Pixkanaka hasi gara gabon zaharreko ajea pasatzen. Urte berria badirudi promesaz beteta datorrela beti, hurrengo urte zaharra iritsita agindutakoaren kontuak gutxitan eskatzen dizkiogun arren. Ezin dut ezkutatu aurtengoak zapore berezia izan duela niretzat. Hamar urte bete dira Txileko polizia nire etxera etorri, nire armairu gainean frogak jarri, eta preso eroan ninduenetik. Hamarkada bat. Azkar esaten da eta, egia esan, azkar pasatzen da, 2010etik 2020rako tarte hori hutsik egotetik urrun badago ere.
2019ak, ordea, oparitxo bat utzi dit, oraindik bere paperetik guztiz atera ez dudana, harekin zer egin ez dakidan jostailu bat, berria behar lukeena baina hamar urte horiek apur bat maiztuta iritsi dena. Opari horrek, ordea, balio izan dit konturatzeko zelan neurtzen dituen jendeak holako gertakariak. Izan ere, 2010ean Txiletik Euskal Herrietara itzuli nintzenean, jende askok pentsatu zuen garaipena zela hura. Ez garaipen BAT, garaipenA baizik. Jendearen buruan, antza, preso sartzen duten pertsonaren arazoak amaituta daude, eta ondo amaituta, espetxetik ateratzen duten egunean. Horregatik, beharbada, ez dakit oso ondo zelan atera paperetik azken oparitxo hori. Ez zen dena onez amaitu 2010 hartan?
Zoritxarrez, ez. 2010an Txileko estatuak, bere epaile ondo hezien bitartez, kondenatu egin ninduen. Alegia, legezko (ez bidezko) munduaren begietan, aurrerantzean errudunaren marka izango nuen, nora joan ere. Eta, gainera, Txile utzi behar izan nuen, eta betiko itxiko zitzaizkidan lur horretarako ateak. Zelan azaldu askorentzat garaipen bat zenak niretzat beldur handiena ematen zidan porrota baino ez zuela adierazten? 2010eko urrian ez nuen Euskal Herrietara itzuli nahi. Nire abokatuak zorotzat jo ninduen, kondenatuta nengoela jakin ondoren, azken epaia zein izango zen zain, haren etxean, nik zer nahiagoko nukeen galdetu zidanean. Ezezaguna zen ezarriko zidaten zigorra, fiskalak bost urte eskatzen zituen eta, beraz, arriskua zegoen laster espetxera itzultzeko. Niretzat arrisku baino itxaropen zena: espetxera itzultzea. Txilen geratu eta orduko neska-laguna, Vane, ondoan izateko aukera bakarra zen niretzat kartzela. Beraz, espetxeratu nindutenetik izan nuen beldurrik handiena zebilen nire buruaren gainean, gosetutako sai baten antzera.
Eta hala gertatu zen: betetakoa baino zigor laburragoa ezarri, betetzat jo, eta Txiletik kanporatzeko agindua neukan zain. Euskal Herrietan txaloak eta bibak nituen zain, zerbait lortua genuela ematen zuen. Zelan ikustarazi galdu egin nuela, libre banengoen? Libre…, etxetzat neukan lurretik ihesean alde egiteko. Hori da askatasuna!
2019an horren beste ondorio bat ezagutu nuen. 2017an gertatu zen horren aurrerapen bat, Buenos Airesetik Euskal Herrietara itzuli nahi izan nuenean, baina ordukoan laburra izan zen eta ez nion garrantzirik eman. 2019ko otsailean, ordea, lehen 15 minutu izan zena ordubete bihurtu zen. Zertaz ari naizen? Mundu honi hesiak jarri dizkion ameskeriaz: mugaz. Eta mugaren irudikapen burokratikoaz: aduanaz. Ordubete Migrazio Bulegoan, azalpen handirik gabe, sartzen utzi zidaten arte. Lehenago, agenteei esan behar izan nien non hartuko nuen ostatu (lagun bat ere jopuntuan jarriz), nondik ibiliko nintzen, eta zein hegalditan alde egingo nuen Argentinatik. Hori nire askatasuna Argentinan ere. Arraroa, herrialde horretan bizileku-baimen iraunkorra baitaukat, hango paper plastifikatua, Argentinan eskubide guztien jabe egiten ei nauena. Horixe baitira eskubide deritzegun horiek, paperbide. Eman dizkiguten legez ken diezazkiguketenak. Horretan datza eskubideen unibertsaltasuna: edonork eduki ditzake, paper egokiak lortzeko bidea izanez gero. Deitu paper horri pasaportea, deitu hipoteka, deitu 10 euroko billetea… Erakutsi papera eta onartuko dizut dagokion eskubidea. Itzultzeko hegaldirako bidean egon arte ez nuen jakin zer paperek zailtzen zizkidan munduan mugitzeko aukerak: Interpolek nire izena jaso zuen paperen batek, antza, eta aurrerantzean hari eskatu beharko aduana bakoitzean nik aurrera edo atzera jarraitu ahal izateko baimena. Hogei minuturen ondoren, agente batek gogorarazten zidan 2010ean galdu egin nuela Txileko estatuaren aurka.
