Osatu da hirukia

Hila amaitzen denerako osatuta geratuko da 2021ean zabaldu zen hirukia. Uzta garaia eta Katuak jandakoa eleberrien ondoren, Lurrean haziak dator bidaia amaitzera, aurrekoetan legez, Elkarren eskutik hau ere.

Ondarraten gaude, Urdaibain kokatutako herrian. Bertan bizi dira Iraultza eta Zigor bikiak. 14 urte eta ikasturte berri bat, ez haur ez heldu, nerabezaroaren zurrunbiloan. Bikiak bai, baina dizigotikoak, gurasoek ondo ezagutzen dituzten desberdintasun guztiekin. Iraultzak sen berezia dauka galdera deserosoak egin eta arazoetan sartzeko eta, purrustadaka bada ere, haren atzetik eroango du ikasketak maite dituen Zigor neba zintzoa. Zigorrek ezin du ukatu ondo pasatzen duela eta arrebaren galderak ezinegona sortzen diotela berari ere. Zer da jabetza? Zer kolore dute gure aberastasunak sortzen dituzten eskuek? Gure erabakiak inoren esku uztearen poderioz alda daiteke gizakiaren beraren muina? Nork erabakitzen du zer den zientifikoa? Neutrala da zientzia? Zer ondorio utzi du gure herriak beste herri batzuetan? Amaitu dira kolonizazioa, esklabotza, lurren lapurretak? Jende zuzenarekin topo egiteak ez dakar berez ondorio onik. Edo agian bai. Hiru nobela ez dira aski erantzuteko.

Gaztaroa dena ikasi dugula uste eta galderak egiteari uztea erabakitzen dugunean amaitzen da. Bilduma hau, beraz, inguratzen duten munduaz galderak egiteari utzi ez dioten gazteentzat da. Zeuk ikusi adin horretan zauden.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.