Gure mundu kapitalista honetan estatu bakoitzak oligarkia mota bat bultzatzen du. Bestela esanda, estatu bakoitza oligarkia mota jakin baten ametsaren emaitza da. Argiagoa da kasu batzuetan, ezkutuagoa beste batzuetan. Venezuela alderdi bati lotutako oligarkia burokratiko berri baten eskuetan geratu zenean, boliburgesia hasi zitzaien esaten. Argentinan, esaterako, betiko oligarkia agroburgesia dela esan liteke, eta Txileko orligarkiarentzat lurburgesia asma genezake, agian, meatzaritza eta basogintza uztartzen baitira oligarka horien eskuetan, besteak beste. Modu batean zein bestean, hanka bi dira funtsezko oligarkia guztientzat: lurraren erabilera definitzeko ahalmena, eta euren jarduerak zuritzeko eta sendotzeko komunikabideen kontrola. Euskal Herrian ere, noski, geure oligarkia daukagu, aspalditik gure mapak marrazten dituena: porlanburgesia.
Gaur goizean, beste askotan legez, Euskadi Irratia entzuten nuen, gosaldu bitartean, bariku edo ostiral beltz horri bueltaka. Halako batean, ahots guztiak ziren denda txikien aldekoak, denek nahi zituzten euren herrietako dendariak babestu, baita lurralde ereduaren arduradun politikoren batek ere. Eta sinistu guk…, edo hori nahi lukete, behintzat.
Atzera begiratzen badugu, oso atzera jo gabe ere, laurogeita hamarretatik hona porlanburgesiaren aurrerabidearen kontzeptua noranzko bakarrean mugitu baita, eta mugitzen baita egun, oroimena garbitzen ez diguten bitartean, gogoratuko dugu nortzuek bultzatu duten tai gabe saltoki zabalak, gero eta zabalagoak, hirigune eta herriguneetatik urrun, gero eta urrunago, zabaltzea. Zementuz, porlanez bete behar ziren hutsik zeuden eremuak, kosta ahala kosta; hiri eta herrietatik kanpo bultzatu behar ziren herritarrak, ahal zela, auto pribatuan bultzatu ere. Errepide zabalagoak eta azkarragoak beharko ziren, inguruak azpiegituraz bete, jendearen mugikortasuna erraztu (hots, derrigorrez mugitu beharra sustatu, lo-hiriak hedatu)… Ezinbestekoa jendea handik hona etengabe edukitzea, komunitate sen oro suntsitu nahi denean, auzokoen arteko elkar-laguntza sare guztiak deuseztatu, sistemaren aurrean biluzik uzten gaituen indibidualismo zombiea bultzatu. Baina horiek bezain garrantzitsua zen, eta da, desgizarte eredu bat eraikitzeko prozesuak batzuen poltsikoak berotzea.
Gure EAE txiki txukun hau aspaldi dago eraikuntza-enpresen eskuetan, eta eraikuntza-enpresa horiek aspaldi daude gure euskal mikroestatuaren jabeen interesak (eta kontu-korronteak) sendotzera bideratuta. Ez da asko arakatu behar enpresa horietan abizen ezagunak topatzeko.
Eta hala, porlanburgesia horren irudimen grisa ari da gure mapak marrazten egunero. Herritarrok begiak irekitzen ditugunerako, zementu puska handiago bat ikusten dugu balkoitik. Griserako bide hori moteltzen duten proiektu guztiak, hala nola Errekaleor auzo askea, Tosu zein edozein esparru okupatu autogestionatu, aurrerabide emankor horren oztopo dira.