Aurrerantzean, inguratzen gaituen kartzela erraldoi honek apur bat estuago izango ditu barroteak nire inguruan. Beste askorentzat dituenak baino zabalagoak, hala ere, Euskal Herrietan jaio izanak kalitate handiagoko paperbidea ematen didalako mundu honetan toki bat izateko. Banekien gela bat itxita neukala, eta susmatzen nuen beste gela batzuk ere itxi zekizkidakeela aurrean, baina susmoa zena ziurtasun bihurtu zen. Eta ez da bidaiatzeko gogoa nigan dagoen sentimendurik errotuena. Azken boladan inoiz baino gehiago tokatu zait turismo jasangarria bezalako xelebrekeriak entzutea. Turismorako eskubidea ere aldarrikatzen dute batzuek. Noski, eskubide guztiak legez, turismorako paperbidea da eskatzen dutena. Turismoa industria bat da, kapitalismoak bere langile hautatu batzuen ametsak elikatzeko sortutakoa -zorionekoak gu, langile hautatu horietakoak gara-eta!-. Baina industriarik suntsitzaileenetako bat da, kulturak, ekonomiak eta ingurumenak hankaz gora jartzeko plazera ematen diguna.
Dena dela, bidaiatzeko gogorik ez badaukat ere, nahiago nuke ez egiteko arrazoia lur honetako beste askorena izatea, hots, baliabide falta, edo gure hondartzetara iritsi nahian hiltzen direnek nahiago zuketena, sarraski kapitalistari ihes egin beharrik eza, eta ez legeak eraikitako hesi bat. Baina horiek denak ez dira inoiz turista izango… Beraz, lasai, gure hondartza zoragarriak itxita daude aipatu ditudan gizaki mota bi horientzat, haiek zapaltzeko ohorea paperbideak dauzkatenentzat gordetzen jarraituko dugu, eta izozkiak saltzen dizkigunak paper guztiak ez badauzka, beste alde batera begiratuko dugu, ez baitugu nahi hondartzan izozkirik gabe geratu. Paperbiderik gabeko batzuk ere behar ditugu!
Baina adarretatik joan naiz, ohikoa nire kasuan, eta bere bilgarritik guztiz atera gabe dudan opariaz ari nintzen. Eta zer opari hoberik, paper bat baino? Paperbide puskatxo bat, CIDHk (Ameriketako Giza Eskubideen Batzordea) oparitua. Izan ere, nazioarteko erakundeak ebatzi du Txileko estatuak nire giza eskubideak urratu izanaren zantzuak daudela eta, beraz, nire kasua onargarria dela Batzordearen auzietan sartzeko. Muga bat zeharkatu dugu, beraz, paperezko muga bat. Eta ospatzea tokatzen da beti! Berriz ere, garaipen BAT etorri da, 2010ekoa baino xumeagoa, itxuran, baina garaipenez mozorrotutako porrot hura baino garrantzitsuagoa, seguruenik, bideak zabalik jarraitzen duela baino adierazten ez badu ere. Izan ere, asko falta da auzia amaituta egoteko.
Eta jostailuarekin zer egin oso ondo ez dakidala, Txilera begiratzen dut eta ez dakit handik kanporatu izana eskertu behar dudanetz. Seguruenik, geratu banintz, orain espetxean egongo nintzateke berriro, edo desagertuta, edo torturatuta, edo hilda, edo bortxatuta, edo begi biak galduta edo, zorte apur batekin, bakarra. Baina ez daukat paperbiderik Txileko herriak duen borroka luzean laguntzeko. Urrundik ikusi, beste erremediorik ez, eta albisteak larritasunez jaso.
Horregatik, ulertzen dut hango komunikabideentzat nire albistea ezdeusa izatea. Zelan ez da izango, gauzak lasaiago zeudenean ere ezikusiarena egitea erabaki bazuten! Zorionez, badaude komunikabide askeak, txikiak bezain ezinbestekoak, zaindu behar ditugunak, egiak haien zirrikituetatik baino ez baitu bidea aurkitzen gugana iristeko, eta horregatik saiatzen dira agintariak zirrikitu haiek guztiak ixten, paper guztien jabe izaten, paperbideen banatzaile bakarrak.
Gogora etorri zait Buenos Airesen emandako azken urteetan zirrikitu horietako bati eusteko egindako borroka. Antena Negra TV zeukan izena zirrikituak, baina geuk ere ez geneukan paperbiderik, eta Prosegurrek bai -horretarako daude lagunak paperak eman behar dituzten erakundeetan-, eta kide bi izan genituen auzipetuta komunikatzeagatik. Eta egun horiek gogoratuta, konturatzen naiz kasualitatez ni atxilotu banindute, agertuko zela Interpolen beste paper magiko hori eta terrorismo anarkista gorpuztuko zela bat-batean prentsan. Egin zuen 2013an El Paísek, Espainiako estatuak anarkismoaren mehatxua elikatu behar zuen garaietan. Hor zegoen nire izena, aipatutako bakarra (datu guztiak txarto jarrita, baina gutxi inporta, haientzat lau bonba jartzeagatik kondenatu ninduten, hori da saldu beharrekoa…). Iragan terrorista ei daukan idazlea. Eta hor egongo da beti, auzia benetan amaitzen ez den bitartean. Gero, ondo amaitzen bada ere, auskalo…
Kartzela ez da zigor bakarra, eta askotan gogorrena ere ez. Sistemak modu asko dauka ahotsak isilarazten saiatzeko.
Paper berri on!