena, aldiz, D familiarena da. Soldata beraren truke, pertsona biri ateratzen die gainbalioa (eta gainlana eta gainproduktua, beraz), eta haiek lan-merkatutik besorik ateratzen ez dutenez, aukera handiagoa dago, esaterako, biek etxetik kanpo lan eginda, etxeko lanetarako denbora nahikorik ez dutenean, gainbalioa uzten duten zerbitzuen bidez konpontzeko arazoa (haurtzaindegia, afaria auzoko pizzeriarik gogokoenari eskatuta, lantoki ondoko tabernan eguneko menua hartuta…). Ez dira kasualitatea gure garaiotan ostalaritzaren industriak hartu duen ospea eta ematen dituen mozkinak. Lau familiak sartzen dira, bestalde, kapitalak ezarri duen familia-eredu murriztuan. Alde batera utzi ditugu zaintza lanak eska ditzaketen pertsona nagusiak, baina logika berean sartzen dira haiek ere.

Kapitala, noski, ez da ergela, eta aspaldi konturatu zen klase ertaineko familia langileei ez ziela familia proletarioei beste gainbalio ateratzen. Euren ekonomiaren kontrakoa zen hainbeste emakume etxean egotea, kapitalari baliorik sortzen ez zioten lanak egiten, gainera. Ekonomia kapitalistaren ikuspegitik, erreprodukzio lanak, langileenak, baliorik gabekoak izan ziren luzaroan. Horrek ez du esan nahi gizarteak, oro har, haien balioa ikusten ez zuenik. Baina erraza izan zen diskurtso egokia ezartzea: kapitalarentzat baliorik izan ez zuenak ez zuen baliorik gizartearentzat. Kapitalaren interesa = gizartearen iritzia. Parametro ekonomiko neurgarrietan sartzen ez dena, gainbaliorik sortzen ez duena, baliorik gabeko lana da. Gainlana ateratzeko langile posibleak eta gainbalioa ateratzeko jarduerak zeuden hor alferrik galtzen. Helburu bi bete behar ziren batera, beraz: etxean gordetako beso horiek kapitalarentzat askatu, gainlana eta gainbalioa produzitzen jarri, alegia, eta etxeetan egiten ziren lan horiei gainbalioa atera. Eta horretan gabiltza.

Azken hamarkadan askotan entzun da, lehen soldata batekin nahikoa zen etxeetan, ezinbestekoak direla orain soldata biak. Alegia, kapitalak balioa kendu dio lanari, eta ohitu gaituen bizi maila estandar berari eusteko, derrigorrez behar dira orain soldata bi. Soldata bakar batek orain ez du erreprodukzioa ordaintzen (XIX. mendean familia proletario gehienetan gertatzen zen bezala). Bestetik, kapitalarentzat balorizaziorik ez duten lanek balorizazioa sortzeko modu bakarra dago: profesionalizazioa. Lanak lanbide bihurtzea. Eta zerbitzu horiek emango dituzten enpresak, langile horiei gainbalioa ateratzeko.

Horregatik, harrigarriak dira ikusten diren kontraesan batzuk. Silvia Federiciren teoriak dira horren adibide argi bat. Estatuaren, kapitalismoaren eta patriarkatuaren arteko loturak aztertzen dituenean, oso fina da, begi kritiko oso zorrotza dauka, baina erreprodukzio lanen kontura iristen da… eta berehala hasten dira kontraesanak eta ahazten ditu bere lehengo teoriak. Estatua eta soldata deitoratzen ditu, ez dauka arazorik soldata esklabotza dela ikusteko, baina soldatapeko lanak askatzeko modua bilatu beharrean… gaur egun soldatapean ez dauden lanak esklabotza horren pean jartzea izango da haren irtenbidea. Alde batetik, marxista izanda, ahazten du erreprodukzio lanak ordaintzen dituela soldatak eta, bestetik, erreprodukzio lanek gizartean balioa galtzeko arrazoia soldatarik ezari leporatu eta berriz balioetsi behar direla defendatu ondoren, etxea eta erreprodukzio lanak kartzela direla esango du, lasai asko. Interesgarriak dira etxeko lanetarako soldata bat behar dela dioten diskurtsoak (mugimendu horietatik iritsi zen Silvia bera feminismoaren uretara, antza). Alde batetik, eta harrigarria da, marxistei entzuten zaielako, ahazten dute, esan dugunez, kapitalak ordaindutako soldatak erreprodukzio lan horiek baino ez dituztela ordaintzen, hots, kapitalak erreprodukzio lanak egiteko ordaintzen dituela soldatak, hain zuzen ere. Bestetik, zalantza bat sortzen da: nork ordaindu behar lituzke, teoria horien arabera, ordaindu gabe omen dauden lan horiek? Ez dakit inoiz esan duten, baina nago Estatuari eskatzen diotela soldata hori.

Demagun hala dela eta ados gaudela: erreprodukzio eta zaintza lanak ez daude ordainduta eta Estatuak ordaindu beharko ditu aurrerantzean. Nori ordainduko dizkio? Etxe batean pertsona bik etxetik kanpo lan egin eta erreprodukzio lanez biak arduratzen badira, biei ordainduko die erdi bana? Etxe batean etxetik kanpo pertsona bakar batek lan egiten badu eta bestea etxeko lanaz arduratzen bada, etxean geratzen den horri ordainduko dio soldata bat? Eta bakarrik bizi eta bere erreprodukzio lanez arduratu behar duen horri ere ordainduko dio soldata bat? Eta bere erreprodukzio lanengatik Estatuak ordaindutako kopurua nahikoa duela ikusi eta etxean geratzea erabakitzen duenari ere bai, kapitalarentzat gainbaliorik sortu ez arren? (Hala bada, esan diezadatela, pozik apuntatuko naiz-eta, dagoeneko nire erreprodukzio lanez arduratzen naizen bakarra naiz-eta, eta, gizona izanik, nire diru-sarrerak emakumeen batez besteko soldataren azpitik daude).

Nork eta nori ordaindu behar dion zehaztuta, soldata hori nondik aterako den ere esan beharko da, eta… susmoa daukat iturri bakarra daukala Estatuak soldata horiek guztiak ateratzeko: langileen erreprodukziorako soldatari beste zatitxo bat kentzea. Azkenean, beraz, emaitza bera izango genuke: langileek euren erreprodukzioa ordainduko dutela kapitalak euren erreprodukzioaz arduratzeko ordaindutako soldatatik. Edo, pribilegiatuenen kasuan, langileek euren erreprodukziorako jasotako soldatari kendutako zatitik, profesionalei ordainduko zaie lan horiek egiteko eta lan horiei ere gainbalioa atera ahal izateko. Eta askeago sentituko gara denok biharamunean (kate horren azken begiak izan ezik, seguruenik, soldata-arrakalaren hondo-hondoan dauden horiek).

Horrela lortu dute ideiei buelta ematea, modu askotan, eta soldataren morrontza independentzia ekonomikoa bihurtu zaigu egun batetik bestera; etxeak kartzelak dira orain, eta eskolak, fabrikak eta bulegoak esparru askatzaileak (kuartelak ere bai, seguru, armada profesionalizatu digutenetik); geure buruarentzat egiten ditugun lanak galdutako orduak dira, eta beste inor aberasteko emandakoak, aldiz, irabazitakoak; gurekin denbora partekatzen duenak zapaldu egiten gaitu, eta gure lanetik bizitzeko gure denbora erosten duenak askatu… Badakigu, gerra bakea da, esklabotza askatasuna da, ezjakintasuna indarra da…

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.