Garai batean aingeruen sexuaz eztabaidatzea zen alferreko kontuei buruz mintzatzearen irudia. Gaur gobernuen sexuaz idaztea tokatu zait, ea gobernuek eta aingeruek antzekotasunik daukaten.
Kontua da Whatsapp birus beldurgarria bihurtu zaigun egunotan, lagunekin partekatzen ditudan zerrenda bitara iritsi dela audio bera. Horretan, gizon batek (kazetaria? ez dut gogoratzen edo agian ez da audioan argitzen) bere tesiaren berri ematen du; hau dio, gutxi gorabehera: emakumeek hobeto gobernatzen dute eta haien gobernuak eraginkorragoak izan dira koronabirusaren aurka (lehenengoa bigarrenetik ondorioztatzen du). Hori erakusteko, zazpi herrialde jarri ditu eredu: Islandia, Danimarka, Finlandia, Alemania, Norvegia, Taiwan eta Zeelanda Berria. Audioa interesez entzun, eta datuen manipulazioaren adibide interesgarria iritzi diot, kontua informazioa zelan antolatzen eta janzten den baita. Beraz, talde horietan gaia apur bat eztabaidatu ondoren, artikulu hau idaztea erabaki dut.
Hasi aurretik, puntu bi argitu nahi ditut, hasi eta buka kontuan hartu beharrekoak, nire esanak ondo ulertzeko.
Alde batetik, ez dut COVID19aren larritasuna ukatu nahi. Seguru nago hor dagoela birusa, ez dut konspirazioetan sinesten, jendea hiltzen ari da, mundu osora zabaldu da, eta seguru nago hobe dela arrisku-taldeak babesteko zerbait egitea ezer ez egitea baino.
Bestetik, datuak eta daukagun gizartean posible dena hartuko ditut kontuan. Alegia, gutxiengo batzuek gehiengoak zer egin behar duen erabakitzen duten gizarteetan bizi gara, eta zure bizi baldintzak eta itxaropena honelakoak edo halakoak izango dira munduko zein bazterretan eta zein klasetan jaio, eta soldata batekiko duzun mendekotasuna norainokoa izan. Beraz, diruaren mugimenduaren mendeko ekonomia batean, zeinak herritar gehienak zorioneko bihurtzen dituen kapitala dutenek (enpresa pribatuetan zein estatuarenetan izan) soldata bat emateko “mesedea” egin nahi badiete. Alde batera utziko ditut bestelako gizarte ereduetan zer gerta litekeen, eta inposatu diguten honetan gertatzen denari eta gerta daitekeenari lotuko natzaie.
Gaiari helduta, zenbait adar sortzen dira, enbor nagusi biri lotuta: audioko gizonaren tesia egia balitz, zer ondorio lekarke horrek, batez ere ikuspegi feminista batetik?; egia da audioak dioena? Bigarren horretaz eztabaidatuta, beste zalantza batzuk agertzen dira: ematen dizkiguten datuen fidagarritasuna, alde batetik, eta gobernuen politiken eraginkortasuna, bestetik.
Saiatuko naiz puntu guztiak jorratzen. Horretaz hitz egiteko, mediku ez naizenez, zenbait birologo, epidemiologo, biomediko eta bestelako adituri entzun eta irakurritakoak izan ditut gogoan. Haietako bat da Pablo Goldschmidt, entzun ditudanetatik fidagarrienetakoa, nire gusturako, luzaroan Afrikan mediku izandakoa eta Frantziako Osasun Ministerioarentzat ere lan egindakoa. Zorionez, erretiroan harrapatu du pandemiak eta askatasun osoz mintzatzeko aukera eman dio horrek.
Has gaitezen.
Sexuak gobernua baldintzatzen ei du…
Esan legez, hasiko naiz tesi nagusia ontzat ematen: emakumeek hobeto gobernatzen dute.
Lehenengo arazo bat dakar ideia horrek. Audiokoari entzunda, pentsatu behar genuke “demokrazia”tzat jotzen ditugun horiek ez direla oso demokratiko, erabakiak pertsona bakar baten izaeraren araberakoak badira. Pentsa liteke monarkia hautatuak direla: herriak pertsona bakarra hautatu, eta pertsona hori gizon ala emakume izan, halakoak izango dira herritar guztiek bete beharko dituzten erabakiak. Ez dut ukatuko horrek gordetzen duen egia: munduan ez dago gobernu demokratiko bakar bat ere. Baina oso toki txarrean utziko luke horrek hautatutako monarka horiek inguratzen dituzten aristokrazien eragina, ematen baitu bakarka erabakitzen eta ezartzen dutela gobernatzeko estiloa. Hobe ideia arriskutsu horiek uxatzea, beraz.