Azken hamarkadotan, Guggenheim efektua esan zaion horren atzetik (zehatzagoak izateko, haren aurretik, oso aurretik), beste pagotxa bat topatu du gure porlanburgesiak: turismoa. Horrela, maisutasunez, egungo eredu kapitalistak dauzkan hiru sektorerik kutsatzaile eta suntsitzaileenak lotu dituzte gure mapa-marratzaileek: turismoa, urrutiko merkataritza, eta garraiogintza. Azkena da beste bien zedarria. Garraiogintzari azpiegiturarik zabaldu barik, ez dago garraiorik. Garraiorik gabe, ez dago, ez turismorik, ez urrutiko merkataritzarik. Baina bestela ere irakur daiteke: turismorik eta urrutiko merkataritzarik gabe, ez dugu sentiaraziko garraiogintza bultzatzeko beharrizana. Turismoa eta urrutiko merkataritza bultzatu behar dira, gero haiek errazteko azpiegiturak eraikitzeko. Eta azpiegitura horiek denak eraikiko dituztenak, noski, gure enpresak izango dira.
Aspaldi hasi ziren konturatzen batzuk, dendari txiki horiek batez ere, urrutiko merkataritzak eskatzen dituen eremu zabalak euren kontra eraikitzen zirela, haiek itotzen zituztela. Zer esanik ez, gure baserritarrak, oraindik bizirautea lortu dutenak, zein bidean geratu diren guztiak, dendari txiki askorekin batera. Eta, azken urteotan, herritar askori tokatu zaigu turismoaren ondorioak pairatzen hastea.
Azken horri dagokionez, Gaztelugatxe da toki paradigmatikoa. Gogoan dut, artean Argentinan bizi nintzela, Mundakara itzuli nintzela uda batez, eta Buenos Airesen egindako lagun katalan handi bat gonbidatu nuela jaiak pasatzera. Bera etxean nuela, nire toki kutun bat bisitatzera eroan nuen eta, halako ezusteko desatsegina! Inguruko herritarrentzat toki lasai, eder eta baketsua izan zena, itsasoaren aldartea patxadaz entzuteko ezin hobea, armada ezezagun batek hartuta zegoen. Eta inbasioaren aitzindari-taldea baino ez zen! Harrezkero, urtetik urtera, bikoiztu, hirukoiztu, laukoiztu… egin da jende-emaria. Kakaztuta zegoen tokia betiko. Eskerrik asko, Game of throns! Eta eskerrik asko, porlanburgesia, azken urteotan ahaleginak eta bi egiteagatik gure ingurune hau atzerakorik gabe izorratzeko. Azkenaurreko erasopean gaude orain, lubakiak prestatzen, porlan jaun-andreek harriz eta zementuz bete nahi digutelako herritar guztiok babestu behar genukeen paraje aparta. Zer eta turistei euren plazer indibidualistaz auto pribatuan gozatu ahal izatea errazteko. Guggenheimetik Gaztelugatxera, eta Gaztelugatxetik Arabako upategietara ti-ta batean joan ahal izateko turismo azkar orojaleak eskatzen duen erritmoan. Instagram-turismoa. Gaztelugatxek jasaterik ez daukan giza presioa. Ez harritu hemendik urte batzuetara aparkaleku horren inguruan saltokiren bat zabaltzeko proiektua agertzen bada, ezerezetik, turistek dena izan dezaten gune bakar batean, hankak gehiegi nekatu beharrik gabe, nahikoa nekatuko baitira ermitarainoko bidean beste turistak saihetsiz. Noski, Arabako Errioxako ardoak eta Idiazabal gaztak egongo dira salgai bertan, Perutik ekarritako piper gorrien eta Txinatik ekarritako zainzurien ondoan, haien eskulan hiper-esplotaturik gabe ez baitago paradisurik Euskal Herrian.
Porlanburgesiaren planak zapuztu genituen apur bat azken urteotan, Mundakako Santa Katalina haien atzaparretatik askatu genuenean…, atzapar horiek Bermeoren gainean jausteko.
