(Artikulu hau Independentean argitaratu zen 2020ko azaroaren 21ean).
Erabaki berria hartu du OMEk, hasieratik barregarri gertatzen zen keinua are barregarriago utziz: gure harremanak ukondoka egin beharrean, eskua bihotzean jarrita egin behar ditugu, distantzia zuhur batera, ukitu oro saihestuz. Laster, pixkanaka zabalduko den agur berriari anbiguotasun oro kentzeko, bihotza ukitu ondoren, besoa tente, eskua zeru urrunerantz luzatzea gomendatuko digute, gizateriaren patuak sortzen digun arduraren gaineko batere zalantzarik gera ez dadin; eta zintzo beteko dugu gomendio hori ere. Pozik daude dantza lotuak inoiz maite ez zituztenak, gorputzak deabruak kargatzen dituelako.
Eta, musurik gabeko normaltasun berri honetan, bakarrik eta musukorik gabe nagoenetan, eroa ni, maitasunaz hausnartzera ausartu naiz azken boladan. Azken urteetan, esango nuke, baina areagotu da nire eromena martxotik hona, batek daki zergatik.
Distantzia berriak iritsi zitzaizkigun, euskaldunon artean, beti bezain neurritsu eta diskurtsoan baino ez bada ere, maitasun libreaz, polimaitasunaz, bisexualtasunaz eta pansexualtasunaz zerbait entzuten hasiak ginenean, zerbait hori entzuteko belarriak izugarri zorroztu behar bagenituen ere. Izpiritu garbien azken gordelekua zer da, ba, gure Euskal Herri maitea. Inkisizioak aspaldi egingo zuen alde gure lurretatik, etsita eta aspertuta, gure ohitura aratzen aurrean surtarako bezerorik aurkitzen ez zuelako, egoera berri honek heresia berriak oparitu ez balizkio.
Baina, eroa ni, esaten nuenez, bezero eskainiko diet nire gorputza su berriei, musukorik gabeko musuak eskaintzera bainator, lotsagabe eta arduragabe, zibilizazioaren etsai. Izan ere, azken hogeita hamahiru urteotan -ez hasi kalkulu arriskutsuak egiten-, atzera barik aurrera baino ez du egin maitasunari buruz dudan usteak. Nerabe nintzen orduan, eta nire inguruko askok esaten zidaten eskarmentu faltagatik esaten nituela halakoak. Zer esaten nuen, ordea? Maitasunean eskuzabaltasunean sinesten nuela, eta ez jeloskerian eta posesibitatean. Maite duzun/zaituen pertsona batek ez diola uko egin behar beste pertsona batzuk/batzuek ere maitatzeari zu/k maitatzeko. Musuak ere, alegia, eskuzabal eskaini eta hartu behar direla, barka biezadate OMEk, alderdi politiko guztiek, Espainiako armadak, Guardia Zibilak, Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta balkoiko zaindari prestuek.
Esan eta izan ez dira gauza bera, ordea, eta gure Euskal Herriotan musu kontuetan nahiko zekenak izanda eta, bestalde, nire bihotz gazte eraginerrazak ere mito erromantiko batzuek jota, kutsatuta, pozoituta jarraitu zuenez luzaroan, teoriak teoria, maitasun bakar eta betikoaren bila ibili nintzen praktikan, holako maitasunak ere salbuespenetarako abaguneak aurkitzen trebeak izaten badira ere. Salbuespen adostuak eta onartuak, elkarrekiko begirunea eta zintzotasuna arau.
Hamalau urtez, beraz, ondoz ondoko harreman monogamoetan bizitzea zer den jakin dut, eta nerabetik pentsatutakoa berretsi eta nire uste eroetan finkatu, besterik ez dut egin. Are gehiago, jelosiak sentitzera iritsi, eta uste nuena baieztatu ahal izan nuenean: jelosia maitasuna itotzen duen pozoi zital bat da. Jeloskor sentitzen zarenean ez duzu maite, ezta zeure burua ere. Nork bere burua maitatzea eta besteak maitatzea gauza bat eta bera baitira, Erich Fromm dixit. Besteentzat geure buruarentzat nahi dugun bera nahi izanda baino ezin da maitatu. Beste guztia ez da maitasuna.
Arestian esan dudanez, azken urteetan hasi ziren sexuari eta generoari buruzko teorien eskutik moda berriak ere zabaltzen -hitzez eta teorian baino ez bada ere-, gauza bakoitzarekin zer esan nahi den oso argi ez egoteraino, boladan dauden teoria postmoderno gehienekin gertatu ohi denez. Argentinan egon behar, ordea, lagun baten ahotik formula magikoa entzuteko. Idazlea da bera ere, eta emakume oso berezia, zentzurik onenean, eta haren etxean nengoela, bisitan, bera egun txarrak pasatzen ari zela, maitasuna ulertzeko nire modua laburbiltzen zuen terminoa ahoskatu zuen: harreman-anarkia. Denak behar baitu izen bat, gizakion munduan. Horixe da nik beti nahi izan dudana! Harreman-anarkia! Zelan ez zitzaidan lehenago otu nik bilatzen nuenak anarkia hitza behar zuela osatzeko!
Musukorik gabeko musuen munduan bizitzeko, beraz, hauek behar lukete arau bakarrak: elkar maite duten guztien arteko askatasuna, berdintasuna, begirunea eta erantzukizuna. Askatasunez maitatu, berdintasunez maitatu, begirunez maitatu, erantzukizunez maitatu. Eta, noski, musukorik gabe maitatu.
Ez nintzateke guztiz zintzo izango, eta aringarria izan dadila Inkisizio modernoaren aurrean, aitortuko ez banu maite ditudan pertsona batzuen aurrean, eta maite ditudalako, musukoa janzten dudala eta musu asko dauzkadala garai hobeagoetarako gordeta -eta beste askotan ere bai, noski, isunak saihesteko, gogoa izan arren, kaletik biluzik ibiltzen ez naizen zio beragatik, beraz-. Askatasunaren eta berdintasunaren maila berean gogoan hartzen baititut begirunea eta erantzukizuna, eta beldurra libre? da.