Euskal Herriak 15 – 4 Argentina

Ez da kirolen bateko markagailua, ez dugu ikurriña kalera atera eta astindu behar, euskaldunok ez ditugu argentinarrak garaitu. Gauza xumeagoa da: literatura eta elkar-laguntza. Euskal Herrietan Txalapartak euskaraz idatzi dudan hamabosgarren eleberria argitaratzearekin batera, Ediciones Lauburuk gaztelaniara itzulitako laugarrena ekarri baitu Argentinara.

Zortzigarren Hiria da hamabosgarren hori, 2022an argitaratutako Esan gabe doa eleberriak hasitako trilogiako bigarrena. Sakau Askayalarako bidean jarri zuen txinparta tragikomikoaren kronika bitxia.

Secuestro da, bestalde, Argentinara iritsitako laugarrena, 2020an Txalapartak argitaratu zidan Bahiketa nobelaren itzulpena. Jasotzen duen istorioa Buenos Aires eta Euskal Herrien arteko joan-etorri apur bat lisergikoan kokatuta, zelan ez zen porturatuko inspiratu zuen portu-hirian… Oraingoan, Tren en Movimiento argitaletxearekin 2015ean hasitako abentura amaituta, Ediciones Laubururen eskutik, esan legez. Luxu bat.

Zortzigarren Hiria maiatzerako iritsiko da liburu-dendetara eta hortik aurrera hasiko dira aurkezpenak, besteak beste, Literaturian, Zarautzen. Secuestro badago eskuragarri, Buenos Aireseko 48. Nazioarteko Liburu Azokan, “Liburuaren Ministerioa” Pabiloi Berdeko 1321 standean (lasai, ez diot nire arima Mileiri saldu, ez naiz kolore bateko edo besteko etsaiaren lerroetara pasatu). Seguru nago laster ibiliko dela hainbat liburu-denda, azoka eta FLIAtan, Nico nekaezina baita liburuak mugitzeko garaian. Bagabiltza Buenos Airesen ere aurkezpenen bat prestatzen…

Udaberriko eta udazkeneko fruituak, gereziak edo kakiak, munduari nondik begiratzen diogun. Gozatu!

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.