Dena dela, zalantza politiko hori alde batera utzita, hori hala balitz, alegia, emakumeek gobernatzeko gaitasun hobeak dauzkatela egia enpiriko eta frogagarria balitz, galdera bat egin behar genuke berehala, deserosoa askorentzat, seguruenik: emakumeen gobernatzeko gaitasun hobearen zioa biologikoa ala kulturala da? Zioren bat behar delako hala izateko! Audioan bertan emakume gobernari horien hainbat ezaugarri eder zerrendatzen zaizkigu. Azter ditzagun aukera biak.
Emakumeek hobeto gobernatzeko arrazoia biologikoa balitz, akabo gure gizarte eraikuntza guztiak kulturari egoztea. Era berean izango lukete, beharbada, eta emakume izate hutsagatik, gaitasun handiagoa zaintza-lanetarako, esaterako, eta gizonek, agian, gaitasun handiagoa ohiko bihurtu zaizkien lanetarako: eraikuntza, mekanika, ingeniaritza… Beraz, jarraitu beharko genuke lanbideak eta jarduerak sexuaren arabera banatzen! Edo, gehienez, berraztertu behar genuke orain arteko banaketa, esperientziak agian esango digulako beste gauza batzuetan direla emakumeak gizonak eta gizonak emakumeak baino trebeagoak. Eta, noski, biologikoa izango litzateke, agian, gizonoi egozten zaigun indarkeriarako joera. Balirudike ezinezkoa genukeela berdintasuna, bide horretatik…
Beste aukera, noski, arrazoia kulturala izatea da. Emakumeek gaitasun hobea dute gobernatzeko, beste ezaugarri batzuetarako hezi dituelako gure gizarte ereduak: enpatiarako, zaintzarako, gehiago entzuteko… Hori hala balitz, beraz, eta helburua edozein gobernari emakume horien estilokoa izatea balitz, eta ez munduko gobernari guztiak emakume izatea, ez genuke gure kultura eredua goitik behera aldatu behar? Baina…, mende oso bat eman dugu emakumeak konbentzitzen lehen gizonei egozten zitzaizkien ezaugarriak bere egin zitzaten! Gizon kulturalki patriarkal horren eredua da hobetsi eta bultzatu duguna! Simone de Beauvoirren ametsa zein zen, ba: emakumeak gizonak bezala heztea, eta ez alderantziz! Atzera egin beharko ote dugu ibilitako bide guztia? Emakumeentzat lehenetsi diren ezaugarriak, jarduerak, ardurak, lehentasunak, ereduak… zabaldu beharko dizkiegu gizonei ere? Badirudi hori dioskula audio hori grabatu duenak, zio biologikoak eta, beraz, aldaezinak ez badaude horren atzean. Berdintasuna nahi badugu, eta eredu egokia emakumeari irakatsitakoa bada, eredu hori hartu beharko dugu gizonentzat ere, ezta?
Sexuak gobernua baldintzatzen du?
Egin dezagun atzera eta, tesia ontzat eman barik, azter dezagun xeheago. Audioan emakumeek gobernatutako herrialdeek koronabirusaren aurka izan duten arrakasta da haiek hobeto gobernatzen dutela defendatzeko ematen zaigun argudio nagusia. Egia ote?
Zazpi herrialde aipatzen zaizkigu, arestian esan legez: Islandia, Danimarka, Finlandia, Alemania, Norvegia, Taiwan eta Zeelanda Berria. Alde handiak daude herrialde horien artean, batez ere kokapen geografikoari dagokionez. Izan ere, geografiak zerikusi handia dauka birusaren hilgarritasunarekin, klima aldagarri garrantzitsua delako, besteak beste. Gizarte ereduek ere zerikusia izan dezakete, zentzu askotan. Beraz, otu zait zazpi herrialde horiek eta falta diren beste hirurak hiru multzotan banantzea eta arlo batzuetan antzeko parametroak izan ditzaketenekin erkatzea, batez ere baldintza klimatikoei dagokienez. Datu ofizialak hartuta (2020-04-27), honela geratuko lirateke (hildakoak milioi biztanleko):
1. multzoa:
Finlandia: 34
Danimarka: 73
Alemania: 71
Islandia: 29
Norvegia: 37
Estonia: 38
Eslovakia: 3
vs
Errusia: 5
Polonia: 14
Ukraina: 5
Lituania: 15
Errumania: 34
Letonia: 6
Kroazia: 14
Bielorrusia: 8
Austria: 61
Txekia: 21
Kanada: 68
2. multzoa:
Taiwan: 0,3
Bangladesh: 0,9
vs
Macao: 0
Hong Kong: 0,5
Laos: 0
Myanmar: 0,09
Vietnam: 0
Thailandia: 0,7
Japonia: 3