Gure Urdaibai honi lehen mendebaldeko sukar ustelaren pean jausi diren beste toki batzuei gertatutakoa etorriko ez ahal zaio gainera! Latinoamerika, esaterako, bere baliabide oparoengatik arpilatu dute mende luzetan, eta arpilaketak ez du etenik izateko itxurarik. Bere baliabide oparoak, lurpean zein lurrazalean gordetakoak, izan dira hango jatorrizko herritarren galbide; orain arteko azkenak, kinoa eta ahuakatea lurrazalean, ipar globalean lasai egin gaitezen begano, nahi badugu, eta litioa lurpean, Teslak Alemanian ekoitziko dituen auto elektriko berdeei energia agor ez dakien. Gurean, antza, baliabide ukiezina aurkitu dute gu arpilatzeko: gure paisaiak. Ez ote da izango Urdaibairen hilobia bere ederra…
Gogoan dut duela hamarkada pare bat, ideia nondik zetorren inork ez zekiela, txisteratik atera zuela porlanburgesiak Urdaibai inguruko biztanleon kezka bat. Egun batean, bat-batean, albiste ez zen publirreportaje moduko batean, Urdaibaiko alkate gehienak (alderdi jakin bateko guztiak, haietako bat, noski, handik zenbait urtetara gure Jaun Zuri bihurtuko zen Rementeria jauna) agertu ziren pantailan, kezka bera adieraziz denak: Urdaibai Biosfera Erreserba izatea galga zen eskualdeko garapen ekonomikorako. Traba handia zen jendeak lana bertan topa zezan. Lehen zunda-globoa zen Biosfera Erreserba izendapenak dakartzan babes mailak karraskatzen hasteko. Ideia bat sartzeko eskualdeko herritarren buruan: eskualde hau ezin da gure garapen-eredutik at geratu; lanik nahi baduzue, ezikusiarena egin beharko diezue egingo ditugun gehiegikeria guztiei.
Harekin batera entzuten ziren, gero eta hurrago, Guggenheimen gerra danborrak, eta handik gutxira puska handi bat kendu zioten lurrari Lamiaran inguruan, industrialde txiki bat txertatzeko. Eta airean planeatzen, turismoa sukalderaino sartu ahal izateko azpiegiturak: Bilbotik eta Donostiatik azkar iristeko autobide bat, Urdaibai erraz zeharkatzeko zubi erraldoi bat… (oraindik gauzatu ez diren, baina Francoren garaietatik datozen proiektuak gehienak). Hori baita porlanburgesiaren aurrerabidea: berdeari gorrotoa.
Aitzakia lanpostuak sortu beharra izanda, bitxia da ikustea azken hamarkadotan zelan hustu diren inguruko baserriak. Industrialde horretatik hur dauzkagu abandonatutako batzuk, bihotza hausten dietenak bihotza dutenei. Zertarako bultzatuko dugu gertuko ekonomia? Zertarako egin bideragarri Urdaibai inguruko baserriak? Zertarako jango dugu gure mendietan ereindakoa? Horrek ez du bultzatzen porlanaren beharra. Eusko label, 0 km eta aurpegia garbitzeko beste su artifizial batzuk kenduta, erabateko mendekotasunerako bidean sartu gaituzte (eta gu pozik eta kantari sartu ere), eta ez du ematen atzera egiteko prest gaudenik. Jaten duena ekoizteko gai ez den herria kapitalaren mendekoa da (bost axola kapital horrek txapela daroan, zein bisera).
Larrialdi klimatikoaz arduratzen direla dioskute AHT berdez margotuta saldu nahi digutenek (ez eman bueltarik, ez dago gure esku erosi nahi dugun ala ez erabakitzea). Seguru beroketa globalari aurre egiteko partidan sartuko dutela Gaztelugatxeko aparkalekua bera ere. Porlanburgesiak gure mapak marrazten jarraituz gero, etorkizuneko turistek, Euskal Herrian sartzean, euren hegazkin kutsatzaileetatik behera begiratu eta oihal gris bat baino ez dute ikusiko itsaso gero eta grisago bateraino. Egon daitezela lasai, berehala bideratuko du partida bat Eusko Jaurlaritzak edota Aldundiak porlan guztia berdez margotzeko.