(Berria, 2020-4-8)
Legeak konpondu nahi dituen baino arazo gehiago sortzen ditu, zioen duela mende bat Malatestak. Egoera honetan, ordea, seguru egon gaitezke ez digutela inoiz daturik emango konparazioa egiteko. Barkatuko didazue, beraz, legerik gabeko ibilbidean sartzea, zuen esku utzita kaos honetatik ordena apur bat aurkitzea.
Munduko gobernuek euren neurrietan asmatu duten ala ez juzgatzea ez da loa galarazten didan kontua, eta nahiago dut, Carlos Taiboren ildotik, beste margolan bati begiratzea: ondorengo egoerari aurre egiteko gara ditzakegun tresnek marrazten digutenari, hain zuzen ere. Argi baitago gure bizitzak antolatzen dituzten botereek, batzuek uste dutenaren kontra egoera bera eragin ez badute ere, ez dutela aukerarik galdu halabeharrak egin dien oparia eskertu eta kontrolaren gizartearen giltzari ahal beste buelta emateko. Urrun nago, ostera, Bioklik-en zirriborratu nuen iragarpena beteta ikusteko desiratik.
Naomi Kleinen shockaren teoria ere har nezake hizpide, baina interesgarriagoa deritzot balizko shock egoera horren aurrean amore eman ez dutenen erantzunei erreparatzeari. Izan ere, hedabideek (ofizialek zein sare sozialek osatzen duten anabasa gidatu horrek) bolada batean jende askoren baitan piztu (edo berpiztu, edo itzarri, edo biluztu) den faxista txikia elikatzeko egin duten ahalegina handia izan bada ere, horren aurrean beste kontzeptu bat hasi da tokia hartzen, nabarmentzen, eta daukan ahalmena erakusten: elkarlaguntza. Pozik egoteko arrazoiak dauzka Kropotkin zaharrak bere hilobian.
Estatuak, kapitalaren jagole horrek, erakutsi nahi izan digu, berriz ere, herritarrok heldugabe eternoak garela, badaezpadakoak, hurretik zaindu, zentzatu eta zigortu beharrekoak, geure burua zaintzen ez dakigun ardurabakoak. Argudio hori entzun nuen behin eta berriz estatu-poliziala lehen minututik txalotu eta zuritzeko, lagun askoren ahotan, gero eta aho txikiagoarekin defendatzen badute ere. Merezita omen daukagu. Baina jende askok (uste hori dutenek, behintzat) ez du analisirik txikiena ere egiten. Ez du ikusten antolatuta ez dagoen herria beti izango dela haur heldugabe hori. Arauak, erabakiak, ardura guztiak kanpoko izaki abstraktu baten eskuetan uzteko hezi gaituzte txikitatik. Bakuninen esanetan, haurren hezkuntzaren helburua erabat babesgabe eta mendeko jaiotzen den gizakia askatasunerako bidean jartzea da, baina ez da horrela ezarri diguten kulturan: haurrak, eskolan oin bat jartzen duen unetik, heldugabe eterno hori izateko hezkuntza jasotzen du. Ez zaio irakasten besteekin adostasunetara iristen, ongi komuna elkarrekin bilatzen, nork bere ahotsa izaten. Ordezkariak behar dituzte, arrazoi ilunen batengatik; guztien pentsatzeko ahalmena ordeztuko duen ahots bakarra. Pieza bat izateko prestatzen dituzte. Sistemak zer behar duen, horretarako ikasi behar du haurrak. Zer behar duen erabakitzeko aukerarik izan ez duen komunitate batean. Produkzioa ez gelditzeko kontsumitzera derrigortuta dagoen gizarte batean. Produkzioa baita xedea gure sisteman, eta haren beharrizanek bultzatzen baitituzte gure ustezko hautuak.