H. Korea: 5
Txina: 3
Malaysia: 3
Kanbodia: 0
India: 0,7
Pakistan: 1
Afganistan: 1
Nepal: 0
Sri Lanka: 0,3
3. multzoa:
Zeelanda Berria: 4
vs
Australia: 3
Papua: 0
Filipinak: 5
Fiji: 0
Indonesia: 3
Argentina: 4
Txile: 10
Hego Afrika: 1
Madagaskar: 0
Mozambike: 0
Namibia: 0
Botswana: 0,4
Gero sartuko gara datuen fidagarritasunaren kontuan. Momentuz, horiek izanda herrialde bakoitzeko datu ofizialak, ontzat eta konparagarritzat joko ditugu, audioko gizona ere datu ofizialetan oinarritzen baita bere tesirako. Badirudi, multzoka konparatuta, ez dagoela horrenbesteko alderik, ezta? Jolas bat proposatuko dizuet: goiko zerrendari begiratu gabe, bereizi herrialde hauetatik, hildakoen kopuruaren arabera, zeintzuk dauden emakume batek gobernatuta, eta zeintzuk gizon batek:
Errusia: 5
Indonesia: 3
Madagaskar: 0
Zeelanda Berria: 4
Danimarka: 73
Kanada: 68
Ukraina: 5
Taiwan: 0,3
Hong Kong: 0,5
Polonia: 14
Alemania: 71
Austria: 61
Thailandia: 0,7
Txekia: 21
Islandia: 29
Lituania: 15
…
Tira, badirudi ez dagoela hain argi… Eta, noski, ahaztuko ditugu iraganeko gobernu batzuk, hala nola Margaret Thatcherrena edo Imelda Marcosen diktadura, edo Txilen maputxeen eta bestelako disidenteen aurka terrorismoaren kontrako legea gehien erabili zuen presidentea Michelle Bachelet izan zela. Bai, ni espetxeratu ninduen gobernuko burua. Zerikusia izango zuen biologiarekin, ala eman zieten hezkuntzarekin?
Herrialde batzuetan datuak ez dira fidagarriak…
Datu horiek ikusita, haien fidagarritasuna da sortzen den zalantza bat. Gure ikuspegi zuri eurozentristak, beharbada, eroango gaitu pentsatzera mesfidantza handiagoz begiratu behar zaiela kontinente “beltz” eta “hori” horietako herrialdetako datuei. Baina ez da konfiantza, hain zuzen ere, koronabirusaren aferari dagokionez gure gobernurik gertuko, europar eta zurienek gehien eman dutena. Gezurrak etengabeak izan dira, eta zenbakiekin ere hainbat dantza izan dugu, eta izango dugu. Oro har, pentsarazi digute beherantz makillatu direla datuak toki guztietan, baina lehen aipatu dudan birologoaren hitzek pitzadura bat utzi zidaten uste horretan. Barkatuko dit baten batek esango dudana astakeria bada baina, oker ez banago, nahikoa da COVID19ko test batek positibo ematea heriotza hari egozteko, gure estatistiketan. Gerta daiteke koronabirusa kofaktorea izatea, are hildakoa koronabirusean asintomatikoa izatea; ematen dizkiguten estatistikak itsu dira aukera horien aurrean. Alegia, gerta daiteke ni bihotzeko batek hiltzea eta lehenago koronabirusaren sintomarik txikiena eduki ez izana: nire gorputzari testa egin eta COVID19an positibo ematen badu, koronabirusaren laukitxora joango da nire heriotza, eta ez bihotzeko gaitzarenera.
Datuak horrela ematen badira, ez dute ezertarako balio beste urte batzuetan bestelako koronabirusek hildakoekin konparatzeko. Izan ere, seguru nago iazko martxo-apiril artean hil zirenei inork ez ziela COVID18ko testik egin, eta estatistiketan hiltzeko kausarik probableenaren laukitxora joango zirela denak, beraz, eta ez COVID18ren estatistikak loditzera. Eginez gero, zenbat izango ziren estatistiken arabera koronabirusen batek hildakoak iaz? Zenbat lagunek izango zuten iaz kontaktua koronabirus batekin martxoan eta apirilean? Imajina dezakegu zer pentsatuko genukeen orduan ere, euren gorputzean katarro baten birusaren arrastoa izanda (katarroa une horretan izan, hasi gabe izan, zein ordurako sendatuta izan) hil ziren guztiak katarroz hil zirela esan baligute? Ba, antzeko zerbait ei da aurten gertatzen ari dena. Lupa-efektua da hori. Eta horrekin, berriz esango dut, ez dut ukatu nahi aurten heriotza gehiago egon daitekeenik, eta haietako asko koronabirusaren erruz izan daitezkeenik. Baina asko esateak ez du denak esatea nahi.
