Marilurlau!

(Artikulu hau Independentean argitaratu zen 2020ko azaroaren 8an)

‘Haztegia’ (2020). Collage: Yumikrum

Azken urteotan zabaltzen ari da, gero eta indar handiagoz, ezkerraren tradizio oso zaharra, kasu honetan zientzia ahalguztidunaren ahots ofizialak zalantzan jartzen duen oro barregarri utzi, estigmatizatu eta sakoneko eztabaidak saihesteko. Estrategia erraz bezain eraginkorra da, eta Marx bera dugu tradizio zahar horren iturburuetako bat. Ez zuen berak asmatu, noski, beste gauza asko legez, baina oso findu zuen oso atzetik zetorren haren erabilera.

Ez naiz antropologoa, baina beharbada lehen giza komunitateetan ere aurkituko litzateke horren aztarnaren bat, bilatuz gero. Orduan ere egongo ziren komunitateen egien autoritatea urratuko zuten lotsabakoak. Baina mendebaldeko azken mendeetako kulturetara etorrita, elizak izan ziren teknika hori erabiltzen trebeenak, bai katolikoa, bai erreformetatik sortu ziren beste eliza protestanteak ere, zein baino zein itogarriagoa, zabaldu ohi diren mito ilustratuak alde batera utzi orduko. Momentu batean, nahikoa zen “sorgina!” oihukatzea isilarazi nahi zen ahotsa mututzeko, garai haietan ez bolada baterako, betiko baizik, eta egia ofizialaren kontrako jarrerak historiaren orrialde orotatik betiko ezabatzeko. Hala erraustu ziren emakume askoren jakintza eta haien herrietan zuten itzala, besteak beste, elizen izenean ez ezik, zientziaren izenean ere askotan, “sineskeria” ororen aurkako gerran, kontakizun ofizialak zabaldu ohi duenaren kontra, bat egin baitzuten izpiritu ilustratu laikoek eta inkisidore kristauek, lehenengoak izanik gupidagabeenak maiz, Silvia Federicik ondo ikertu duenez.

Azken mendeetan, hurrenez hurren, “komunista” eta “islamista” izan dira gerra oihurik erabilienak, banako ahotsak ez ezik, herri osoenak isilarazteko eta, haien ahotsekin batera, ahal bazen, herriak eurak desagerrarazteko aitzaki. Lehenago, “judutar” erabili zuen alderdi oso ezagun batek, eta gure inguru hurbilean, “gorria”, “separatista” eta “terrorista” izan dira jendea kontzientzia garbi fusilatu, espetxeratu edota torturatzeko leloa. Ahaztu barik “espainolista” esanda isildu diren beste ahots batzuk.

Baina, pentsa daitekeenaren kontra, eta orain arte esandakotik ondoriozta daitekeenez, iritzi eta jardun deserosoak paretik kentzeko, ez dira eskuindarrak eta kapitalaren defendatzaileak etsaien karikatura barra-barra erabili duten bakarrak. Marxek ere bere anatema sortu zuen, egun arte iraun duena, norbera baino iraultzaileagoa izan daitekeen oro gutxietsi eta kredo ofizialaren jarraitzaileak disidenteen argudioen gaineko balizko interesaren aurka txertatzeko: “burges txikia” izan zen alemanaren dogmak gotortzeko oihua. Gerora, “kontrairaultzaile” ere izango zen totalitarismoen kontrako borrokalarien sarraskiak zuritzeko berba magikoa. Eta ezin dut ahaztu, noski, “gorila” entzungo duela Argentinan peronismoari kritikarik txikiena egiten dion orok.

Azken urteotan, ordea, badago guztien artean gailendu den erlijioa: ‘Zientzia’. Ezker zein eskuineko gurtzaileak dauzka, baita anarkistak ere, eta badabil ahots disidente oro isilarazteko bere txertoa fabrikatzen, pixkanaka. Seguruenik, zientifikoki aztertu dute mekanismorik eraginkorrena dela egia ofizialekin lerratzen ez direnak arrastoan sartu edo haien arrastoak ezabatzeko. Momentuz, ez da sortu berba erabatekoa, baina badaude hautagai batzuk: negazionista, txertoen aurkakoa edo antivacunas, magufoa, pseudozientifikoa (kasurik adeitsuenetan) eta, nire kutunena, marilurlau. Seguruenik, azken hori ez zenioten inori entzungo, zientziaren dogma ere, beste gauza asko legez, erderetan iristen zaigulako lehenik, azken hilotan Eusko Jaurlaritzak argi erakutsi digunez. Ezagunagoa egingo zaizue “tierraplanista” esaten badizuet, baina ez da askoz politagoa nire proposamena, euskal tradizio aratzetik sortua? Beraz, hona nire ekarpena zientziaren inkisidoreentzat: aurrerantzean, zuen edozein egia zalantzan jartzen duen edonori, izan birologo, izan epidemiologo, izan biologo, izan erizain, izan fisikari…, oihu egiozue denak batera: marilurlau! Berba magiko horrek gaitasuna izango du haien guztien kritiketan egon daitezkeen ñabardura guztiak ezabatu, eta haien ahotsak iritzi publikoaren orgian erre daitezen.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.