Eta, bat-batean, iparrik gabe ikusi ditugu erabakiak gure ordez hartu behar lituzketen horiek. Zain gaude, haiek zer esango, guk zer nahi behar genukeen jakiteko. Etxean egon nahi behar genuke! Eta zigortu behar genuke etxean egon nahi ez duena! Beldurra bere uniformea jantzita, bera baita poliziarik eraginkorrena. Eta eztabaidak sortzen dira: zein dira ezinbesteko jarduera ekonomikoak? Funtsezkoa baita ekonomia hau, kapitalista, noski, honaino ekarri gaituena, munduko langileek sortutako produktuak ekoizleen euren artean zuzentasunez banatzeko gai ez dena (holakorik nahi ez duena), zuzentasuna heresiatzat duena, ez amiltzea. Ez dakigu ondo zergatik, baina hala ei da. Ez gaitezen, halako batean, kontura, gure oinarrizko premiak definitzeko erabakimenarekin batera, aspaldi utzi genituela albo batera premia horiek asetzeko jarduerak.
Eta zoratuta gabiltza, umeak etxean, haur horiek makulu izandako aitaita-amamentzat arrisku bihurtuta, ez dugulako ikasi geure bizitza antolatzen. Aspaldi ostu digutelako gure denbora antolatzeko gaitasuna. Zaintzaren garrantzia salgai bihurtu diguten bitartean, sistemak bide bakarra proposatu baitigu bizitzaren funtsa behar lukeen horri aterabidea emateko: jarduera oro soldatapeko bihurtzea. Tokitan dago soldata esklabotzarekin parekatzen zuen ideia hura, Platonek berak hain argi zeukana. Gauza guztien erantzuna da soldata… Soldata zertarako behar den ez badakigu ere. Bizitzeko, esango digute; baina bizitzeko ez dugu soldatarik behar, bizigaiak sortu eta sortzen ditugunon artean, eta sortu ezin ez, baina behar dituztenen artean banatzeko ahalmena baizik. Sortzeko denbora banatu, elkar zaintzeko denbora banatu, sortutakoa banatu. Hori bezain sinplea.
Eta horixe egoera honek daukan arriskua, agintarientzat, erabateko kontrolaren gizartearen aurrean, euren burua antolatzen hasi direlako hainbat auzo eta herritan. Auzokoak berriro ezagutzen, funtsezko premiei erreparatzen, eta kontzeptu hori, kontzeptu madarikatu eta erbesteratu hori, berreskuratzen: elkarlaguntza. Ildo horretatik doaz Auzoetatik Piztu Bilbo ekimenaren azken txioak, esaterako. Eredu txarra agintarientzat, zalantzarik gabe.
Izan ere, zer gertatuko litzateke herritarrok birus autoritarioaren kontra auto-antolakuntza txertoa garatuko bagenu? Zer gertatuko litzateke hamarkadaz hamarkada kapitalismoak inokulatu digun birus indibidualista, indartu ordez, ahuldu, eta haren kontrako sendabelarra aurkituta komunitatea indartuta aterako balitz? Gobernu eta merkatuentzat hondamendia, gauzak berriro berdinak ez izateko hazi itxaropentsua izan daitekeelako.
Horretarako, ordea, gauza bakarra behar dugu: aske izan nahia, La Boétieren mende luzeetako borondatezko morrontzak erabat hil ez badigu, behintzat (Frommi ere galdetu beharko).
Erresistentzia Kutxa da Berriak atal honi jarri dion izena, eta ezin egokiagoa izan: erresistentzia kutxa bat antolatu behar luke gizarteak (geuk), beste aukera Carlos Taibok iragarritako kolapsoa baita. Egunotan planetak berak ozenki esan digunez, naturak ere eskertuko digu sinpletasun hautaturako bidea hartzen badugu, naturak berak bide hori hartzera derrigortu baino lehen; eta borondatezko bide horren alde egiten badugu, ezinbesteko izango dugu asteotan garatzen hasi garen auto-antolakuntza txerto hori.