Emakumeen gobernuen politikak eraginkorragoak izan dira…
Bada, emakumeen gobernuen politikekin gizonen gobernuen politikekin bezala gertatzen zaigu: ematen du kontrako politika batzuk hartuta, antzeko emaitza lortu dela kasu batzuetan, eta politika berdinak hartuta, kontrako emaitza, beste kasu batzuetan; eta hala, dirudienez, erabaki bat zein kontrakoa hartuta asmatu dute gobernu horiek. Eta batez ere etxealdi mailaz ari naiz.
Izan ere, aipatzen zaizkigun gobernu arrakastatsu horien artean, borondatezko etxealdiaren alde egin dute batzuek, derrigorrezko etxealdiaren alde beste batzuek. Eta mundu osora begiratuta, antzera gertatzen da: borondatezko etxealdiaren alde egin duten gobernu batzuei oso ondo joan zaie, eta nahiko txarto beste batzuei, eta derrigorrezko etxealdiaren alde egin duten gobernu batzuei oso txarto joan zaie, eta oso ondo beste batzuei. Eraginik izan du borondatezkoa ala derrigorrezkoa izateak? Kalterik ala onurarik ekarri digu derrigorrezkoa izateak? Bakoitzak jakingo du zer izan den berarentzat eta bere ingurukoentzat egun hauek guztiak etxean igarotzea, baina susmoa dut ez dela askoren osasunaren onerako izan, hain zuzen ere.
Honetan, bai, iritzi hutsa den zerbait esango dut, enpirikoki frogatuta ez dagoena, entzun ditudan mediku aditu batzuek ildo beretik jo badute ere. Esango nuke, eraginkorragoa dela jendeak, bere ekonomia (hots, bere eta bere familiaren mantenua; soldata, hitz batean esanda) eta bere osasuna arriskuan jarri gabe lanera ez joateko aukera izatea, ezinbestekoak ez diren jarduera guztiak eten ahal izatea, alegia, inork ondorio ekonomiko latzik pairatu gabe (hor geratzen dira agerian diruan eta merkatuan oinarritutako ekonomien buztinezko oinak), etxean derrigorrez geratzea bera baino. Eraginkorra dela, halaber, arrisku-talde guztiak babesteko neurriak hartzea. Euskal Herrietan hildako erdiak ia adinekoen egoitzetan zendu dira. Zerbait esan behar liguke horrek.
Zer esan nahi du etxetik lanera (edo supermerkatura) joateko bakarrik atera ahal izateak? Toki itxi batetik, etxetik, askotan beste toki itxi batera, metro, tren, autobus edo autora, joatea (haietako batzuk jendez gainezka etxealdiko une gehienetan puntako orduetan), hurrengo orduak beste toki itxi batean, lantokian (edo supermerkatuan), emateko (distantziak gordetzeko aukera handirik gabe ez gutxitan). Hots: kanpoaldeko aire freskoa ezin arnastea, gorputza ia ez mugitzea, eguzkirik eta, beraz, D bitaminarik, ez jasotzea, beldurrari eta estresari aurre egiten zaien bitartean. Koktel ezin hobea gure immunitate-sistemarentzat. Gogoratu behar da herritar gehienak ez direla etxe eroso, zabal, bizigarri eta argitsuetan bizi diren klase ertaineko biztanleak, eta askok ez daukatela balkoirik, ez eguzkia hartzeko, ez inor txalotzeko (nik neuk, esaterako). D bitamina zer den eta zelan lortzen den jakiteaz ez dut ezer esango.
Esandako hori eskatu zaie gure inguruko askori, eta ukatu, ordea, kanpoaldean ibili, paseoak eman, gorputza mugitu, erlaxatu, beldurrari apur bat ihes egin eta udaberriko eguzkia hartzea. Argi dago askoz arriskutsuagoa dela menditik edo hondartzatik paseatzea, kontsumitu eta ekoitzi gabe, hots, ekonomia kapitalistaren motorrak olioztatu gabe, fabrika edo eraikuntza-obra batera joan behar izatea baino. Hala ikusi da haurrek kalera irten dutenean: gure herritar-poliziek berehala zabaldu dituzte argazkiak eta bideoak, kale eta parkeetan produzitu gabe ibiltzea delitu larria delako, baina argazki gutxi zabaldu da Bilboko metroa joan den astean bertan zenbait ordutan zelan joan den erakusteko, haiek bai, zerbait guztiz beharrezkora zihoazelako: lan kakatsu batera.
Zenbat gauza atera daitekeen audio batetik, eta ez beti audio hori zabaldu duenak nahi zuen ildotik. Nik ondorio bat atera dut, behintzat: gobernuek salbatuko gaituztela edo aingeruek salbatuko gaituztela sinestea antzekoa da; haien sexuez eztabaidatzea bezala.