Olerkiak II

Beste sortatxo bat. Iraganetik datozen oihartzunak (bihar beteko dira 24 urte lehenengoa idatzi nuenetik!), bai, baina oroimenean ondo irarrita idatzi nituen uneak, mamu desagertu baten gisa topatu dudan olerki galdu bati dagokiona izan ezik.

Hiritarturik
Kanpaiek jo dute,
jo dituzte,
jo eta ke;
edo nire burua baino ez da
horretan diharduena.
Ortzian sartzen den orratza,
kanpandorreko gurutzea;
zainak zabalduz,
buruak lapurtuz.
Eta neskatxak, hara begira,
irribarre egin du,
bizia gona barruan.
Irribarre egin du hiria ikusterakoan:
kanpandorrea, harrizko hotsak…,
harriak buruetan daudelako
autobus zuriak belzten direnean,
ardoa errekin bihurtu denean;
burdinazko marruak,
hiritar bakarrak ehizan;
inork ez dakuskien
triklopeen begiak,
banaka zabaltzen direnak;
mundua iraintzen duten
etxeak,
leihoak,
zuriak direla sinistu behar den hormak.
Irribarre egin du neskatxak
hiriaren azken eztanda
ikustean.
Arrazoi osoz;
kanpaiak itotzean
kutsatu eta zoratu egin zaio.
(1995-5-18)

Morroi alaiari
Begira, ostadarra,
begira nahi duzun beste;
ez duzu ikusiko atzean ostendu den
odola;
bandera egia den odola,
larretik irten duen odola.
Zergatik ez dituzu begiak irekitzen,
haragiaren laztanen bila bazabiltza?
Ala borreroaren gerizak,
aizkora utzi eta igitaia hartuta,
estali dizu arima?
Mailua ez da egia,
jo eta burua apurtu arren.
Habiatik jausitako txorikume,
bihotza duzu gose.
Amata buruerruki eta basatzazko
sumendi lizunak,
kantu eta negarrezko mila itsasoz.

Ala alferrik da dena eta isilduko naiz,
zure hustasunean lotu zaitezen.
(1995-5-19)

Senak eroanda
Gaur izan nahi dut
umeek baino ez dakusaten izarra;
eskuan eduki
argiaren usain gorriaren bila
dabiltzan arimaren itzalak.
Zergatik mundu honetan
ez dut nik agintzen?
bihotzak neurtzen dituzten balantzak apurtzeko;
tximeletaren hegalaldi hordiak askatzeko;
haize horizko gurpilak zulatzeko.
Agintari ona nintzateke;
Unibertsoaren arima errukarria
haragiaren desirara gidatuko;
agintariaren gorputza
zilbor zuri biluzien azokan
salgai egongo da egunero.
Agintari ona eta ahaztua,
menpeko guztien onerako,
txindurri itsuen atsedenerako.
Agintaria,
bere buruaren jabe izateko ere
gauza ez dena.
(1995-5-25)

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.