Mundu mailako espetxealdia ez da gauza berria, beti bizi izan gara zaintzapeko askatasun murriztuan, eta iaztik hona aldatu den bakarra ‘murriztu‘ horretan datza. Zaintzapeko askatasun are murriztuagoan eman dugu urte bat baino gehiago. Dena gobernatzen ei duen ipar hemisferio honetan, udaberri-uda-udazken-negu ziklo osoa beteta eta bigarrenean sartuta. Eta eskubideak ematen eta kentzen diguten zerbait badira ere, oraindik geratzen zaizkigu inori baimenik eskatu gabe egin ditzakegunak. Nire kasuan, idaztea da horietako bat, edozein unetan hori ere eskubide kengarria izan daitekeela jakin arren.
Hausnarketak alde batera utzi, eta udaberri honetako fruituen berri eman nahi nuen. Alde batetik, apirilaren 22an nire lehenengo poema bilduma argitaratu du Booktegik, Denboran zatika izenekoa. Ama-orez egindako ogi baten antzera, luzaroan harrotzen utzitako ekoizpena, laurogeita hamarren hastapenetatik hona, alajaina. Nire poesiarako abiadura ikusita, pentsa daiteke hil baino lehen osatuko dudala beste poema bilduma bat, agian. Edozelan ere, hor daude poemak doan jaitsi, irakurri eta, ahal dela, haiek iradokitakoari jarraiki hausnartu eta gozatzeko.
Bigarrena etortzeko dago, eta bera ere ziklo bat ixtera dator, ez hain luzea, ordea. Malthusen ezinegona eleberria 2005ean Karontek hasi eta 2018an Bioklikek jarraitutako bidea osatzera dator, zientzia fikziozko ziklo distopikoa. Zeinek bere istorioa kontatuta, hari ikusezin batek lotzen ditu hiru nobelak, urratsak dira, gizarte eredu baten eraikuntzan. Badirudi, gainera, Biokliken aipatzen den bigarren krisialdia zintzo eta puntual iritsi dela hitzordura, eta aipatzen nuen zaintzapeko askatasun murriztu areagotu hau ere ezinbesteko kate-begia dela Malthusek 2222an ezagutuko duen mundura iristeko. Nork esango zidan amesgaiztorik ilunenak betetzen ikusiko nituela. Eskerrak 2222ra ametsetan ere iritsiko ez naizena!