Fikzioa baino ez da, noski

Duela urte bi, 2017an, LOM argitaletxeak La mentira en la sangre argitaratu zuen Txilen, Txalapartak Euskal Herrian 2011n argitaratu zidan Gezurra odoletan eleberriaren itzulpena. Bertan, beste pertsonaia batzuen artean, Temukoko fiskal batek, Omar Moyak, eta Sergio Mérida haren laguntzaileak, hariak mugitzen zituzten itzaletatik, Sipolcar eta Labocar-en baliabide teknikoak eta giza baliabideak baliatuz, hala nola Marco Garete inteligentziako agentea, mehatxu estalien pean lekuko babestu bat erabiliz, talde anarkista txiki batean eta beste talde maputxe batean infiltratuta, berarengandik behar ziren ekintzak lortzeko, Estatuaren interesentzat deseroso ziren pertsonen aurka jotzeko. Gehiegizko irudimena zirudien fiskal batek bere soldata mamitsua arriskuan jartzeak halako ekintzak aginduz eta estaliz, hala nola lehergailuak ipintzea edo bidezko biztanleei kendutako lurrak ustiatuz herrialdearen jabe bihurtutako lurjabeek kontratatutako langileei erasotzea. Fikzioa baino ez zen, noski. Zer jakingo nuen nik, azken finean gauza bat baino ez bainuen egin: nire etxearen bortxatzea jasan, Sergio Moya eta Omar Mérida fiskalek antolatuta. Haiek zuzendutako operazio horretan, Temukoko Justizia Ministerioaren Egoitzaren kontrako ustezko bonba batek polizia nire etxean sartu baino bost ordu lehentxeago huts egin ondoren, Patricio Marín Lazo Sipolcar-eko agentearen txosten txundigarri batean oinarrituta, Labocar-ek froga faltsuak jarri zituen nire logelan, Marco Gaetek, Sipolcar-eko agente bera ere, Héctor Carrasco kapitainak zuzendutako ekintzen lekuko izatea ukatu eta hutsik zegoen konfiskatze-agiri bat sinarazten zidan bitartean.

Orain, Omar Méridaren agindupean ziharduten agenteek nire etxean jarritako objektuak edukitzeagatik espetxeratu eta kondenatua izan eta bederatzi urte baino gehiago igarota, zelakoak diren gauzak, badirudi errealitateak nire “fikzioak” harrapatu dituela. Fiskal bat dugu, Sergio Moya, muntaiak egitea eta ikerketak oztopatzea leporatuta, Karabineroetako zenbait agente, nire gogoz kontra nire ezagun saihestezinak bihurtu ziren horietakoak, zio berberengatik auzipetuta, eta nire liburuan fikziorik gehiegizkoena zirudiena, lekuko babestu batek kontatu berri du: Santiagon bonba bat jarri zuela Omar Mérida fiskalak aginduta, babesa kentzeko mehatxuaren pean beti. Eta, dirudienez, Txile, pentsaera zuzeneko Txile hori, eta egia hain maite duen prentsa, sinetsi ezinik dabiltza. Zelan gerta daiteke Estatuaren zerbitzari hain leial horiek bidea modu horretan galtzea…

Ikerketako kazetaritzarik minimoenak, ordea, aukera izan zuen duela 6 urte, 2013an, muntaietan aditu den talde iaio horren biktimetako baten lan autobiografikoari buruzko jakin-min apur bat izateko; izan ere, urte horretan Quimantú-k nire lan bat argitaratu zuen Txilen, Los buenos no usan paraguas. Desmontando un montaje, desnudando al Estado Bertan, xehetasunez eta dokumentatuta eman nuen talde ondo koordinatu eta, orain arte, eraginkor horren jardunbidearen berri. Baten batek hari buruzko interesa izan balu zenbait urtetan hartuko zion aurre Huracán operazioari eta behar beste material aurkituko zuen profesional handi horien protokoloak, amarruak eta gezurrak lehen eskutik ezagutzeko. Izan ere, urteak daramatzate zio bat dela edo beste dela euren buruzagien interesetarako deseroso diren pertsonak espetxeratzen. Espero baitut ez direla izango orain zalantzan jarritako pertsona horiek euren kabuz zihardutela sinesteko bezain xaloak. Ez dakit zergatik erabaki duen norbaitek orain efizienteak eta beharrezkoak izateari utzi diotela, baina seguru nago hautatuta izango dituztela haien ordezkoak, egungo beharrizanen mailan daudenak, prest “demokraziaren defentsaren” alde euren aurrekoek beste edo gehiago emateko. Baina, noski, badakigu ikerketako kazetaritza ororen mugak Estatuaren interesek ezarritakoak direla, eta haiek gainditzea karrera koloka jartzea dela, gutxienez.

Gertakari horiek argitara agertu diren honetan, kiratsa estoldetatik azaleratu denean, aukera dute nire eleberria egitateen argitara irakurtzeko, baina kontuan hartuz beti, noski, fikzioa baino ez dela.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.